Anaiz Funosas. Bake Bidea kolektiboko kidea

«Foroan egon garenok lotuak gara, eta, batera, geroa dugu eraikitzeko»

Bakearen aldeko foroaz oso balorazio baikorra egin du Anaiz Funosas antolatzaileak: sostengu handia lortu duelako eta Aieteko bide orria Ipar Euskal Herrian abiarazi delako.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Irakaspen andanarekin atera da Anaiz Funosas (Baiona, 1979) larunbateko Bake Forotik. Besteak beste, jada bazekiena baieztatu diote nazioarteko eragileek: «Bake prozesuaren gakoa guk [herritarrek] dugu; denok gara gakoa».

Aieteko Adierazpena gizarteratzea zen zuen helburua. Helburua betea izan dela erran daiteke?

Arrunt, eta bete baino gehiago helburuak gainditu ditugula ere erran daiteke. Alde batetik, gizarte zibilaren osaera biziki zabala lortu dugulako, eta, bestalde, Aieteko bide orria Ipar Euskal Herrian abiatzea lortu delako.

Foroan, bukaerako hitzartzean argi utzi zenuen egun hori ez zela Aiete II, baizik eta Aieteren abiatzea.

Foro hori Aiete II gisa aipatu zuten anitzek, baina gure helburua ez zen Aiete II egitea, baizik eta Aiete praktikan jartzea, Ipar Euskal Herriko ikuspegitik, gure nortasunetik eta gure berezitasunetarik abiaturik. Gainera, ordezkari politikoek bertan egindako adierazpen bateratuak agerian utzi du ez dela Aiete II izan. Ez da errepikatze bat izan, baizik eta Aiete zinez martxan jartzea eta egingarritasun hori agerian uztea.

Hainbeste eragile jitea espero al zenuten?

Esperantza bagenuen, noski, bestela ez ginen sartuko hain asmo handiko foro batean. Baina lortzea, beste zerbait da... Bake Bidea talde ttipia da azkenean, 25 bat pertsona biltzen ditu, baina sendi genuen Ipar Euskal Herrian bakearen aldeko pausoak emateko aukera eta nahikaria bazela. Hori sentitu arren, gure sentipen hori egia zela ikustea sorpresa handia izan da. Anfiteatroa mukuru betea ikustea hunkigarria izan da. Eragileen ondoan jende xumea ere egon da, eta hori ere polita zen. Ipar Euskal Herrian inoiz ezagutu ez dugun momentua ezagutudugu. Hor egon garen guztiak lotuak gara, egun horrek eta Aietek lotu gaitu, eta orain geroa dugu elkarrekin eraikitzeko.

Geroa eraikitzeko lan horretan egun hori kontuan hartua izan beharko da.

Dudarik gabe. Izan hizlariak, izan entzuleak, parte hartzaile guztiek apustu hori egina zuten jada etortzearekin bakarrik. Bake Bidea taldearen izenean eskertu nahi ditut proiektu horri konfiantza eman dioten guztiak. Dugun historia eta iragana dugu, eta bakoitzak gure beldurrak ditugu; beldur horiek gainditurik etorri izanak erran nahi du borondate hori jadanik bazela.

Eragile politikoek adierazpen bateratu bat irakurri zuten bukaeran.

Bake prozesuaren bidean pauso biziki inportantea da adierazpen hori izenpetu izana. Ez da testu ttipia, hitz egiteko prest direla errateaz gain, zehaztapen garrantzitsu batzuk eman dituzte. Elkarrizketa bultzatu behar dela ere berretsi dute, bai alderdi politikoen artean baina ere bai jendartean. Elkarrizketak transbertsala izan behar du, ez da elite baten elkarrizketa, baizik eta denen esku den elkarrizketa. Momentu biziki azkarra izan da foroan.

Nola lortzen da UMPtik Batasunera guztiak biltzen dituen testu bateratu bat? Zerk ahalbidetu du hori?

Hori izenpetzaileei galdetu behar litzaieke, baina segur da Aieteko Adierazpenak sekulako eragina ukan duela Ipar Euskal Herrian.Azken hilabete hauetan, gaiez gai aritu dira batasuna lantzen, eta guztien artean gauzak aitzinarazteko konfiantza hein bat agertu da.

Nazioarteko adituak ere egon dira. Hainbat prozesuren adibideak eman dituzte, baina argi utziz bakoitza berezia dela eta Euskal Herriak berea asmatzen jakin beharko duela.

