Duela astebete, urtarrilaren 14 goizaldean, sua piztu zen Iruñeko planetarioko proiekzio areto nagusian, eta kalte material larriak eragin zituen eraikinean. Foruzaingoak ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko, eta, txostenean jaso duenez, erabat baztertu du sutea nahita eragindakoa izan zenik. Poliziaren arabera, aretoko elektrizitate sistemaren huts batek eragin zuen ezbeharra, eta sua berehala hedatu zen, areto osoa hartzeraino. Diario de Navarra egunkariak eman ditu polizia txostenaren gaineko xehetasunak.
Planetarioa hutsik zegoen sutea piztu zenean, baina alarma sistema zentrala aktibatu zen. Egoitza kez bete zen berehala, eta kupularen goiko aldetik ateratzen hasi zen. 07:13 aldera, ke zutabe beltza ikusten zen Iturrama, Ermitagaña, Mendebaldea eta Donibane auzoetatik. Handik minutu gutxira, Udaltzaingoak trafikoa moztu zuen Sancho Ramirez etorbidean. Proiekzio aretoko suteen aurkako ateak itxita egoteak apaldu egin zuen sutearen indarra, espazio estankoa sortu baitzuten: areto barruko oxigenoa agortuta, sugarrak ez ziren hainbeste hazi.
Foruzaingoaren kriminalistika taldeak egin du ikerketa, eta orain, aseguru etxeek peritu txostena egin beharko dute, kalte ordainak zehazte aldera.
20 metroko kupula
Planetarioko kupulak 20 metroko diametroa du. Zientzia dibulgazioko programak egiten dituzte han. Besteak beste, izarren proiektorea eta ikus-entzunezko material ugari daude.
Eraikina 1993an inauguratu zen. «Urratsak egin beharko ditugu Nafarroako herritarrentzat hain berezia eta garrantzitsua den zentro hau berreskuratzeko», esan zuen Paula Noya NICDOko Iruñeko Planetarioaren kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoko azpiegituren zuzendariak, ezbeharra gertatu zen egunean bertan.
Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak azaldu zuenez, berriz, programatutako jarduera batzuk bertan behera utzi beharko dituzte, eta beste batzuk beste leku batzuetara eraman. Planetarioa «birpentsatzeko» aukeraz ere mintzatu zen.
Iruñeko Planetarioak 170.000 bisita inguru izaten ditu urtean. Kupulaz gain, 400 metro koadroko areto bat du, aldi baterako erakusketetarako, eta 250 lagunentzako hitzaldi areto bat. Eraikin nagusiaren ondoan, 500 zuhaixka inguruko lorategi bat dago.