Foruzaingoak trafiko eskumena Guardia Zibilarekin partekatzea nahi dute UPNk eta PPk

Maiatzaren 23ko osoko bilkuran bozkatuko dute Foru Hobekuntzaren aldaketa. PPk bi gobernuen arteko lankidetza itun bat hitzartzeko eskatu du, eta, horretarako konpromisorik izan ezean, kontra bozkatuko du.

Javier Garcia PPko parlamentaria eta Javier Esparza.
Javier Garcia PPko parlamentaria eta Javier Esparza. MIGUEL OSES
joxerra senar
2024ko maiatzaren 13a
14:45
Entzun

Bai, baina ez. UPNk eta PPk ontzat jo dute Foru Hobekuntzan trafikoa Nafarroaren berezko eskumen gisa jasotzeko aldaketa, baina eskuineko bi alderdi horiek adierazi dute Foruzaingoak Guardia Zibilarekin batera zaindu behar dituela errepideak. Hots, funtsean, gaur egun bezala jarraitzea galdegin dute bi alderdiek. «Ez dugu nahi Guardia Zibila Nafarroako errepideetatik desagertzea, abertzaleek nahi duten moduan. PSN amore emateko prest dagoela ematen du», laburbildu du UPNko Marta Alvarezek.

PPk, berriz, balekotzat jo du Nafarroak eskumen hori izatea, baina, Javier Garcia parlamentariaren arabera, lankidetza hitzarmen bat egin behar lukete bi gobernuek: «Horren inguruko konpromiso argi bat nahi dugu, eta konpromiso hori funtsezkoa izango da gure alderdiak erreforma babestu dezan». ohartarazi du, autogobernuaren inguruko euren ikuspegia agerian utziz.

«Lankidetza horren inguruko konpromiso argi bat nahi dugu, eta konpromiso hori funtsezkoa izango da gure alderdiak erreforma babestu dezan». 

JAVIER GARCIAPPko parlamentaria

Aferak agerian utzi du lehia dagoela UPNren eta PPren artean, transferentzia hori Guardia Zibila kanporatzeko ahalegin gisa saldu dutelako batak zein besteak. Hartara, maiatzaren 23an egingo den osoko bilkurari begira, UPNk baiezko botoa aurreratu du, eta PPk berriz ere zalantzan jarri du zer boto emango duen. Kontuan hartu behar da Foru Hobekuntzaren aldaketa txiki hori parlamentuan onartu ostean Espainiako Gorteetan bozkatuko dela eta Senatuan PPk gehiengoa duela. 

Eskumenaren transferentziaren akordioa trabatuta egon da urte luzez, kanpaina batek hauspotuta: Guardia Zibila errepideetatik kanporatuko ote zuten. Azkenean hitzartu egin zen, eta, uztailaren 1ean indarrean sartu bazen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen otsailean, Jucil guardia zibilen elkarteak jarritako helegite bati bide emanez. Epai horri aurre egiteko asmoz, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Foru Hobekuntzan aldaketa hori txertatzea, eta, behin Madrilekin akordioa lortuta, hori aurrera atera nahi dute orain.  

Bozketa, maiatzaren 23an

Behin Nafarroako Kontseiluaren aldeko iritzia izanda, asteazkenean onartuko du aldaketa Nafarroako Gobernuaren kontseiluak, eta aste honetan bertan aurkeztuko da parlamentuan. Maiatzaren 23an irakurketa bakarrean bozkatuko da erreforma.

Gaurko asteleheneko eledunen batzordearen ostean, euren jarrera argitu dute alderdiek. UPNk adierazi du alde bozkatuko duela. Nahiz eta duela 30 urte UPNk defenditu zuen foruzainek osorik hartu behar zutela trafikoa, orain Guardia Zibilarekin partekatu behar dela adierazi du Marta Alvarezek. «PPk lankidetza hitzarmena planteatu du, baina badira beste formula batzuk».

PSNko Ramon Alzorrizek goraipatu du Foru Hobekuntzaren aldaketa Iruñeko eta Madrilgo gobernuen arteko akordioaren emaitza izatea. Eskuinaren argudioak entzunda, erantzun du Guardia Zibila ez dela Nafarroatik kanporatuko: «Benetan Guardia Zibila kanporatu zuena Jose Maria Aznar izan zen. Jordi Pujolekin transferentzia hitzartu zuen, eta hark bai, hark kanporatu zuen Guardia Zibila Kataluniatik».

Geroa Baiko Pablo Azkonak aldaketa babestu du. Kezka azaldu du eskuineko alderdien jarrera ikusita: «Eskubide historikoak defenditzen dituztela esaten dute, baina gero hori legera eramateko orduan uzkur azaltzen dira». Dena den, Azkonak espero du parlamentuan ahalik eta babes handienarekin aurrera ateratzea, eta gero Espainiako Gorteetan arazorik ez izatea. «Alderdi horiek euren botoari eutsi beharko liokete, han eta hemen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.