Bake Bidea mugimenduak ere dio gure nortasunetik eta ezberdintasunetarik abiaturik eraikiko dugula bakea. Garrantzitsua zitzaigun nazioarteko aditu horiek hor izatea hori entzunarazteko. Bakea egiten ez jakitearen sentsazioa sendi da maiz, baina bakea edonork eraiki dezakeela eta batez ere tokiko jendeetarik datorrela entzuteak segurtasuna eta lasaitasuna ematen du. Gurea asmatu beharko dugu, baina, entzun dugunarekin, osagaiak zein diren badakigu: elkarrizketa, ezberdintasunak, errespetua... Bizikidetza elkarrekin eraiki beharko dugu, adostasunean pausoz pauso joanez.

Frantziako eta Espainiako gobernuen blokeo jarrera ere gaitzetsi da behin eta berriz foroan.

Aieteko Adierazpenaz geroztik,behin eta berriz entzun dugu gizarte zibilaren partetik kezka hori. Nazioarteko adituek elementu garrantzitsu bat eman digute: gakoa guk dugu, denok gara gakoa; ez da gainean nonbait, guk daukagu. Aietek hori dakar, gizarte zibila egiten du prozesu honetako benetako eragile. Munduan ibilitako adituek argiki erran digute estatuek bake prozesuan sartu beharko dutela eta hori gizarte zibilak duela eraginen. Estatuek segi dezakete erraiten ez dela prozesurik, baina hemen bakearen bidean segitzen bada pauso gehiago ematen, ezingo dute gehiago ukatu. Foroko ondorio handietako bat izan da hori.

Bake prozesua izugarri luze izan daitekeela entzun da, halaber. Pazientzia eta indarra emateko balio al du horrelako foro batek?

Dudarik gabe, elkartzeak eta kopuru handian biltzeak indarra ematen du. Bakoitzak garen tokitik eta zailtasunekin eragiten dugu egunero prozesu horretan. Foroan hainbeste tokitako hainbeste jende biltzeak hausten du bakarrik garen sentsazioa. Bake Bidea taldekoek genioen 25 bat ginela, baina azkenean ehunka gara! Ukaiten ahal dituzun frustrazioak ez dira desagertzen, baina bide horretan segitzeko eta sakontzeko animoa eta gogoa agertzen zaizu. Harritu gara ikusita jendeak zenbat eskertu gaituen. Konponketa eta bakerako bidea luzea izanen da edo ez... RayKendall edota Hans-Joachim Giessmanek ongi azaldu zuten luzea izan daitekeela, baina indartsu bazara eta bultzatzen baduzu zu zarela denboraren jabe bilakatzen. Indarrak bilduz eta bultzatuz agian luzea izan daitekeen epe hori laburtzen ahalko dugu. Izan daitekeen etsipen hori ere ahultzera joaten da. Bake Bidea mugimenduko kideen eta foroaren antolaketan parte hartu duten anitzen gogoetan argi zen zer erantzukizun genuen. Ongi pentsatuz, izua ere eragiten zuen, baina bidea galdu gabe, aitzinera so egin eta abiatu gara.

Larunbatekoa ez zen egun soil bat izan. Ziklo baten hastapena da.

Bagenekien egun batean ez genuela fitsik konponduko, baina bagenekien ere bai egun batean ditugun lan sail guztiak mahai gainean pausa daitezkeela, gero atalez atal eztabaidatuz joateko. Orain, pausoz pauso, atalez atalhorretan ariko gara. Lau eztabaida pentsatuak ditugu.

Zein dira?

Bata, ondorioen inguruan. Behin eta berriz aipatu dira presoak, iheslariak, salbuespenezko legediak, desarmatzea... noski,horiek direlako prozesuaren barneko lehentasunezko gaiak. Horretaz hitz eginen dugu, eta egon diren esperientziak aztertuko ditugu, hemen ere zer-nola egin daitekeen ikusteko. Ondokoan, zentralitatea gizarte zibilari emanen diogu. Tarte bat kazetariei ere eskainiko diegu. Komunikabideek prozesuetan duten zeregina biziki inportantea da, eta beste herrialdeetan nola egin den ikusteak garrantzia badu. Ez dugu komunikabide alderdikariak sortzea aipatuko, baizik eta bakearen bidean bultzatzaile izateaz ariko gara. Ondokoan, lurraldearen berrosaketa aztertuko da. Lurralde elkargoaren eztabaida pil-pilean dugu, gainera. Bake Bidea- taldeak dio ezin dela eztabaida hori aparte utzi. Bukatzeko, adiskidetzeari buruz ariko gara. Bakoitzak badu bere iragana, iragan horrekin ez gara ados, baina onartu eta hitz egin behar dugu horretaz; gizartea ezingo da adiskidetu, ez bazaie tarterik ematen iraganari eta sufrimenduei. Ziklo horren bukaeran, gizarte zibilarentzako bide orri bat ateratzea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.