Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea hasiko da azaroaren 17an

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek lantaldearen alde bozkatu dute. Aldaketa oro Senatuan geraraziko duela ohartarazi du PPk

Foru Erregimeneko batzordean bozkatu zen atzo lantaldea sortzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte geroago, Foru Hobekuntza aztertzeko eta berritzeko lantaldea osatuko da berriz Nafarroako Parlamentuan. Atzo, Foru Erregimeneko batzordean PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera atera zuten lantaldea osatzeko eurek egindako eskaera; UPNk, PPk eta Vox-ek kontra bozkatu zuten. Urrats hori eginda, azaroaren 7an talde bakoitzak lantalderako ordezkaria eta haren ordezkoa izendatu beharko dituzte, eta azaroaren 17an, 12:15ean, abian jarriko da lantaldea. Sei hilabete izango dituzte ondorioen txosten bat lantzeko, baina epemuga luzatzeko aukera izango dute.

Atzoko eztabaidan Geroa Baiko Pablo Azkonari egokitu zitzaion lantaldearen sorrera defenditzea. Azkonak gogora ekarri zuen 2021eko azaroan onartutako ebazpen batean lantaldea osatzea galdegin zitzaiola parlamentuari eta udan hitzartutako akordio programatikoan ere eskari hori jaso zutela. Eztabaida «irekia, parte hartzailea eta gardena» izatea nahi du, aldez aurretik «inolako mugarik ezarri gabe». Geroa Baik bilatuko du, oraingoarekin alderatuta, etorkizuneko Foru Hobekuntza «sentsibilitate politikoen topagune hobea» izatea.

«Hobe berandu inoiz ez baino». Laura Aznalen arabera, «EH Bilduren aldarrikapen historikoa» aintzat hartu da, azkenik. Herritarren borondatea eta erabakitzeko ahalmenaren errespetua oinarri hartuta, «beharrezko eztabaida» da, EH Bildurentzat, eta haren helburuetako bat da eskubideetan sakontzea. «Demokratizazioaren prozesu hau sendotzea ez da soilik agenda subiranistaren eta independentistaren gaia. Uste dugu beste indarrekin eta sektoreekin zerumuga hori partekatu dezakegula, ongizate orokorraren aldeko indarrak batuta». Aznalek azpimarratu du erabaki oro herritarren eskuetan egon behar dela: «Etorkizuna behetik gora eraiki nahi dugu».

Eskuinetik etorriko zitzaizkion kritiken jakitun, PSNko Ramon Alzorrizek argi utzi zuen Foru Hobekuntzaren lehen artikulua ez dutela ukituko. «Esparru konstituzionalarekiko leial mantentzen gara». Aurretik adierazi bezala, zehaztu zuen euskararen arloan egungo legedia babestuko dutela: «Euskara zainduko dugu eta hura sustatuko dugu, baina gure lurraldearen errealitate soziolinguistikoa eta herritarren borondatea aintzat hartuta».

Uste du beharrezkoa dela duela 41 urteko legedia «eguneratzea», eta, horregatik, ez du ulertzen zerk eragiten duen hainbeste asaldura: «Zergatik da txarra legediaz hitz egitea?».

UPNko Javier Esparza poztu egin zen PSN ez dagoelako prest Nafarroako estatus politikoa aldatzeko. Alta, haren ustez, PSNk «garaipen bat oparitu die EH Bilduri eta Geroa Bairi». «Eztabaida hau ireki nahi zuten, independentziaz, erabakitzeko ahalmenaz eta estatusaz hitz egiteko aukera ematen dielako».

PPko Javier Garciak gogora ekarri zuen Foru Hobekuntzan egindako edozein aldaketa Espainiako Gorteetan onartu behar dela eta PPk gehiengoa duela Senatuan. «Sozialistek amore eman dute, eta guk geraraziko ditugu nazionalisten asmoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.