Francis Gonzalezek irabazi ditu irailaren 19an egindako hauteskundeak, eta Bokaleko (Lapurdi) auzapez izaten jarraituko du. 21 bozengatik nagusitu zaio Dominique Lavigne alderdi komunista, sozialista eta ekologistaren arteko aliantzako buruari; Gonzalezen zerrendak 1.458 boz lortu ditu, eta Lavignenak, 1.437.
Frantziako Estatu Kontseiluak 2020ko ekainean ezeztatu zituen Bokaleko bozak, eta bigarren itzuliko emaitzak bertan behera utzi zituen «hainbat disfuntzio» atzeman zituelako. Horregatik, irailean egin dute Bokaleko bozen «hirugarren itzulia», eta irailaren 6an eman zioten hasiera hauteskunde kanpainari.
«Garaipen ederra» izan dela adierazi du Gonzalezek, eta «kontent» dagoela 2020ko garaipena «baieztatu» delako. Era berean, eskerrak eman dizkie «gehiengoaren alde» egin dutenei, bere zerrendako kideei, baita Herriko Etxeko langileei eta CCASi ere.
Lavignek, ordea, «atsekabetua» dagoela azaldu du, eurengan sinetsi zuen jende askorentzat «itxaropenaren eramaile» izan direlako, eta «porrot ttipi bat» izan dutelako.