'Fracking'-a legebiltzarrean da

Haustura hidraulikoari buruzko legea lantzearen alde egin dute legebiltzar taldeek, aho batez

EH Bilduko Dani Maeztuk haustura hidraulikoaren «burbuila» puztea egotzi zion atzo Jaurlaritzari. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Haustura hidraulikoa legez arautzeari helduko dio Eusko Legebiltzarrak. Osoko bilkurak, aho batez, aintzat hartu zuen atzo Fracking Ez plataformak abiarazitako herri ekinbide legegilea. Alderdi guztiek egoki ikusi zuten 103.000 herritarren bermea duen lege ekinbidea eztabaidatzea. Ordea, alderdi gehienek iradoki zuten jatorrizko testuan aldaketak proposatuko dituztela, erabateko debekua lausotzeko.

Jatorrizko ekinbide legegilearen xedea da hidrokarburoak aztertu, ikertu eta ustiatzeko egitasmoetan ingurumena babesteko neurri osagarriak ezartzea. Hori lortzeko, baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten gas biltegiak «aztertu, ikertu eta ustiatzeko jarduerak» debekatzeko eskatzen du. Hau da, ez du gasa erauzteko teknika debekatzen, eskuratu nahi den gasa baizik, baldin eta ezaugarri zehatzak baditu, Balmaseda Formazioan egon daitekeena kasurako.

EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPDk gogorarazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak fracking-ari buruzko hainbat lege baliogabetu dituela, eta EAEkoa egitean hori kontuan hartu behar dela gaineratu. EAJk ingurumen bermeaz hitz egin arren, lur azpian dauden baliabideak ezagutzeko nahia berretsi du. PSE-EEk zehaztu du onartzen den legeak segurtasun juridikoa bermatu behar duela, besteak beste, kontuan hartuta diru publikoa inbertitu dela EAEko zundaketetan. UPDk, bestalde, jakinarazi du ez datorrela bat debekuaren ideiarekin, eta zenbait zuzenketa egingo dituela iragarri du. Debekuaren alde agertu den talde bakarra EH Bildu izan da. EAJ eta PP «hipokritatzat» jo ditu, fracking-a sustatzen duten bitartean gaiari buruzko «elkarrizketa» eskatzeagatik.

Fracking Ez plataformako kideak pozik daude herri ekinbideak aurrera egingo duelako; halaber, sinatu zuten hiritar guztiak zoriondu dituzte lortutakoagatik. Nolanahi ere, gogorarazi du onartu dutenetik aurrera legebiltzar taldeei dagokiela aintzat hartutako testua moldatzea.

Orain, Eusko Legebiltzarrak batzorde txostengile bat osatuko du, eta hor landuko dute osoko bilkuran bozkatuko den azken legea. Prozesu horretan hiru aukera daudela gogorarazi du Fracking Ez plataformak: «Legea aurkeztu den bezala onartzea, legearen idazketa hobetzea, edo jatorrizko testua aldatzea haustura hidraulikoa ahalbidetzeko». Edozein kasutan, mugimendu guztiak arretaz aztertuko dituela iragarri du plataformak, baita 103.000 pertsonaren babesa duen lege ekinbidea «indargabetzeko saioak» salatuko dituela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.