Foro Sozial Iraunkorrak uste du espetxe politikaren aldaketaren lehen fasea gauzatzen ari dela, oraindik helburu guztiak bete ez diren arren, eta hasi da begirada bigarren fasean jartzen. Lortu beharreko helburuak finkatu ditu: motibazio politikoko euskal preso guztiak Euskal Herrian egotea, euren eskubide guztien jabe, hirugarren gradura pasatzeko eskubidea edo zigor gehigarririk ez betetzekoa barne, eta «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko lanean» parte hartzen. Bigarren fase horri ekiteko «adostasun nahikoa» badagoela uste dute.
Orain dela urtebete inguru ekin zion Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatzeari. Tarte horretan, euskal preso ugari lekualdatu dituzte: batzuk Euskal Herriko espetxeetara ekarri dituzte, eta beste batzuk Euskal Herritik gertuago dauden kartzela batzuetara eraman dituzte. Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek esan duenez, gaur egun lau preso gelditzen dira Puerto 3 espetxean (Espainia), lekualdatzearen zain; horiek dira Euskal Herritik urrunen daudenak, eta, behin lekualdatuz gero, prozesuaren lehen fasea amaitutzat jo ahal izango da.
Lehen fase horrek «salbuespeneko espetxe politikaren neurririk ankerrenak gainditzea» ekarriko luke, Nekane Altzelaik azaldu duenez: urruntzea, sakabanatzea, bakartzea eta presoak sistematikoki lehen graduan sailkatzea iraganeko kontuak izango dira lehen fasea bukatutakoan. Horrek ez du esan nahi helburu guztiak bete direnik: preso asko ez dituzte Euskal Herrira ekarri, inguruko espetxeetara baizik, eta bigarren graduan atxikitzen dituzte. Foro Sozialak, hala ere, ontzat ematen du egoera hori, «aldi baterako etapa bat» dela ulertuta, eta uste du «abiapuntu egokia» dela urrats gehiago egiteko.
Foro Sozialak helburu batzuk finkatu ditu bigarren faserako: egungo egoera «trantsitorioa» gainditu eta motibazio politikoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea, hirugarren graduan sailkatzea horretarako baldintzak betetzen dituztenak, baimen arruntak ematea, eta, finean, «gizarteratze plan bat zehaztea», presoek euren banakako ibilbidean egiten dituzten urratsek «ondorioak» izango dituztela ziurtatzeko. Foro Sozialak egindako kalkuluen arabera, 119 presok baldintzak betetzen dituzte hirugarren gradua eskuratzeko, eta 34k irteteko baimen arruntak eskura ditzakete.
Beste bi helburu ere ezarri ditu Foro Sozialak: Frantziako kartzeletan betetako espetxe urteak aintzat hartzea zigorrak ez biderkatzeko, eta 7/2003 Legearen ondorioz kondenatutakoei «konponbide egokia» ematea. Nazario Oleagak esan duenez, badakite gai «konplexuak» direla, bereziki 7/2003 Legearen aplikazioari dagokiona, eta horregatik uste dute «gatazkak konpontzeko erabiltzen diren nazioarteko estandarrak» baliatu beharko liratekeela hemen ere, «berritzaileak izaten saiatuz» eta «justizia trantsizionaleko formak bilatuz».
«Kanpamentu nagusia»
Hernanek azaldu duenez, bigarren faseari ekiteko «kanpamentu nagusia» ezarri bada, hori izan da hiru eragile nagusiek —hau da, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak— horretarako borondatea izan dutelako, eta «adostasuna» eraiki delako esparru instituzional, politiko-sindikal eta sozialean.
Bigarren faseari ekiteko ere, adostasun hori behar-beharrezkoa izango da, eta, horri dagokionez, baldintzak betetzen direla eta gizartean «beharrezko adostasuna» badagoela irizten diote Foro Sozialean. «Urte askoko mesfidantza gurutzatuen ondoren, beharrezko konfiantza baldintzak sortzen ari dira eragileen artean», adierazi du Herranek.
Foro Sozialeko eledunak gogora ekarri du Pedro Sanchezen gobernuari bi urte eta erdiko agintaldia gelditzen zaiola: «Tarte horretan, badugu aukera bat zabalik».
LABek jakinarazi du bilera egin duela Foro Sozialarekin, elkarbizitzarako oinarriakzehazteko prozesuari ekarpena egin nahian.
Foro Sozialaren ustez, badago «adostasun nahikoa» urrats gehiago egiteko
Motibazio politikoko presoak gizarteratzeko prozesuaren lehenbiziko etapa «amaitzear» dagoela adierazi dute. Bigarren faserako helburuak zehaztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu