Antonio Ferrer Molinaren gorpuzkiak itzuli dizkie Nafarroako Memoriaren Institutuak senideei, Aranzadirekin lankidetzan. Ferrer Carcaixetekoa zen (Valentzia, Herrialde Katalanak). CNTko militantea zen. 1941ean epaitu zuten, eta hogei urtera zigortu, matxinada militarra egotzita. Tuberkulosia zuen, eta 1944ko martxoaren 17an San Kristobalgo gotorlekuan giltzapetu zuten. Maiatzean hil zen, eta Botilen Hilerrian lurperatu zuten.
Antonio Ferrerren gorpuzkiak Consuelo Ferrer Alcoyk jaso zituen, alabak, Nafarroako Memoriaren institutuaren eskutik.
1942tik 1945era 131 gorpu ehortzi zituzten Botilen Hilerrian; tuberkulosia jota hildakoak ziren gehienak. Ezkaba mendiaren mendebaldera eraiki zuten hilerri hura. Elikagai eskasiak, hezetasunak, hotzak eta zikinkeriak heriotzak ugaritzea ekarri zutela diote adituek, batez ere, gaitz infekziosoen eraginez. Preso ziren gehienak gazteak ziren, eta baldintza egokietan ez lukete zertan gaitzik jasan, ikerlarien arabera.
2007an Aranzadik, Txinparta-Memoria kolektiboaren San Kristobalgo gotorlekuko sarea eta Nafarroako fusilatuen senideen elkarteak sustatuta hasi ziren Ezkabako gotorlekuaren ingurua arakatzen, han senideak zituztenak nortzuk ziren atzeman eta desobiratzeko. 2007an bost gorpuzki desobiratu zituzten, 2010ean 37, eta 2012an beste bi eta 2013an beste bat. Guztiak senideen baimenarekin desobiratu zituzten, eta gorpuzkiak haien esku utzi zituzten.
Nafarroako Memoriaren Institutuak dei egin die frankismoan senideren bat galdu zutenei lagin genetikoak uztera, identifikazio gehiago egin ahal izan ditzaten.