Euskal presoak

Francisco Jose Ramada euskal presoa ospitaleratu egin dute

«Bihotzeko krisi bat» izan duela jakinarazi du Etxerat-ek, eta Donostiako Ospitaleko ZIUra eraman dutela. Etxerat-ek azaldu du haren osasuna «delikatua» dela, eta «berehala» aske utz dezatela eskatu du. Kondenaren hiru laurdenak beteak ditu. Sarek elkarretaratzera deitu du iganderako, Irunen.

Sarek Donostian egindako manifestazio bat, iazko abenduan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2022ko urtarrilaren 21a
17:24
Entzun

Francisco Jose Ramada Estevez euskal presoak «bihotzeko krisi bat» izan du gaur goizean Martuteneko espetxean (Gipuzkoa), eta Donostiako Ospitaleko zaintza intentsiboen unitatean ospitaleratu dute, Etxerat-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Etxerat-ek azaldu du «ziurrenik arritmia» bat izango zuela eta konortea galdu duela, eta «berehala» eraman dutela ospitalera.

Ramada Estevezek 58 urte ditu, eta 21 daramatza preso. Etxeratek azaldu du Murtzia I. presondegian zegoela —Euskal Herritik 830 kilometrora— ebakuntza kirurgiko bat egin ziotela, eta gogorarazi du ebakuntza horren ostean «berehala» espetxera itzularazi zutela, «nahiz eta oraindik min handia izan». 2020ko ekainean Iruñeko espetxera lekualdatu zuten, eta, azkenik, iaz eraman zuten Martutenera.

Ramada Estevez «berehala aske uzteko» eskatu du Etxerat-ek oharrean, «bere egoera delikatua delako, eta kontuan hartuta, gainera, 2020ko irailean bere zigorraren hiru laurdenak beteak zituela, eta dagoeneko zigorraren azken fasean dagoela». Horrekin batera, presoari eta haren senitartekoei «animo mezuak» helarazi dizkie Etxerat-ek. Halaber, «gaixotasun larriak eta sendaezinak» dituzten hemeretzi euskal presoak aske uzteko eskatu du.

Sarek ere salatu du Ramada Estevezen egoera. Kondenaren hiru laudenak beteak dituela eta etxean behar lukeela adierazi du. Eskaera hori berretsiko dute igandean, Sarek elkarretaratzera deitu baitu iganderako, Irunen. 12:00etan egingo dute, epaitegiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.