1936ko irailaren 18an hil zuten tropa frankistek Teodoro Olarte Arabako Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakaria, beste bi diputaturekin batera. 88 urte igaro dira egun hartatik, eta, urtemuga horren harira, lore eskaintza egin dute frankismoak Araban errepresaliatu eta hildakoen omenez. Gasteizen egin dute ekitaldia, In Memoriam monolitoaren aurrean, Probintzia plazako Argi basoa eskultura multzoan.
Ekitaldian parte hartu dute erakundeetako eta biktimen elkarteetako ordezkariek. Han izan dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua. Baita udaletako, kuadrilletako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak ere.
Erakunde publikoek duten «zilegitasuna» defendatu du Gonzalezek ekitaldian, «eskuin muturra gelditzeko» bide gisa: «Eskuin muturra Europan berriro indartzen ari den honetan —duela ez asko Alemanian ikusi dugun bezala—, uste dut oso garrantzitsua dela erakundeen legitimitatea defendatzea, erakundeen zilegitasun hori tresna oso indartsua baita eskuin muturra geldiarazteko».
Horregatik, eragile politiko guztiei dei egin die, «erakundeen legitimitate instituzionala eta haiek egiten duten lanaren zilegitasuna» defenda ditzaten. Eta eztabaidaren eta konfrontazioaren «tonua apaltzeko» eskatu die, argudiatuta populismoa eta eskuin muturra hauspotzen direla horien bitartez. «Beharrezkoa da populismora hurbiltzen diren jarrerak alde batera utzi eta elkarrekin saiatzea erakunde demokratikoei eta eztabaida demokratikoari prestigioa ematen. Uste dut hori dela modurik onena Europa hondatzen ari diren populismoei eta gero eta indartsuago dagoen eskuin muturrari aurre egiteko».
Era berean, Gonzalezek txalotu egin du asteon Gasteizen azken ikur frankista kendu izana, eta halako «urrats gehiago» egitera deitu du.