Francisco Mujika Garmendia Pakito Ordiziako (Gipuzkoa) presoa aske utzi dute gaur, zigorra beteta. Zueran zegoen preso (Aragoi, Espainia). 67 urte ditu, eta 28 urte eta bederatzi hilabete eman ditu kartzelan. 1992ko martxoan atxilotu zuten Bidarten (Lapurdi), Jose Luis Alvarez Txelis eta Joseba Arregi Fiti-rekin batera, ETAren orduko zuzendaritzaren aurka egindako polizia operazio batean.
Frantziako Estatuan bederatzi urte egin zituen preso, eta 2000an Espainiaratu zuten. 2003an, Auzitegi Nazionalak 2.354 urteko zigorra ezarri zion Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa egitea egotzita. Azken hamar urteak Zuerako kartzelan eman ditu, lehen graduan. Mujika datorren urtean zen zigorra amaitzekoa, baina auzitara jo zuen, Fresnesko kartzelan behar baino hilabete batzuk egin zituelako, Espainiaratua izateko zain zegoenean. Auzitegi Nazionalak onartu egin du haren eskaria, eta gaur eman du amaitutzat zigorra.
Halere, haren kartzelaldia zehazterakoan, Espainiak ez zituen aintzat hartu Mujikaren Frantziako espetxe urteak. Europak 2008an zuzentarau bat onartu zuen, pertsona bati bi herrialdetan delitu berberarengatik ezarritako zigorra zehazterakoan, aintzat hartzeko Europako Batasuneko beste herrialde batean betetako kartzelaldia.