Atal bat bukatu da, eta beste bat hasi; zehazki, aurrekoari ekingo zaio berriz. Espainiako Kongresuaren gehiengoak gainditu egin du Senatuak ezarritako betoa, eta, ondorioz, aurrera atera du Foru Hobekuntzaren aldaketa. 179 boto alde; 170 kontra. Senatuan bezala, Alderdi Popularrak eta eskuin muturrak kontra egin dute, baina, oraingoan, indarren banaketa bestelakoa zenez, onartu egin da erreforma. Hala, Nafarroako berezko eskumenen artean trafikoaren zaintza jaso du testuak, eta horrek modua emango dio azkenik transferentzia prozesuari berrekiteko.
Ikusi gehiago
Modu horretan itxi da otsailean hasitako atal luzea. Ordu hartan, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen trafiko eskumena itzultzeko prozesua, zera argudiatuta: errepide zaintza ez zela Nafarroaren berezko eskumena, eta ondorioz transferentzia ezin zela dekretu bidez egin. Ebazpen hura juridikoki eztabaidagarri gerta bazitekeen ere, forma akats hura konpondu ahal izateko, Foru Hobekuntzaren «erreforma azkar bati» ekin zion Nafarroako Gobernuak.
Azkarra, bere neurrian. Geltoki ugariko bidea osatu behar izan baitu horretarako: lehenik, bi gobernuen arteko negoziazio mahaia osatu; gero, akordioa erdietsi, eta akordioa gobernu kontseiluetan berretsi; azkenik, legebiltzarretara eraman —lehenik, Nafarroako Parlamentura; gero, Espainiako Gorteetara—. Nafarroako Parlamentuan aurrera atera bazen ere, PPk eta Voxek kontra bozkatu zuten, eta Senatuan euren gehiengoa baliatu zuten betoa ezartzeko. Azkenik, gaur desegin da korapiloa.
Eztabaida beroa
UPNko Alberto Catalan izan da lehena hitz egiten. «Guk Nafarroa foral eta espainiarra berretsiko dugu, batzuei eta besteei min egin arren». Nahiz eta duela hilabete batzuk UPNk argudio bera erabili, Catalanek aurpegiratu dio PPri «gezurra» dela Guardia Zibila Nafarroatik kanporatuko dela. «Haiei esker gaude gutako zenbait hemen, baina erabat baztertzen dugu Nafarroa eta Guardia Zibila erabiltzea hauteskunde helburuekin». Alta, kritikatu egin du EH Bilduk autogobernuan sakondu nahi izatea. «Foru Hobekuntzaren aurka egiten dute eraso».
«Erabat baztertzen dugu Nafarroa eta Guardia Zibila erabiltzea hauteskunde helburuekin».
ALBERTO CATALANUPNko diputatua
Mikel Legarda diputatu jeltzaleak gogora ekarri du XIX. mendetik Nafarroako Diputazioaren menpe zegoela bideetako zaintza, eta konbustioko ibilgailuen trafiko zaintzaz ere arduratu zela 1963an frankismoak kendu zion arte. EAJko kideak, halaber, oroitarazi du Jose Maria Aznarren gobernuak eskumen hori itzultzea negoziatu zuela UPNren gobernuarekin. «Ordu hartan ez zen aurrera atera, baina ez hura zalantzan jartzen zelako», arrazoitu du. Hala, espero du «ergelkeriak eta itxurakeria alderdikoiak» albo batera utziko direla hemendik aurrera.
«2002an ez zen aurrera atera, baina ez PPk orduan zalantzan jartzen zuelako».
MIKEL LEGARDA EAJko diputatua
EH Bilduko Bel Pozuetaren irudiko, «egun ona da nafar guztientzat, eta egun txarra Espainiako eskuinarentzat, autogobernuan aurrera egitea galarazi nahi izan dutelako». Azpimarratu duenez, 2022ko azaroan aurrekontuen negoziazioan Madrilgo gobernuarekin EH Bilduk lortutako akordioari esker gauzatuko da frankismoak «ebatsitako eskumenaren itzulera, UPNren onespenarekin». Pozuetak nabarmendu du «ezkerrari esker» berreskuratu dela eskumena. Espero du urrats horrek balioko duela oraindik geratzen diren eskumenak lekualdatzeko, eta aurrerago, «instrumentu berriak» erdiesteko.
Sumarreko Lander Martinezek adierazi du politika baliagarria garaile atera dela «zarataren aurrean». Haren hitzetan, «agerian geratu da ezkerrak ausart eta tinko jokatzen duenean demokrazia eta instituzioak sendotzen direla».
«Egun ona da nafar guztientzat eta egun txarra Espainiako eskuinarentzat, autogobernuan aurrera egitea galarazi nahi izan dutelako».
BEL POZUETAEH Bilduko diputatua
PSOEko Santos Cerdanek hartu du hitza Voxeko diputatuaren ostean. PPri mintzatu zaio: «Edo autogobernuaren alde zaude, edo kontra; edo Nafarroako lege gorena errespetatzearen alde zaude, edo kontra». Cerdanek irmo gezurtatu du guardia zibilak kanporatuko dituztela, eta alderdi popularrari aurpegiratu dio «kalumniaren bidez eztabaida lokaztea eta Espainiako Gobernuaren asmoak auzitan jartzea». Une batez, PPko harmailetan eten egin dute haren mintzaldia: «Kontra bozkatuko duzue, labankada eman nafarrei, eta traizio egingo diozue gure lurraldeari».
Koldo auzia-n enpresaburu batek hainbat sozialistari ordaindu izana aitortu du; horien artean da Cerdan. PSOEko antolamendu idazkariaren arabera, «delitua egin izana aitortu dutenek ez lukete besteen izen ona zikindu behar». Alta, adierazpen horiek erasorako baliatu ditu PPk, noiz-eta Europako Batzordearen osaera prozesuan ageriko porrota izan duten honetan.
«[PPri] Kontra bozkatuko duzue, labankada eman nafarrei, eta traizio egingo diozue gure lurraldeari».
SANTOS CERDANPSOEko diputatua
Rol hori Sergio Sayasi egokitu zaio. Bere hitzaldian ez du Foru Hobekuntzaz hitz egin, eta ustelkeriaren aurka zentsura mozioa prestatzera dei egin die beste alderdiei. Bi aldiz kargu hartu dio Kongresuko presidenteorde lehenak, gaia ez duelako hizpide hartu, eta hitza kentzearekin egin dio mehatxu. Sayasek aurrera jo du: «Guardia zibilak kanporatu nahi dituzue zuen harmailak delitugilez beteak daudelako, eta ez duzuelako nahi haiek ikertzea». Halaxe lotu nahi izan ditu bi auziak diputatuak, zeina UPNtik kanporatua izan baitzen leialtasunik ezagatik.