Frankismoko azkenek ez dute etsiko

Azpeitiko Auzitegiak ez du tramiterako onartu Angel Otaegiren fusilatzearen erantzuleen aurkako kereila. Abokatuek ez dute baztertzen Argentinara jotzea

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusina eta Mikel Elortza abokatua, atzo. J. C. RUIZ / ARP.
jokin sagarzazu
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Azpeitiko Auzitegiak (Gipuzkoa) ez du tramiterako onartu Angel Otaegiren hilketa ikertzeko kereila kriminala. Gertakizunak preskribatuta daudela argudiatu du, eta Espainiako Amnistiaren Legea (1977. urtekoa) dela-eta ezin duela ikertu. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Mikel Elortza abokatuak jarri zuten kereila, familiaren izenean, Otaegi hil zuteneko 41. urteurrenean, frankismoko azken fusilatzeen erantzukizuna izan eta bizirik dauden hainbat ministroren aurka. Otaegirekin batera, 1975eko irailaren 27an hil zituzten Joan Paredes Manot Txiki —hura ere ETAko politiko militarreko kidea— eta FRAP erakundeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena.

Otaegiren familiak ez du amore emango, ez dago konforme auzitegiak emandako argudioekin, eta dagoeneko helegitea jarria du Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Espainiako auzitegietako bidea agortuko balute, eta senideek hala erabakiko balute, Argentinako Justiziara jotzeko aukera ere ez dute baztertzen abokatuek —han ari dira ikertzen frankismo garaiko zenbait kasu—.

Etxeberriak, Elortzak eta Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak agerraldia egin zuten atzo Azpeitiko Nuarbe auzoan, Otaegi jaio zen etxearen aurrean. Urtuzagak salatu du Otaegiren kasuan ez dela justiziarik egin eta «egia ezagutzeko eskubidea» ukatzen ari zaizkiola familiari: «Ez digute bere garaiko epaiketako paperik ere ematen».

Bi folio

Elortzak azaldu duenez, epaitegiak «bi foliotan» eta «hainbat kasutan erabilitako arrazoi berberak erabilita» argudiatu du bere erabakia, eta ez dio salaketaren muinari heldu. Abokatuak azpimarratu duenez, nazioarteko legediaren arabera, gizateriaren aurkako krimenek ez dute preskribatzen, eta Otaegiren kasua bide horretatik iker daiteke. Gogoratu du, halaber, Amnistia Legea Espainiako Konstituzioaren aurrekoa dela, eta, zenbait legelariren ustez, konstituzioak berak indargabetu dezakeela.

Era berean, azaldu du kasuak zenbait berezitasun dituela, eta salaketaren bidez horiek argitu daitezkeela. Batetik, sumarioa «ofizialki desagertuta» dago.«Beraz, argitu daiteke galduta dagoen edo ez, edo benetan non duten gordea dokumentazioa». Eta, bestetik, gogoratu du inoiz ez dela gertatutakoari buruzko testigantzarik jaso. «Lehen aldiz egin daiteke hori».

Familiaz gain, Azpeitiko Udala ere ari da parte hartzen auzian. Urrian eginiko udalbatza batean aho batez onartu zuen diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimenak salatzeko nazio mailako zein nazioarteko auzibideekin bat egitea, eta bide horretatik joko duela jakinarazi du Etxeberria alkateak: «Gure elkartasuna ez da irailaren 27an hasten eta bukatzen, benetako elkartasuna eta laguntza zor diegu otaegitarrei, eta ematen diegu. Udala kasuan pertsonatuko da, eta, Argentinara joan behar badugu, joango gara. Horretarako, gure baliabide eta babes osoa emango diogu familiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.