'Fracking'-aren aurkako 103.589 sinadura, jada legebiltzarrean

Herri ekinaldi legegileak eskatutako izenpeen halako hiru lortu ditu Fracking Ez plataformak.Alderdiei dei egin diete erantzuna emateko

Fracking-aren aurkako legea eskatzeko sinadurak legebiltzarrera eraman zituzten atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
103.589. Fracking Ez plataformak sinadura horiexek eraman ditu azkenean Eusko Legebiltzarrera. 30.000 lagunek babestu behar zuten lege proposamena, baina aise gainditu dute langa. Legez bildu behar zuten sinadura kopurua halako hiru jaso dute, eta «pozarren» daude plataformako kideak. «Harrituta» ere bai, azken asteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri askotatik sinadura «uholdea» jaso dutelako eta iragarpen baikorrenak gainditu dituztelako.

Mikel Otero plataformako kideak adierazi duenez, ziur daude sinadura kopuru esanguratsu horrek «are eta indar handiagoa» emango diola fracking-aren aurkako ekinaldi legegileari. Ardura, orain, alderdi politikoen esku dagoela azpimarratu du: «Legebiltzarraren teilatuan dago orain pilota, ordezkari politikoen erronka baita euskal gizartean fracking-aren aurka errotutako sentimenduari erantzutea».

Haustura hidraulikorik gabeko Euskal Herria aldarrikatu zuten atzo plataformako kideek, jai giroan, Gasteizen. Azken sei hilabeteotan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan herriz herri bildutako milaka eta milaka sinadura Eusko Legebiltzarrean aurkeztu aurretik, kalejira egin zuten hiriko kale nagusietan. Kalejiraren aurrealdean sinadurak betetako kutxak eraman zituzten gurdi batean, eta, atzetik, joaldunak eta Euskal Herri osotik joandako herritarrak. Ez hemen, ez inon leloa zuen pankarta atera zuten Eusko Legebiltzarraren atarira iritsi zirenean, eta han plataformako kideek eskerrak eman zizkieten sinadura bilketan parte hartu dutenei: «Gure helburua lortu dugu». Pozik dira sinadurak biltzea ez ezik fracking-arekiko kontzientziazioa gizartean zabaltzea ere lortu dutelako. «Argi geratu da gai honetan jendeak erabakitzeko gaitasuna izan nahi duela».

Haustura hidraulikoa debekatzeko herri ekinaldi legegileak jasotako babesa zenbakitan irudikatu zuten. Kopurua osatuz joan ziren zenbakika, jolas batekin, eta 103.589 zenbakia osatzea lortu zutenean txalo zaparrada bero batekin erantzun zuten bildutakoek. «Herritarrek fracking-aren aurka duten borondate tinkoa islatzen du lortutako zenbaki magikoak», adierazi zuten plataformako kideek. «Fracking ez!» leloa ozen oihukatu zuten ondoren.

Hausnartzeko deia

Gas ez-konbentzionala haustura hidraulikoz ateratzearen aurkako herri ekinaldi legegilea aurrera ateratzeko babes nahikoa lortuta, ordezkari politikoei «hausnartzeko» deia egin die Oterok. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek «erronka garrantzitsu bat» dute aurrean: gizartean fracking-aren aurka dagoen sentimendua kontuan hartzea.

Oteroren ustez, ez litzateke «ulergarria» izango gizartearen nahiari muzin egitea: «Legeak alda daitezke, alderdien iritziak ere bai; gizarteak hitz egin du, eta politikariek entzun eta hausnartu egin behar dute». Gainera, auzitegiek diotena gorabehera, plataformako kideak argi dauka «herritarren mobilizazioak» geldituko duela fracking-a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.