Telebistarako zuzeneneko konexioa egiten ari zela, France 3 kateko kazetari batek sexu erasoa pairatu zuen atzo arratsaldean. Emakumea kamera aurrean solasean ari zela, atzetik gizon bat hurbildu zitzaion, eta ahoan musu ematen saiatu zen.
France 3 kateak zuzenean emititu zuen, Facebooken duen kontutik. Bideoaren 18. minutuan, mutil gazte batzuk azaltzen dira kazetariari bihotz batzuk eginez, eta horietako bat hurbildu eta kazetariari musu ematen saiatzen da. Kazetariak lanean jarraitzen du, eta erran gazte batzuk behar baino “gogo” handiagoz daudela bestan.
Telebista kateak ez zuen aipatu erasoa. "Baionako bestak ofizialki hasi baino lehen, nabaria da besta giroa. Bestazaleak umore oneko dabiltza", idatzi zuen bideoarekin batera sare sozialetan zabaldu zuen mezuan.
Ez da horrelako eraso bat gertatzen den lehen aldia; Errusian jokatu den munduko futbol kopan, emakume bati baino gehiagori egin dizkiote halako erasoak, kazetari lanetan zebiltzala.