Foru Hobekuntza berritzeko negoziazio batzordea osatu du Nafarroako Gobernuak

Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hiru presidenteordeak eta Joseba Asiain Presidentetzako zuzendari nagusiak izango dira batzordeko partaideak. Tabernak espero du «urtea amaitzerako» erreforma egina izatea.

POLIZIAREN KONTROLA
Foruzaingoaren kontrol bat, 2021ean, Errioxa eta Nafarroaren arteko mugan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko otsailaren 28a
14:05
Entzun

Auzitegi Gorenak trafiko eskumena eskualdatzeko prozesua bertan behera utzi ondotik, Nafarroako Gobernuak erreforma sustatzeko bidea aukeratu du, eta jada eman du lehen pausoa. Negoziazio batzordeko lau kideak izendatu ditu: Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro presidenteordeak eta Joseba Asiain Presidentetza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia. Orain, mahaiaren bestaldean eseriko diren Espainiako Gobernuko kideak izendatzea falta da.

Aukeratutako bide horri «erreforma espresa» deitu dio Nafarroako Gobernuak, baina Foru Hobekuntza aldatzeko prozesuak luze joko du. Gaur, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, epeez galdetu diote Tabernari berari, eta ez da ausartu zehaztera zenbat iraungo duen. «Epeak ez betetzeko daude. Erreforma berehalakoa eta partziala izango da, eta epeak, berriz, azkarrak», erantzun du Tabernak. «Nik nahiko nuke urtea amaitzerako dena egina izatea, baina nire nahia baino ez da», gaineratu du.

Azken batean, erreformaren bideak hainbat geltoki ditu, eta ez dago zehatz-mehatz jakiterik horietako bakoitzak zenbat iraungo duen. Alta, lehen oztopo nagusia gainditua du bederen: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak begi onez ikusten du Nafarroako Gobernuak hautatu duen irtenbidea Auzitegi Gorenaren epaia gainditu ahal izateko.

«Egin beharreko urratsak nahiko sinpleak dira», aipatu du Tabernak. Lehenik eta behin, bi gobernuen artean negoziazioa izan beharra dago, hori baita Foru Hobekuntza aldatzeko prozeduraren oinarria. Bi aldeek negoziazio batzordeak osatu behar dituzte, eta teorian ez legoke arazo handirik akordioa lortzeko. Izan ere, bi aldeek jada hitzartua dute transferentzia —iaz adostu zuten nolakoa izango zen uztailaren 1etik aurrera trafiko eskumena itzultzeko prozesua—.

Bestalde, erreformaren helburu nagusia da transferentzia horri «erabateko berme juridikoa ematea». Horretarako, Foru Hobekuntzaren testuan hitzez hitz jaso nahi da trafikoarena Nafarroako berezko eskumenen artean dagoela. Berez, Foru Hobekuntzaren 49. artikuluan aipamen bat egiten zaio, baina Auzitegi Gorenak auzitan jarri du hori. Haren interpretazioaren arabera, transferentzia ezin zen errege dekretu baten bidez ezarri, Foru Hobekuntzan ez dagoelako jasota eskumen oso bat dela.

Hurrengo urratsak

Testuan aldaketa hori txertatzeak ez luke luze jo behar, baina ikusteko dago bestelako moldaketarik egingo ote den —adibidez, trafikoaz gain eskumen oso gisa jasotzea Foruzaingoaren beste jarduerak, eta, hala, etorkizunean aldaketa hori egiteko atea irekitzea—. Behin akordioa eginda, Nafarroako Gobernuak onartu beharra du testua, eta haren edukia gero Nafarroako Kontseiluari pasatu. Organo hori aholku emailea da, eta denbora beharko du ebazpena kaleratzeko. «Gaiaren garrantzia ikusita, baliteke azkar egitea».

Ondoren, Nafarroako Parlamentuaren oniritzia behar du aldaketak. Legebiltzarrean bere bidea egin beharko du, baina ez dirudi oztopo politikorik edukiko duenik onartzeko. Gobernuko hiru bazkideek ez ezik, EH Bilduk ere babestu du eskualdatzea. Gainera, UPNk ere aurreratu du babestu egingo duela aldaketa —alderdi horrek argudiatu du Foruzaingoak eskumen osoa izan behar duela, baina gero hura Guardia ZIbilarekin partekatu—. 

Handik, testua Espainiako Gorteetara pasatuko litzateke. Kongresuan gehiengo politikoa dute, baina Senatuan ez. PPk gehiengo osoa du, eta jada ohartarazi du erreforma blokeatzeko asmoa duela. Alderdi Popularra transferentziaren aurka jarri da, argudiatuta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatzea dela haren helburua.

Blokeo politiko horri buruz galdetuta, Tabernak erantzun du «haien erantzukizuna» dela. Gogora ekarri du Foru Hobekuntza lege organiko bat dela: «Senatuak bi hilabete ditu tramitatzeko, baina, betorik egonez gero, Kongresuak gainditu dezake». PPk mehatxu egin du, esanez hori gertatuz gero balitekeela auzitara jotzea.

Aurretik beste bi erreforma

Foru Hobekuntza 1982an onartu zen, baina 41 urteotan beste bi aldaketa egin zaizkio testuari: 2001ean eta 2010ean. Lehen erreforman, Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzeko inbestidura sistema aldatu zen: gehiengo soil bidez hautatzeko bidea onetsi, eta lehen indarra automatikoki presidente egiteko aukera kendu zen.

Bigarren aldaketan, aukera gisa jaso zen lehendakari batek hauteskundeak aurreratzea erabakiz gero hurrengo agintaldiak lau urte irautea —aurreko sisteman, nahitaezkoa zen legealdia amaitzeko geratzen zen epean soilik gobernatzea, eta horrek eragotzi egiten zion lehendakari bati bozak aurreratzeko botoiari sakatzea—.

Orain hasi den prozeduraz gain, azaroaren 17an Nafarroako Parlamentuan lantalde bat osatu zen Foru Hobekuntzaren erreforma sakon bat aztertzeko. Lantalde horrek luze joko du: sei hilabeteko epemuga du, baina baliteke haren jardunak are gehiago irautea. Oraingo aldaketak ez du zerikusirik beste eztabaida politiko horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.