Eleanor Finley. Frackanpadako nazioarteko taldeko kidea

«'Fracking'-a agortu den garapen eredu baten sinboloa da»

Astelehenetik aurrera, munduko hamaika tokitako pertsonek haustura hidraulikoari eta garapen ereduei buruzko hausnarketak partekatuko dituzte Subilla Gasteizen, Frackanpadaren barruan.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko lehen fracking zundaketak egin behar zituzten lekuan «parekorik gabeko foroa» izango da datorren astean, 13 eta 19 bitartean. Ehun hizlari baino gehiago bilduko dira Subilla Gasteizen (Araba), Frackanpada topalekuan. Eleanor Finley (Virginia, AEB, 1987) ekinbidea sustatu duen nazioarteko taldeko kidea da, eta, horrez gain, EJOLT Enviromental Justice Organizations, Liabilities and Trade egitasmoarekin kolaboratzen du, nazioarteko ingurumenarekin lotutako gatazkak ikusarazten.

Nola sortu zen Frackanpada egiteko ideia?

Bartzelonako Can Masdeu gizarte etxe okupatuan egindako bileran, ohi baino ekitaldi handiago bat egitea aztertu zen. Fracking Ez plataformak hemen egitea proposatu zuen, eta hemen gaude. Martxoan lotu nintzen egitasmora; Espainiako Estatuko haustura hidraulikoaren aurkako mugimenduak aztertzen ari nintzen, eta aukera aproposa zen.

Frackanpada hausnarketa gune garrantzitsua izango da. Zer espero duzue?

Lehenik eta behin, elkar ezagutuko dugu; mugimendua indartsu dago herrialde askotan, baina ez da inoiz egon oinarrizko ekintzaileak elkartzeko topaleku handirik. Internet bidezko harremanak daude, baina Frackanpadan aurrez aurre ezagutzeko aukera egongo da. Bakoitzak bere lurraldean dituen egoerez eta ikuspuntu orokorrekoei buruz hitz egingo dugu, estrategiez, eta dauden aukerei buruz eztabaidatzeko parada izango dugu.

Komunalismoari buruzko hitzaldia emango duzu ostegunean. Inolako loturarik ba al du Fra-ckanpadaren moduko ekinbide batek komunalismoarekin?

Komunalismoa filosofia politiko bat da, Ameriketako Estatu Batuetan sortua. Hiriak, herriak edota auzoak beren kabuz antolatzea da ideiaren oinarria, mailaketarik gabeko gobernu bat abiarazteko: estaturik gabe, kapitalismorik gabe, autogestionatuak... Komunalismoa Kurdistango herriaren askapenerako inspirazio handia da, adibidez, eta ildo horretatik joango da nire hitzaldia.

Zer balia dezakete mugimendu sozialek komunalismotik?

Geure burua deskubritzeko prozesu batean gaudela uste dut. Ingurumenaren babeserako mugimendu sozial horizontalak komunalismoarekin lotura duen logika bat bilatzen ari dira; gizartea antolatzeko modu bat, kapitalismoa ez dena, estatua ez dena... Alternatiba zehatz bat bilatzen ari dira. Gizarte mugimenduek ikas dezakete nola gaurkotu ametsak eta helburuak, modu errealean.

Frackanpada, haustura hidraulikoari buruzkoa bainoago, gizarte eredu baten hausnarketarako topalekua al da?

Baietz esango nuke. Fracking-a sinbolo bat da. Bizitzeko modu baten sinboloa; agortuta dagoen garapen sistema batena. Ez dio balio ez gizarteari, ezta naturari ere. Frackanpada garapen eredu bati «ezetz» esateko topaleku bat baino gehiago da; beste eredu batzuei «baietz» esaten die. Bizitzeko beste modu batzuk geratuko dira agerian.

Azken asteetan gizarte mugimenduen boterea islatu da haustura hidraulikoarekin. Eusko Legebiltzarrak legez mugatu du fracking-a, baita Lancashireko administrazioak ere (Erresuma Batua).

Mugimendu sozialetan bi mailatan lan egin behar da; oinarrietako lana, kalean, baita araudia aldatzeko ere, arriskuan dauden komunitateak baitaude. Azken asteetan Europan lorpenak egin dira. Ordea, irabazitako batailak dira, guda handiago batean.

Zertan laguntzen du mundu mailako ikuspuntu globala izateak?

Garapen ekonomikoaren ondorioak asko dira: haustura hidraulikoa eta erregai fosilak eskuratzeko egitasmoak, bioaniztasunaren aurkako jokabideak, uraren pribatizazioa... Kapitalismoaren agendak ingurumenean sortutako gatazkak ikusteak, bere osotasunean, erronkaren neurria ematen du.

Ondorio globalez ari zara. Testuinguru horretan, zein da maila globalean komunikatu ahal izatearen garrantzia? Sare sozialen erabilgarritasuna?

Haustura hidraulikoaren aurkako mugimenduak aurrea hartu die enpresa eta gobernuei; haiek ez dira gai izan aurkako taldeen lan ildoak aurreikusteko. Azkar garatu da. Ordea, aldi berean, sare sozialak apur bat ahulak izan daitezke. Edonola ere, gizarte sareei esker lortu dugu Frackanpada antolatzea, aurrez aurre egoteko.

Egitaraua ikusita, zer nabarmenduko zenuke datorren asteko ekinbideaz?

Frackanpadara etorriko diren gehienak oinarrizko ekintzaileak dira. Badaude erakundeetatik etorritakoak, baina gutxiengoa dira. Translokala kontzeptua gustatzen zait; hau da, ez dira izango munduan etengabe bidaiatzen duten nazioarteko adituen agerraldiak, tokian tokiko gertakarien berri emango duten pertsonenak baizik.

Halaber, Chaia Heller ekofeministaren ideia bat nabarmenduko nuke: zerbaiten aurka borrokatzen garen bitartean, proposatzen dugun eredua erakusten dugu, erabiltzen dugu. Frackanpada borroka modu horren erakusgarri argia da. Ez da beldurrean eta haserrean oinarritutako zerbait; itxaropenak eta konfiantzak ere indar handia dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.