Frankismoaren biktimak omendu ditu Eusko Jaurlaritzak

Nerea Melgosa sailburuak iragarri du Memoria Historikoaren Euskal Legea garatzen ari direla.

Gasteizko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuk, gaur, frankismo garaiko biktimen omenaldian, Gasteizen. IREKIA
Gasteizko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuk, gaur, frankismo garaiko biktimen omenaldian, Gasteizen. IREKIA
nerea intxausti
2024ko apirilaren 2a
15:30
Entzun

Frankismo garaiko biktimak omendu dituzte Gasteizko Isiltasunean oihuka eskulturaren ondoan, gaur, Frankismoaren Biktimak Oroitzeko eta Aitortzeko Egunean. Eusko Jaurlaritzako eta Arabako hainbat ordezkari instituzionalek hartu dute parte, eta bertan izan da Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere. 

Loreak jarri, eta minutu bateko isilunea egin dute 1936ko estatu kolpearen ondoren exekutatu zituztenen omenez. Urte hartako martxoaren 31n Azazetako mendatean, Lizarrarako errepidean (Nafarroa) hildakoak gogoratu dituzte: falangista talde batek fusilatutako Teodoro Gonzalez de Zarate alkate gasteiztarra eta Emilio Mola jeneral kolpistaren aginduz atxilotutako beste hamabost lagun.

Melgosa sailburuak esan du indarkeria ekintza guztiak salatu behar direla, eta hori oso argi izan behar dutela belaunaldi berriek ere: «Heriotzak, indarkeriak, konfiskazioak eta mehatxuak ez ezik, gerra bitartean eta aurretik gertatutakoak ere kondenatu daitezke». 

Memoria historikoaren legea

«Indarkeriazko ekintzek eragindako mina, gorrotoa eta konfrontazioa» saihesteko Memoria Historikoaren Euskal Legea garatzen ari direla iragarri du sailburuak. Biktimei erreparazioa emateko, errolda bat eta DNA banku bat abiatuko dute. Bestalde, lantalde zientifiko bat sortuko du Jaurlaritzak, Gogora institutuaren bitartez, giza eskubideen urraketak ikertzeko, eta laguntza juridikorako baliabideak eskainiko dizkie urraketa horien biktimei. Era berean, aurreikusten du isunak jartzea frankismoa goratzeagatik edota «ikerketarako eta egia argitzeko dokumentuak» ezkutatu edo suntsitzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.