PSOEren abstentzioa lagun, gaur Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu izendatuko du Madrilgo parlamentuak. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duen bere bigarren agintaldian autogobernuari dagokionez. 2015etik Nafarroak estatuari urtero ordaintzen dion ekarpena dagokiona baino 100 milioi euro handiagoa da gutxienez, eta Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du 2015etik 2019rako epean ekarpena kalkulatzeko metodologia «lehenbailehen» negoziatzea. Gainera, hitzarmen ekonomikoa berritzeko konpromisoa azaldu dute talde guztiek.
FORU HOBEKUNTZAREN ERREFORMA
«Zein izan behar du Nafarroaren estatus politikoak? Talde bakoitzak berea izan dezake, baina guk proposatzen dugu herritarren aitortza; haiei dagokie horri buruz erabakitzea». EH Bilduko Maiorga Ramirezek adierazi du Espainiako Konstituzioaren kortseaz harago gizarte batek nahi bezala antolatzeko printzipio demokratikoari erantzun behar liokeela. Ramirezek arrazoitu du talde orok bere posizioa duela eta proposamen guztiek zilegitasuna dutela. Eztabaidarako abiapuntu gisa proposatu du duela hiru legealdi parlamentuan egin zuten autogobernuari buruzko txostena.
UPNko Carlos Garcia Adaneroren ustez, Nafarroak ez du behar eztabaida hori. Haren esanetan, EH Bilduk eztabaida astindu nahi du hutsetik hasteko asmoz: «Gu antolatuta gaude. Nafarroa Espainiaren eta Europaren barruan dago, eta gu eroso gaude bertan. Aldatu liteke hori? Bai, [Espainiako] Konstituzioarekin, botoekin, demokraziarekin, herritarrekin». Adaneroren irudiko, demokraziari uko egitea da eztabaida hori: «Ez du balio nik atsegin ez dudan zerbait ateratzen bada hautetsontziari ostikoa ematea».
Antzera mintzatu da PSN. Iazko azaroan erabakitzeko eskubideari buruzko osoko bilkura berezian ezezko biribila eman zuten, eta atzo ere bai. «Esan ezazue gauzak argi, eta ez ezkutatu dialektikaren atzean. Haustura nahi duzue. Guretzat abertzaletasuna da mendiari ateak jartzea. Bereizketa eta haustura».
Maiorga Ramirezek sozialistei gogorarazi die botoaren zentzua dialektikoki ez erabiltzeko: «Zuek ezezkoa ematen duzuenean, egiazki beharbada bat izan liteke. Zuen eskizofrenia kudeatzea zaila da, eta hori aitortzen dizuet: egun txarrak igarotzen ari zarete». UPNri, PPri zein PSNri eskatu die lasai egoteko, demokrazian sakontzea ona baita.
EUSKARA
Aurreko astean aurkeztu zen euskararen plan estrategikoa, eta atzo laukoak babesa eman zion egitasmoari, «hura ezartzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriz». Hizkuntz eskubideak bermatuko dituen araudian aurrera egiteko borondatea azaltzen da, eta estrategikotzat jotzen dira euskarazko komunikabideak, helduen alfabetatzea eta euskararen sustapena.
PSNko Santos Cerdanek kritikatu du planak ez diola mugarik jarriko euskararen finantzaketari. «Euskarak batzeko balio behar du eta ez bereizteko». Bere ustez, inposatu egin nahi da. Koldo Martinezek erantzun dio euskararen erabilera askatasunean oinarritzen dela, eta ez inposizioan. Ildo beretik jo du Ramirezek: «Aski da euskararen aurka politika maltzurra egiteari. Ez dezagun euskara bata bestearen aurka erabili. Zain eta heda dezagun, gure altxorra baita».
BESTE EBAZPENAK
Geroa Baik proposatuta, parlamentuak babesa adierazi dio mugaz bestaldeko lankidetzari. Adibidez, asteon Nafarroa Behereko udalekin loturak sendotzeko hitzarmena izenpetu da. Gainera, administrazioan software librea ezartzeko azterketa egiteko eskatu dio parlamentuak gobernuari. Halaber, garapen iraunkorrerako 2030 Agenda politika publikoetan aintzat hartzeko galdegin da.