Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena (II). Fernando Mikelarena.

«Foru Hobekuntza UCDren gidoiaren arabera egin zen»

Del Burgo izan zen egungo estatus juridiko-politikoaren arkitektoa. Mikelarenaren arabera, UCDk bere egin zituen haren ideiak. 1979tik aurrerako prozesuan, erabakigarri izan zen PSOEren, UCDren eta UPNren arteko lankidetza ere.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Historialari ausart eta zorrotza da Fernando Mikelarena (Bera, Nafarroa, 1962). Batetik, 1936ko garbiketa politikoari buruzko trilogia osatu du errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei erreparatuz. Bestetik, trantsizio politikoa sakon ezagutzen du. Iaz, liburu bat argitaratu zuen XVIII. mende amaieratik 1983ra arte eskubide historikoen gainean egin diren diskurtso eta jarrera politikoak sakon aztertuz (Discursos y actitudes en torno a la constitución histórica de Navarra y a la reintegración foral (1770-1983).

Trantsizioan Nafarroak egin zuen bidea konplexua eta gorabeheratsua izan zen oso. Zenbateraino izan zen aurrez pentsatua eta kontrolatua bide hura?

Nik ez dut uste bidea aurrez finkatuta zegoenik. Nik bi fase bereiziko nituzke: lehenengoan, azken diputazio frankistak jokabide harrigarria izan zuen: 1976an, 1841eko Legean oinarritutako erreintegrazionismo mugatu bat proposatu ondotik, 1977an, berriz, Diputazioa Foruen ItzulketaOsoaren alde agertu zen, betiere nabarrismo tradizionalistaren ikuspegitik eta bere boterearen monopolioa defendatzeko. 1979ko hauteskundeen ondoren, bigarren fasea heldu zen. Fase horretan, Foruaren Hobekuntza UCDren gidoiaren arabera egin zen. Hala ere, bigarren fase horretan elementu asko nabarrismo eskuindarretik hartuta zeuden, baina garaietara egokituta.

Juan Ignacio del Burgo jotzen da egungo estatusaren arkitektotzat. Hala izan al zen?

Bai. Kontuan izan behar da Del Burgo aditu handia zela arlo horretan. Eta 1977ko eta 1979ko hauteskundeetan hautatua izan zen belaunalditik gehien zekiena zela, alde handiz gainera.

1968an tesi bat egin zuen Del Burgok, foru erregimenaren jatorriaz eta oinarriaz. Bertan jasota al datoz ondorengo bide orri haren printzipioak?

Bai. Bere tesian 1841eko legearen balorazio oso positiboa egin zuen Del Burgok. 1976 eta 1979 bitartean, bere ideia programatikoek hainbat formulazio izan zituzten. Del Burgok 1976an argitaratutako liburuxka batean planteatu zituen lehen aldiz etorkizun hurbilerako bere jarrerak. 1841eko legea erreformatzeko beharra adierazten zen eta legetik legera zihoan formula bat defendatzen zen. Tesi horiek 1977ko UCDren Foru Programan ere agertu ziren.

Eskuinaren sektore batentzat, 1841eko legea ukiezina zen. Del Burgo, baina, tradizio hori berrikusteko prest zegoen. Zeri erantzun zion malgutasunak?

Batez ere, bi faktoreri. Lehenik, garaietara egokitu behar zen, Konstituzioaren arabera eratuko zen sistema demokratikora. Bigarrenik, 1978ko Konstituzioak autonomien estatua eratu behar zuen, eta autonomia erkidegoei botere legegilea eman behar zien. Horregatik, forua hobetzeko prozesua errealitate berri horretara egokitu behar zen.

Alderdi abertzaleak eta ezkerrekoak intelektualki prest al ziren eztabaidari aurre egiteko?

Lehenik, alderdi abertzaleek eta ezkerrekoek ez zituzten landu argudioak frankismoaren 40 urteetan Nafarroako eskuin nabarristek eratutako ideiak eztabaidatzeko. Bigarrenik, gehiegi nabarmendu zen Nafarroa Euskadin integratzea. Nafarroa subjektu politiko gisa azpimarratzen zuen nabarrismo euskaltzalearen ekoizpena alde batera utzi zen. Hirugarrenik, hauteskundeetako emaitzak izan zirenak izan ziren: eskuinak eta zentro-eskuinak emaitza onak lortu zituzten; aldiz, nazionalismoak eta PSOEren ezkerreko alderdiak euren itxaropenen azpitik egon ziren. PSOE, euskaltzaletasuna alde batera utzi, eta nabarrismora igaro zen.

