Frankismoko arrasto biziak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kaleetan dauden aztarna frankisten bilduma bat egin du Jaurlaritzak: milatik gora aurkitu dituzteLantalde bat sortuko dute Jaurlaritzak eta Eudelek, ikurrak-eta nola kendu aztertzeko

Derioko hilerrian, frankisten aldeko hiru monumentu eta kripta bat daude gaur egun. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bistan egon dira, baina ikusezin, edo ezikusia eginda. Frankismo garaiko milatik gora aztarna aurkitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kaleetan, Eusko Jaurlaritzak aginduta egin duten bilduma batean. Hiru herrialdeetako herririk handienetan egin dute ikerketa, eta zenbaki esanguratsuak lortu dituzte:1.128 etxebizitzatan daude frankismo garaiko ikurrak, 33 oroitarri zutik daude oraindik, eta 68 kalek daramatzate frankistak goraipatzeko izenak. Jaurlaritzak jakinarazi du batzorde bat osatuko duela Eudelekin, kaleetako aztarna horiekin zer egin erabakitzeko.

Aurten beteko dira bost urte Memoria Historikoaren Legea onartu zuela Espainiako Kongresuak; eraikin publikoetatik frankismoko ikurrak kendu egin behar direla dio lege horrek. Hori betetzeko lehen urratsa da zerrenda egitea. Aztertu gabeko herrietako datuekin osatzea falta da.

1. Ikurrak eta oroitarriak

Frankismoko aztarnen txostenean, kopururik txikiena osatzen dute ikurrek eta oroitarriek, baina horiek dira adierazgarrienak. Ezagunenak ere badira: besteak beste, Bilboko Moyua plazako armarria, eta Gasteizko katedral berrikoa. Badira gehiago, ordea:33, guztira. Araban daude gehienak, baita Gasteiztik kanpo ere. Legution, Laguardian eta Lantaronen, adibidez, zenbait gurutze eta monumentu dituzte 36ko gerran frankisten alde borrokatzen ari zirela hildakoak gogoratzeko.

Mendiguneetan daude horietako asko, eta maiz oharkabean pasatu dira. Gipuzkoan, Andoainen, Buruntza eta Belkoain mendietan dauden bi gurutzeak gerra ondorengoak dira, frankisten omenez jarritakoak; osorik daude, eta haietako batean ikurrin bat ere badago. Elgoibarren (Gipuzkoa) ere gurutze bat dago mendigunean, Morkaikon, eta Eibarren (Gipuzkoa) ere bai, Akondian. Bietan kenduta dauzkate frankistak goraipatzeko plakak; gurutzeak soilik daude zutik gaur egun.

Mendiguneetatik kanpo ere badira halakoak. Gipuzkoan, Oiartzungo (Gipuzkoa) hilerrikoa da nabarmentzekoa: Francoren alde hildako herritarren omenezko horma bat daukate; haien izenekin batera, Jose Antonio Primo de Rivera diktadorearena dago zizelkatuta. Ondarroan (Bizkaia) ere badaude halako monumentu pare bat: Francoren aldeko Baleares ontzian hildako herritarren omenezko gurutze bat eta aldare bat.

Askoz garranditsuagoa da, halere, Derioko (Bizkaia) hilerrikoa: kripta bat eta hiru monumentu daude, Francoren alde hildakoen omenezkoak. Zainduta daude, lore eta guzti. Ez da halako monumentu handi bakarra Hegoaldean: Iruñean, Erorien Monumentua dago; han daude Mola eta San Jurjo jeneral frankisten hobiak.

2. Kaleetako izenak

Azken urteetan kaleen izendegitik frankisten izenak kentzen aritu badira ere, dozenaka daude oraindik. Basauri (Bizkaia), Mutriku (Gipuzkoa) eta Irun (Gipuzkoa) dira buruan. Donostian ez dute oroitarririk aurkitu, baina bai dozenaka kale izen. Militarren izena ez duten kale batzuk ere lotu dituzte frankismoarekin. Herri askotan daude Nafarroa kaleak. Txostena egin duten historialariek frogatu dute maizgerra ostean jarri zietela izen hori, Nafarroako tropek Francoren alde egin zutela goratzeko.

3. Etxeetako plakak

Kale izenen eta oroitarrien gainetik, etxebizitzetan dauden plakak dira gaur egun frankismoaren gogoragarri: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.128 etxetan aurkitu dituzte, eta ikerketak dio beste asko eta askotan daudela. Hiriburuetan eta industria garatu zen herrietan daude asko: Bizkaiko Ezkerraldean, Donostiatik barnealdera eta Arrasate aldean. Etxebizitza Ministerioko eta frankismoko sindikatuko ikurrak dira.

Ezabatzen ere ari dira, hala ere.Gernikan eta Bermeon (Bizkaia) eta Ordizian eta Beasainen (Gipuzkoa) ez dute arrastorik topatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.