Uztailaren 18a

Frankismoak duen inpunitatea gaitzetsi dute Gasteizen, 1936ko estatu kolpearen urteurrenean

Gaur 85 urte bete dira faxistek Espainian eta Hego Euskal Herrian estatu kolpea jo zutenetik. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazpen bateratua irakurri dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deitutako elkarretaratzea, gaur, Gasteizen. EH BILDU
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 18a
20:17
Entzun

Faxistek 1936ko uztailaren 18an jo zuten Francisco Franco Espainiako estatuburu bilakatu zuen estatu kolpea, duela 85 urte. Gaur, Gasteizen elkarretaratzea egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deituta, gogorarazteko «oraindik ere ordaintzen ari garela egindako atzerapauso hura»: «Estatu kolpe hark milaka pertsona erail, zauritu, espetxeratu edota erbesteratzeaz gain, isunak eta konfiskazioak eragin zituen, baita gosetea, miseria eta suntsipena ere».

Frankistek 85 urte geroago duten zigorgabetasuna salatu dute, erregimen haren krimenak zigortu gabe daudelako, oraindik milaka lagunek ez dituztelako euren senideen gorpuak aurkitu, eta ez delako egia osoa ezagutzen. Irakurri duten oharrean, esan dute Espainiako Gobernuak onartu zuen motz geratzen dela Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua , baina «hainbat gaitan» aurrerapausoak eman direla ere gehitu dute.

Hainbat aldarrikapen egin dituzte, euren arabera, nazioarteko irizpideetara egokitutakoak: «egia ofizial eta kolektibo bat» sustatu behar dela esan dute, 1977ko Amnistia Legea indargabetu behar dela, biktimei erreparazioa eman behar zaiela, eta genero ikuspegia txertatu behar dela, besteak beste. Eusko Jaurlaritzari, berriz, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen eztabaidari eta tramitazioari berrekiteko eskatu diote.

Amaitzeko, herritarrei dei egin diete «abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikanoek defendatu zituzten memoria eta balioak berreskuratzeko eta bultzatzeko», krisi sozioekonomiko berri baten aurrean «ondorioak betikoek ordain ez ditzaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.