Foruak itzultzeko eztabaidari ez zion uko egin UCDk. Hego Euskal Herriko lau lurraldeen batasunaren aldarrikapenetik aldentzeko erabili al zen?

Ez zen izan horrela preseski. Diputazioak bultzatutako 1977ko foruen itzulketaren eztabaidan parte hartu zuen Del Burgok. Gaia elementu totemikoa zen, eta diputazioak eztabaida kalera atera zuen Nafarroa eta Euskadiren arteko binomioari aurre egiteko. Hala ere, eztabaida hartan, Del Burgoren jarrera Foruaren Hobekuntzak ekarriko zituen botere eta erakundeen gizarteratzea defendatzekoa izan zen.

Konstituzioaren eztabaidan zer elementuk izan zuten garrantzia, eta zergatik?

Lehenengo Xedapen Gehigarriak, EAJk eskatuta, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako eskubide historikoak aitortzen zituelako. Horrela irekitzen zitzaion atea lurralde horiek estatuan zuten berezitasunari. Bigarren Xedapen Indargabetzaileari dagokionez, EAJk 1839ko abuztuko legearen indargabetzea Nafarroara ere zabaldu nahi zuen, baina Del Burgok eta UCDk eragoztea lortu zuten. 1839ko legea 1841eko konponbidearen oinarria izan zen Nafarroarentzat, eta Foruaren Hobekuntzak 1841eko lege itundua behar zuen. Del Burgok zioenez, Lorafna 1841eko legetik sortu behar zen, orduko legetik oraingo legera.

Konstituzioa onartuta, Nafarroako PSEn aldaketa nabari da: 1977an lau lurraldeen batasuna babesten zuen, eta 1979an Nafarroaren bide autonomiko propioa defenditzen hasi zen. Zergatik?

Bigarren Errepublikan, PSOE eta UGT ez ziren kokatu estatutu komunaren alde. Trantsizioan, PSOEren jarrera aldaketa hainbat arrazoirengatik gertatu zen. Lehenik eta behin, errentagarritasun politikoko irizpideen arabera, 1977ko eta 1979ko hauteskundeetako emaitzak aztertu ondoren. Bigarrenik, EAEko eta Nafarroako gainerako alderdien indarguneak eta ahuleziak aztertu ondoren. Hirugarrenik, alderdi abertzaleen apustu estrategikoak zailtzeko estatu arrazoiengatik.

1978 amaieran Nafarroako erakundeen arkitektura egiteke zegoen. Zer garrantzi izan zuten Martin Villak eta Del Burgok?

1978ko ekainean, Martin Villak uko egin zion diputazio frankistak foru erakundeak demokratizatzeko egindako proiektuari, ez baitzen oso demokratikoa. Azkenik, Martin Villak eta Espainiako Gobernuak 1979ko urtarrilean foru erakundeen demokratizazioari buruzko errege dekretua aldarrikatu zuten. UCDren interesei erantzuten zien. Zazpi kideko diputazioa bost merindadeek aukeratuko lukete, eta merindade bakoitzean boto gehien jaso dituztenak lirateke diputatu. UCDk uste zuen zazpi diputatuetatik sei atera zitzakeela horrela.

Egitura instituzional horrekin, negoziazio autonomikoa kontrolatzea izan zen asmoa?

Bai. Ez zuten espero zutena lortu; izan ere, 1979ko apirileko foru hauteskundeetako emaitzak UCDko 4 diputatu, PSOEko 1, HBko 1 eta Orimendiko [ezker abertzaleko] 1 izan ziren. Halaere, UCDk gehiengoa lortu zuen bozetan, eta Del Burgo izendatu zuten diputazioko lehendakari.

Zergatik hasi zen Nafarroako autonomia eztabaida gainerakoak baino beranduago?

Kantabria, Errioxa, Madril eta Nafarroa izan ziren aurre-autonomiarik izan ez zuten erkidego bakarrak. Nafarroako kasuan, Diputazioaren estatus bereziagatik, 1841eko legearen arabera Madrilgo gobernuaren solaskide bakarra baitzen. Gainera, Nafarroako UCDk uko egin zion parte hartzeari Euskal Parlamentarien Biltzarrean, Euskal Kontseilu Nagusiaren aurrekari zen organoan. Nafarroako UCDko parlamentariek negoziazioak diputazioak eraman behar zituela adierazi zuten. Nafarroan, 1979ko apirileko hauteskundeen emaitzen arabera diputazioa aukeratu arte itxaron behar izan zen.

Fasa aferaren ondorioz, Parlamentuak kargutik kendu zuen Del Burgo, eta liskarra sortu zen UCDn. Dena den, itzalean Foru Hobekuntzaren negoziazio mahaian jarraitu zuen Del Burgok, estatuaren aldean. Zeri erantzun zion presentzia hark?

Nafarroako UCDko kide batzuen eta Espainiako Gobernuaren Negoziazio Batzordearen laguntza izan zuen Del Burgok Nafarroako Negoziazio Batzordeko kideen kontra aritzeko. Kontuan hartu behar da [Rodolfo] Martin Villa Lurralde Administrazioko ministroaren oso laguna zela. Negoziazioen jakitun egon zen eta proposamenak ere egin zituen Espainiako Gobernuaren Batzordearen bitartez. Ministroarekin eta haren ondorengo Arias Salgadorekin bilerak egin izanaren frogak daude. Negoziatzen ari zen aretoen ondoko aretoetan ere egon zen, Madrilgo gobernuko batzordeari aholkua emanez.

Esan da alderdi abertzaleei presentzia ukatu zitzaiela. Zer ondorio izan zuen absentziak?

UCDko gobernuarekin negoziatu zuen batzordea zazpi pertsonak osatzen zuten: UCDko hiru foru diputaturekin eta PSOEko beste foru diputatu batekin batera, UCDko ordezkari bat, beste bat sozialista eta beste bat UPNkoa. Batzorde horretatik kanpo geratu ziren HBko eta Orimendiko foru diputatuak. Honela, hautsi egin zen tradizioa; haren arabera, negoziazio batzordea diputazioak osatu behar du, kideetako bat bera kanpoan utzi gabe. Beraz, euskal nazionalismoa baztertu zuten erabat, ez bakarrik batzordetik kanpo egoteagatik. Era berean, negoziazio batzordeak oso informazio eskasa eman zien bertan ordezkatuta ez zeuden indarrei.

Zer rol jokatu zuten UPNk eta Nafarroako PSEk?

UCDrekin, UPN eta PSN Hobekuntzaren blokeko kide izan ziren une oro. Parlamentuan, Foru Araubideko Batzordean hamabost kideetatik hamar zeuden, eta jarrera komunak izan zituzten. Gauza bera gertatu zen osoko bilkurako bozketetan. Haien artean banatu ziren Negoziazio Batzordeko zazpi ordezkariak, gainerako alderdiak erabat baztertuta.

Lege organiko bat izateak eta erreferendumik ez egiteak zer ondorio utzi ditu?

Harrigarria da gainerako estatutuak bezala onartu izana; izan ere, Autonomia Estatutu berezia ez balitz eskubide historikoak sartu, landu eta erreintegratzeagatik, ez zen beharrezkoa izango akordioa lege organiko bidez berrestea. Erreferendum batera ez deitzeko argudiatu zen, lehenik, ez zela Konstituzioko 151. artikuluaren bidez sortutako estatutua, baizik eta foru erregimenaren eguneratzea. Bigarrenik, Nafarroa ez zen autonomia erkidego bihurtu, ez baitzuen lehen aldiz bere autogobernua onartzen, eta ez zuen bere estatus juridiko-konstituzionala aldatzen. Hirugarrenik, ez zuten zalantzarik erreferendumaren emaitzaz: herritarrek berretsiko luketela, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak Hobekuntzari emandako babesa ikusita. Halere, herritarrek bozkatu ez zutenez, ezin izan zen baloratu nolakoa izaten ahal zen Nafarroako herritarren babesa. Hori legitimitate arazo bat da.

Bihar:40 urteko bilakaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.