Frankismoak milatik gora herritarren ondasunak ebatsi zituen Nafarroan

1936 eta 1966 bitartean jazarpen ekonomikoa pairatu zutenen errolda osatu du Nafarroako Gobernuak. Auzia ikertzen segitzeko asmoa agertu dute

Ana Ollo kontseilaria, eta Josemi Gaston eta Cesar Layana, Memoriaren Institutuko arduradunak, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Fusilamendu, kartzelatze, tortura eta beste hainbat zigorrez gainera, erregimen frankistak bestelako jazarpen mota bat ere ezarri zien 1936ko gerra galdu zutenei: errepresio ekonomikoa. Hala, errepublikazaleen aurkako enbargoak, ondasunen besterentzea eta diru zehapenak ohiko bihurtu ziren gerra garaian, baina baita diktadura frankistak iraun zuen bitartean ere. Nafarroako Gobernuak jazarpen hori azaleratzeko ahalegina egin du, 1936 eta 1966 bitartean jazarpen ekonomikoa pairatu zutenen behin-behineko errolda onduta.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak aurkeztu zuen egitasmoa, atzo. Ondasunen Konfiskaziorako Probintzia Batzordeak eta Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualde Auzitegiak Nafarroan bizi ziren 1.012 gizon eta 74 emakumeren aurka irekitako espedienteetako datu pertsonalak eta gertaera nagusiak jasotzen dira behin-behineko errolda horretan. Zer lapurtu zieten, noiz eta zergatik.

Kontseilariak atzoko agerraldian adierazi zuenez, «Nafarroako Gobernuak beste urrats bat egin nahi du memoriaren politika publikoen konpromisoan, erregimen frankistak inpunitatez gauzatutako giza eskubideen bortxaketa larrien biktimek eskubidea baitute egia jakiteko». Ollok gaineratu zuen errolda «kontsulta tresna garrantzitsua» izanen dela, bai militar kolpisten indarkeria ikertu nahi dutenentzat, baita jazarriak izan zirenen familientzat ere. «Errolda honek gordin-gordin erakusten du nola jardun zen frankismoa garaituekin, enbargo, zehapen eta izapide motelen bidez, eta zigor larriak ezarri zizkien jada beste errepresio mota batzuk jasan zituzten ehunka laguni».

Espainiako Kongresuan tramitatzen ari den Memoria Demokratikoaren lege proiektua ere aipagai izan zuen Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Haren irudiko, «aukera paregabea da» zigor eta kondena frankisten baliogabetze formala gainditzeko: «Biktimei ordain ekonomikoa emateko formulak diseinatu behar dira, aintzatespen eta aitortza pertsonalaren esparruaz harago».

Indarkeria «ezezaguna»

Ollorekin batera, aurkezpenean parte hartu zuten Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari Josemi Gastonek eta institutuko Dokumentazio Zentroko arduradun Cesar Layanak. Gastonek azaldu zuenez, errepresio ekonomikoaren inguruan eginiko ikerketa bat erabili dute errolda garatzeko. Zuzendariak gogorarazi zuen errepresio ekonomikoa «matxinatuen indarkeriak hartutako beste forma bat» izan zela: «Indarkeria mota ezezagunenetako bat».

Hain zuzen, jazarpen mota horren gainean informazio gutxi dagoenez, dei egin zien halako zigorren frogak edo agiriak gordeta dituztenei, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jar daitezen, eta [email protected] helbide elektronikoaren bidez ikerketa lerro horretan sakonduko dutela iragarri zuen Gastonek, «zigor ekonomikoen arrastoa sakonago ezagutzeko eta espoliazio praktikekin zerikusia izan dezaketen jabetza aldaketak ikertzeko».

Layanak gaineratu zuen jazarpen ekonomikoak «hamaika aurpegi» izan zituela: «Harrapaketa, konfiskazio eta isun forma hartu zuen hasieran, eta, geroago, legezkotasun itxura eman nahi izan zioten, 108. dekretuaren eta Erantzukizun Politikoen Legearen pean irekitako espedienteen bidez». Erroldan jasotako errepublikazaleei, esate baterako, ia 50 milioi pezetako zigor ekonomikoak ezarri zizkieten [300.000 euro], eta horrek «kalte ekonomiko oso larria» eragin zien. Fitxa pertsonal bakoitzean espedienteak, epaiak, errekurtsoak eta indultuak kontsultatzeko iturriak eta artxiboak zehazten dira, besteak beste.

Errolda osoa publikoa da, eta ikusgai dago Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean: https://pazyconvivencia.navarra.es/eu/memoria/errepresio-ekonomikoaren-errolda helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.