Sei urteko lanaren fruitua da Sareak ehotzen liburua. Nafarroako Gobernuak argitaratu du, urteetako isiltasunari akabera emanez. Emaitzarekin pozik dago Kowasch (Iruñea, 1990).
Nola abiatu zen proiektua?
Orain dela sei urte hasi nintzen gai honetan sakontzen. Genero ikasketetako titulu bat ari nintzen egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Ezkabako emakumeen gaia proposatu nuen proiektu gisa. Zenbait elkarrizketa prestatu nituen, eta orduantxe ezagutu nuen Petra Irigoien, Ezkabako sarean ibilitako 106 urteko iruindarra. Hari horretatik tiraka, beste hainbat andreren kontaktuak lortu nituen, eta, konturatu orduko, espero baino askoz lagin handiagoa neukan esku artean. Mamia zegoela konturatu nintzen, eta ikertzen segitzea erabaki nuen... liburua argitaratu arte. Urteetako lan mardula izan da.
Arazorik izan al duzu informazioa topatzeko?
Artxibo ofizialetan, adibidez, oso zaila izan da ezer topatzea. Apenas dagoen emakumeen inguruko informaziorik. Ez dira paperetan azaltzen. Elkarteetan, ordea, bai: Nazioarteko Laguntza Gorria, Emakume Abertzale Batza eta gisa horretako erakundeetan propio azaltzen dira emakumezko militanteen zerrendak. Ezkabako kasuari dagokionez, informazio osoena Iruñeko kartzelako artxiboan dago, baina ez da publikoa. Zehazki, kartzelako bisita liburuaren bila nabil aspalditik, hor azaltzen baita presoak bisitatzera joaten zirenen informazio guztia: zenbat emakume ziren, nola zuten izena, nondik zetozen... Behin baino gehiagotan eskatu dut dokumentazio hori, baina ezezkoa eman didate beti. Ez omen da existitzen.
Emakume horien historia ezabatzeko ahalegina dirudi...
Hala da, bai. Aurkitu dudan agiri interesgarri bakarra Espainiako Defentsa Ministerioaren artxiboetan dago. 500 orrialdeko txostena da, eta hor daude hainbat atxiloturen deklarazioak, datuak eta abar. Horri esker jakin ahal izan nuen, adibidez, 1938. urtean sarekada egin zutela militarrek Iruñeko Katatxu tabernan. Gizonei leporatu zieten hainbat iheslariri muga zeharkatzeko laguntza eman izana; emakumeen delitua, berriz, Ezkabako kartzelara igotzea zen. Txostenaren bukaeran, gainera, zortzi zilarrezko txanpon zituen gutun-azal bat aurkitu nuen. Antza, atxilotuetako baten amonari kendu zizkieten militarrek. Koltxoi azpian zituen gordeak. Debekatuak zeuden, 1937ko Eusko Jaurlaritzaren armarria zeukatelako irarrita. Horiek berreskuratzeko borrokan ari da familia orain. Dena den, militarren artxiboko pasadizoa salbuespena da. Normalean, apenas gertatzen den halakorik. Nik neuk ere informazio lagin handienak ez nituen artxiboetatik atera, zuzeneko elkarrizketa eta testigantzen bidez baizik.
Istorio hunkigarri asko bildu dituzu liburuan...
Bai, istorio guztiak ezberdinak dira. Emakume batzuen bizipen pertsonalak zirraragarriak dira; baina beste askorenak, hain bereziak ez izanagatik, izugarri interesgarriak dira, informazio asko ematen digutelako. Izan ere, andre batzuek datu asko bildu zituzten, eta egiten zutenaren erregistro idatzia utzi zuten: presoei eginiko bisitak, garbitzen zuten arropa, erosten zituzten lehengaiak, bilerak... Oso baliagarria izan da material hori. Beste kasu askotan, ordea, beldurra nabaritu dut: emakume askok ez zuten hitz egin nahi, edota, hitz egiteko prest azaldu arren, azken unean atzera egin eta ez zuten liburuan agertu nahi. Oso hedatua dago beldur hori oraindik ere.
Jazarpen frankistak arrastoa utzi duen seinale...
Bai, larruazalean markatua dute. Ezkabako laguntza sareak osatu zituzten emakumeen kasuan bizitza osorako estigma izan zen hura. Presoen senideak izanda, betoa ezarria zuten lana aurkitzeko eta beste hainbat gauzatarako. Kanpoko emakume asko Iruñera etorri ziren bizitzera, aita, senarra edo beste senide bat Ezkaban preso zutelako, eta erregimen frankistak oso gertutik kontrolatzen zituen. Horri gehitu behar zaizkio etenik gabeko umiliazioak. Deuseztatu egiten zituzten.
Zeintzuk ziren jazarpen horren ezaugarri nagusiak?
Emakumeei ezarritako zigorrek gizonen aurkakoek baino izaera sinbolikoagoa zuten. Sozialagoa. Beste aldeko emakumeak umiliatuta erakustea interesatzen zitzaion frankismoari: jipoituak, bortxatuak... Botere erakustaldi publikoa zen. Beste aldean, berriz, errepublikazaleen bandoan, ohikoa zen andreak fusil batekin irudikatzea. Nik liburuan izkin egin nahi izan diot dikotomia horri: ez ditut andreak biktima gisa irudikatu nahi izan, ezta militante armatu gisa ere.
Zergatik ez?
Bada, frontean borrokatu gabe ere alimaleko lana egin zuten andre horien bizitza islatu nahi izan dudalako, batez ere. Emakume gehienak ez zituzten hil, ez ziren martiriak izan, ezta soldaduak ere. Bestelako militantzia bat izan zen eurena. Ezkabako laguntza sareak osatu zituzten emakumeek rol propioa zuten: euren familia aurrera atera zuten, lan egin zuten, eta, gainera, militante aktiboak izan ziren. Horrekin ez dut esan nahi jazarpena bortitza izan ez zenik. Drama handiak ikusi ditut. Baina kasu hauetan, drama hori zati bat besterik ez da protagonisten bizitzan; biktima izateak ez du estali bakoitzaren militantzia, ibilbide pertsonala eta historian izan zuten garrantzia.
Frankismoa. Emakumeen lekua. Amaia Kowasch. Aranzadiko ikerlaria
«Frankismoko beldurra oso hedatua dago oraindik ere»
Ezkabako Alfontso XII.a gotorlekuan preso ziren errepublikano eta abertzaleei laguntza emateko sareak ez dira ezagunak izan Amaia Kowasch ikerlariak argitara atera dituen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu