François Bayrou Frantziako lehen ministro eta Paueko (Okzitania) alkatearen alabak, Helene Perlantek, adierazi du 1980ko hamarkadan, 14 urte zituela, apaiz batek «bortizki jipoitu» zuela Lestelle-Betharramgo (Biarno) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoaren udalekuetan. Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna)liburuan eman du lekukotza Perlantek, eta Paris Match aldizkariak zabaldu; Esquerre bera izan zen Betharramgo ikastetxean bortizkerian jasan zituztenen lekukotzak biltzen hasi zena.
Ikusi gehiago
Perlantek azaldu duenez, apaiz batek iletik tira egin, lurrean arrastaka eraman eta kolpeak eman zizkion, sabelaldean bereziki. Kontatu du galtzetan txiza egin zuela beldurraren beldurrez eta lotsaz, eta lo zaku bustian sartuta pasatu zuela gau osoa. Gaineratu du eskolak «sekta baten edo erregimen totalitario» baten modura funtzionatzen zuela, presio psikologikoa erabiltzen zutela ikasleak eta irakasleak isilik egongo zirela ziurtatzeko, eta ikastetxeko giroan «tratu txarrak eta beldurra» zirela nagusi.
Frantziako lehen ministroaren alabak aitortu du aita babestu nahi izan duela, baina salatu du «isiltasun kolektiboaren logikak» estali dituela urte luzez tratu txar horiek guztiak. Orain, liburuan lekukotza emanda, biktimen ahotsa entzunarazi nahi du, eta Betharramgo sistemaren barruan jasan zuen «indarkeria» eta «isiltasun kolektiboa» agerian utzi.
Perlanteren lekukotzak kolokan jarri du Bayrouren posizio politikoa, hark beti esan baitu ez zekiela eskola katoliko horretan urteetan izandako sexu abusuen eta indarkeria kasuen berri. Hainbat lekukotzak, baina, zalantzan jarri dute hori: Asanbleako ikerketa batzordean izandako bi lekukok adierazi dute Bayrouk bazuela salaketen berri 1990eko hamarkadan.
Oposizioko taldeek gogor kritikatu dute Frantziako lehen ministroaren jarrera, eta «gezurretan» aritzea eta dagokion erantzukizuna ez betetzea aurpegiratu. Bayrouk maiatzaren 14an deklaratuko du ikerketa batzordean.
Euskal Herriko ikasle ugari joaten ziren Biarnoko ikastetxe erlijioso horretara, eta haietako ehun ingururen lekukotzak ere jaso ditu Esquerrek liburuan.