Frankismo aldiko ikurren inguruan ez du ikerketarik hasiko fiskaltzak

Memoria historikoaren legea pixkanaka ari dira betetzen erakundeak, Kalparsoro fiskalburuak dioenez.Plataformaren salaketa ez du onartu

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ia zortzi urte joan dira memoria historikoaren legea onartu zutenetik, baina oraindik ere frankismo garaiaren aztarnak oso bistakoak dira kale izenetan, eraikinetako sinboloetan eta bestelakoetan. Legea onartu zutenetik denbora igaro arren erakundeek ez dutelakoan neurririk hartu, salaketa jarri zuen Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformak. Ezetz erantzun dio, ordea, EAEko fiskal nagusiak Juan Kalparsorok. Ez du ikerketarik hasiko, uste baitu erakundeak ari direla pixkanaka ekiten. «Atzerapenez bada ere, legea betetzeko neurriak hartzen ari dira». Artxibatu egin du salaketa.

Iazko uztailean jaso zuen eskaria Kalparsorok, frankismoaren kontrako taldeekin bildu eta gero. Bereziki kaleetako ikur frankistei buruz egin zuten salaketa, eta zerrenda bat ere osatu zuten. Legea oso da argia gai horri dagokionez: kendu egin behar dira altxamendu faxista, 36ko gerra edo frankismoa garaia goraipatzeko ikur guztiak. Asko falta dira oraindik.

Salaketa jasota, Eusko Jaurlaritzari iritzia eskatu zion fiskalak, eta hark erantzun zion neurri batzuk hartzen ari dela: katalogo bat egin du ikurrei buruz, eta udalei gutun bat bidali die ekiteko eskatuz. Horretan jarraitzeko asmoa agertu du txostenean gobernuak.

Hori ikusita, auzibiderik ez zabaltzea erabaki du fiskalak. Artxibatu egin du salaketa behin-behinean, nahiz iragarri duen erakundeen lana gainbegiratuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.