Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Forondako eta Miñaoko jarduera suspertu nahi du EH Bilduk

Hegazkinen mantentze lanetarako eta droneak ekoizteko zentroak egin nahi ditu.Enplegua sortuko dela dio Fernandez de Pinedok

Kike Fernandez de Pinedo ahaldungai nagusia, taldekideekin batera, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pribatizaziorako prozesua ate- joka ari dela, Forondako aireportua suspertzeko egindako ahaleginek ez dute fruiturik eman. Azken urteotan hainbat traba izan ditu Forondako aireportuak, 24 orduko ordutegia murriztu eta muga ikuskaritzako gunea kendu zutenetik bereziki. Eta auziari irtenbidea eman nahian, proposamen bat landu du EH Bilduk. Foronda ez ezik, Miñaoko Parke Teknologikoaren jarduera «indartu, osatu eta dinamizatzeko» proiektuaere bada koalizioarena, Kike Fernandez de Pinedo ahaldungaiak jakitera eman duenez.

Gutxi erabilitako azpiegituretan oinarritzen da proposamena,Forondako aireportua eta Epsilon eraikina —Arabako parke teknologikoan dago— «hutsik» daudelako egun. Fernandez de Pinedok azaldu du Arabarako estrategikoa izan daitekeen sektore aeronautikoa dela proiektuaren ardatza, eta prestakuntza eta jarduera ekonomikoa sustatzea duela helburu. Bi proiektu martxan jartzea aurreikusi du koalizioak: batetik, hegazkin txikien mantentze lanetarako prestakuntza eta praktika zentro bat sortu nahi du, eta, bestetik, tripulatu gabeko aireontzi edo droneen garapen, hegaldi praktika eta erabilera egokirako prestakuntza zentro bat. «Biak egin daitezke Forondan, eta Epsilon eraikinean dauden bitartekoekin, azpiegitura berririk gabe, inbertsio urriarekin eta epe motzean».

Gisa horretako proiekturik ez dago Euskal Herrian, eta «erreferentziazkoa» bilakatu daitekeela uste du EH Bilduko hautagaiak. Abantailak baino ez ditu ekarriko proiektuak, haren aburuz: ez die «lehiarik» egingo gertuko aireportuei, eta «kalitatezko» enplegua sortuko du.

Droneen garapena, hegaldi praktika eta erabilera egokirako prestakuntza zentroa «etorkizun handiko» sektore bat den arren, instituzio publikoek ez dute bultzatzeko asmorik, Fernandez de Pinedo hautagaiaren arabera. Oker dabiltzala salatu du, Araban arlo hori lantzen duten enpresak badaudelako. «Erakundeetatik bultzatu beharreko sektorea da, betiere erabilera zibila eta giza eskubideak bermatzen dituzten erabilera bakarrik ematen bazaio». Gaur egun hutsik dauden Miñaoko azpiegiturak horretarako erabil daitezkeela uste du hautagaiak.

Forondarako proiektuaren inbertsioa, bestalde, txikia litzaketela nabarmendu du. EH Bilduko ahaldungai nagusiaren iritziz, Espainiako Gobernuak 24 orduko ordutegia ezarri eta Muga Ikuskaritzarako Gunea ezarri nahi ez duen bitartean, aireportuari bultzada eman ahal zaio proiektu hori martxan jarrita. «Azpiegitura berriak egin gabe, inbertsio txiki batekin eta denbora gutxian, Forondari bultzada eman eta Miñaoko parkean jarduera gunea sor dezakegu», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.