'Fracking'-ari buruzko legea mantsotu dute

Legebiltzarrean agerraldiak eskatuta, herri ekinbide legegilearen tramitea atzeratu du.EH Bilduk «jukutriatzat» jo du erabakia

103.000 sinaduraren babesa lortu zuen herri ekinbide legegileak. R. BOGAJO / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Haustura hidraulikoaren aurkako herri ekinbide legegilea geldirik dago, behin-behinean. Eusko Legebiltzarreko mahaiak onartu du gaiari buruzko agerraldiak baimentzea, EAJren botoekin; horrenbestez, tramitean aurrera egiteko prozesua gelditu da.EH Bilduk jokabide hori kritikatu du; jeltzaleen «jukutriatzat» jo du, maiatzeko hauteskundeen aurretik fracking-ari buruz duten jarrera «ezkutatzeko».

Atzora arte Ingurumen Batzordeko taldeak zuzenketak aurkezteko prozeduran buru-belarri ari ziren. Hil honen 24ra arte Fracking Ez plataformak aurkeztutako testua aldatzeko proposamenak egiteko aukera zuten; ondoren, proposamen horiek eztabaidatuko zituzten lantaldean. Ordea, agerraldiak onartuta, aurreko prozesua bertan behera geratu da. Horren tokian legebiltzar taldeek egoki ikusten dituzten pertsonen agerraldiak eskatuko dituzte datozen egunotan.

EH Bilduren iritziz, EAJk agerraldiak eskatu ditu hauteskundeen aurretik «fracking-aren alde egiten duela ezkutatu nahi duelako». «Ez du inolako arazorik legebiltzarreko araudia bihurritzeko eta instituzioa erabiltzeko bere alderdi interesak babesteko», leporatu die jeltzaleei Marian Beitialarrangoitiak. Ildo horretan, EAJri galdegin dio haustura hidraulikoari buruz duen iritzia jakinaraz dezala.

EAJk gezurtatu du EH Bilduk salatutakoa. Agerraldiak eskatzea ohikoa dela nabarmendu du, eta azaldu du EH Bilduk hori bera egin duela beste herri ekinbide legegile batzuen kasuan. «Adituek fracking-ari buruzko ezagutza emango dute, taldeek zuzenketak aurkeztu ahal izateko», argitu du EAJk, ohar batean.

Agerraldien harira piztutako eztabaidarekin lotuta, EH Bilduk gogorarazi du duela bost hilabete eskatu zuela Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren eta Shesako zuzendari berri Luis Muñozen agerraldia Garapen Ekonomiko Batzordean, baina oraindik ez direla egin.

Nolanahi ere, EAJren eskaerak herri ekinbidearen tramitea luzatuko du. Ez da arau horren izapideak atzeratzen diren lehen aldia. Legebiltzarreko mahaiak bigarren saioan onartu zuen herri ekinbidea. Halaber, eztabaida Ingurumen Batzordetik —EH Bilduko presidentearekin— Garapen Ekonomiko Batzordera —EAJko presidentearekin— eramaten saiatu ziren jeltzaleak.

EAJk, «denbora kontrolatu»

Arabako Fracking Ez taldeak ere gogora ekarri ditu EAJk lege ekinbidearen eztabaidaren «denbora kontrolatzeko» egindako ahaleginak. Halaber, gaineratu du jatorrizko testua «oso argia dela» eta eztabaida «modu antzuan» luzatzeko ahaleginen aurka agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.