Francoren esklaboen lanak

Nafarroan eta Gipuzkoan frankismoko gerra presoek eraiki zituzten eta gaur egun erabiltzen diren sei errepide daude.

2007ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Francoren gerrako gatibu errepublikanoek sei errepide eraiki zituzten Pirinioen inguruan 1939-1945. urteen bitartean: Erronkari-Bidankoze-Igari errepidea, Lezo-Jaizkibel, Erlaizkoa (Irun-Oiartzun), Aritxulegikoa (Lesaka-Oiartzun), Irurita-Eugikoa eta Iragi-Egozkue errepidea. Memoriaren Bideak eta Geronimo Uztariz Institutuak 1936ko gerra ondoko urte horietan egindako lanen eta bertan egon ziren langileen batailoiei buruzko hainbat datu bildu dituzte, eta erakusketa ibiltari bat antolatu dute.

Esklabutza frankismoan: errepideak eta fortifikazioak Mendebaldeko Pirinioan deituriko erakusketa, besteak beste, Euskal Herriko Pirinioetako hainbat herritan, NUPen eta bigarren hezkuntzako institutuetan jarriko dute. Erakusketan, Erronkari-Bidankoze-Igari errepideko langileen batailoien lanak abiapuntutzat hartuta, batailoi horiek Euskal Herrian egindako lanei eta presoei buruzko informazioa bildu dute.

1936ko gerra amaitzear zegoenean, Francok uste zuen Frantzia errepublikaren alde gerran sartuko zela. Hori saihesteko, 1938tik aurrera, Hego Euskal Herria eta Ipar Euskal Herria banatzen dituen mugan gotortze lanak egiteari ekin zion Francoren armadak. Arrazoi horregatik, Irundik (Gipuzkoa) Izabaraino (Nafarroa) hainbat gotorleku, metrailadore kabi eta lur azpiko kuartel eraiki zituzten. Eta aipatutako errepide eta mendi bide horiek testuinguru horretan kokatu behar dira; izan ere, militarrek beren komunikazioak errazteko egin baitzituzten.

Francoren Espainiak lehenik Frantziarekin eta ondoren aliatuekin (II. Mundu Gerraren ondoren) gerrarik izan ez zuenez, eraikitako gotorlekuak ez ziren inoiz erabili, eta mendietan ezkutatuak eta ahaztuak egon dira orain arte. Baina, errepideak, aldiz, herritarrek batetik bestera mugitzeko erabili izan dituzte, eta erakusketarekin, Memoriaren Bideak elkartekoek errepideen jatorria gogorazi dute.

Preso horiek errepublikaren aldekoak edota haren armadako kideak ziren batez ere. Errepublikari leialak izan zitzaizkionez, eginiko kaltea gatibu lanaren bitartezordaindu behar izan zuten. Hala, historialariek uste dute 1939. eta 1945. urte artean Mendebaldeko Pirinioetan 15.000 gerra gatibu aritu zirela errepideak eta gotortze lanak egiten.



MILAKA PRESO LANEAN. Edurne Beaumont eta Fernando Mendiola historialariek Erronkari-Bidankoze-Igari errepidearen eraikitze lanak aztertu zituzten Esclavos del franquismo en el Pirineo liburuan (Txalaparta, 2006). Bi historialarien lanak agerian utzi du beraiek aztertutakoa ez dela kasu bakana, eta gerrako presoek egindako hainbat errepide daudela Euskal Herrian.

Hala ere, gatibuek ez zituzten errepideak bakarrik egin. Erakusketan bildu duten informazioaren arabera, preso errepublikanoek trenbideak, zubiak eta ubideak ere eraiki zituzten.

Pirinio inguruko errepideei dagokienez, Gipuzkoan eta horko mugan hiru errepide eraiki zituzten gerrako presoek. Lezo eta Jaizkibel mendia lotzen dituen errepideak (GI-3440) zortzi kilometroko luzera du, eta ez dago zehazterik zenbat langile aritu ziren bertan lanean behartuta. Baina 1942ko uztailean lanera behartutako presoen 38. eta 94. batailoiak bertan aritu ziren lanean, eta beren kanpalekuak Errenterian eta Lezon zituztela baieztatu dute historialariek.

Erlaizko mendi errepideak Irungo Meaka auzoa eta Oiartzungo Ergoiena auzoa lotzen ditu (GI-3454). Hamaika kilometro inguru ditu bideak, eta aurreko kasuan bezala, ez dago zehazterik zenbat langile ibili ziren bertan lanean. Aritxulegitik barna doan errepideak, berria, Oiartzun eta Lesaka herriak lotzen ditu. Nafarroan, NA-4000 izena hartzen du bideak, eta Gipuzkoan, berriz, GI-3420. Errepideak 22 kilometro ditu, eta 4.000 presoren artean egin zuten.

Bestalde, aipatzekoak dira Nafarroan presoek eraikitako beste bi errepide eta mendiko bide. Irurita eta Eugiren artekoak (N-174) 28 kilometroko luzera du, eta gutxi gorabehera mila langile aritu ziren lanean. Errepide horretan langileen lehen eta 18. batailoiak aritu zirela lanean berretsi dute historialariek. Iragi eta Egozkue herrien artean ere lanean ibili ziren langileen batailoiak, eta bi herrien artean dagoen NA-2520 errepidea eraiki zuten. Bi mila langile inguruk sei kilometroko tartea duen errepidea egin zuten. Egun ez dago Erronkari-Bidankoze-Igari lotzen dituen autoentzako errepiderik, baina garai hartan 12 kilometro zabaldu zituzten presoek. Egun, mendiko bidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.