Foro Sozialaren ustez, adostasuna badago espetxe politika aldatzeko

Alderdiei eskatu die gaiari «tokia» egiteko aurkeztu behar dituzten hauteskunde programetan

Teresa Toda eta Nazario Oleaga, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak aurkeztuak ditu espetxe politikaren inguruan iaz antolatu zituen mahai inguruen ondorioak. Eta ondorio nagusia hau da: «adostasun handia» dago egungo espetxe politika aldatzearen inguruan, eragile politiko gehienak bat datoz horretan, eta, gainera, adostasun hori azken berrogei urteotako «zabalena eta zeharkakoena» da, «beste hainbat gai politikotan hain nabarmenak diren desadostasunetatik harago».

Foro Sozialeko Teresa Todak eta Nazario Oleagak azaldu dutenez, iaz bi mahai inguru antolatu zituen Foroak espetxe politikaren inguruan. Lehenengoa urtarrilean egin zuten, eta EAJren, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren ordezkariek parte hartu zuten. Bigarrena, berriz, azaroaren 20an izan zen, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, Bilbon, eta bereziki esanguratsua izan zen, lehen aipatutako lau alderdiez gain PPk ere esku hartu zuelako, eta, hortaz, estreinako aldiz bildu zirelako Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak espetxe politika aldatzearen egokitasunaz eztabaidatzeko.

Aurkezturiko dokumentuan, bilduta daude alderdi politiko bakoitzak mahai inguruetan azaldutako jarrera, eta jarrera horien arteko adostasun eta desadostasunak. Todak nabarmendu du EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren artean badagoela oinarrizko adostasuna zenbait punturen inguruan: esaterako, gaixo handi diren presoen auzian, gradu progresioa beharrezkoa dela gizarteratzea lortzeko, eta espetxe eskumenen transferentziaren inguruan.

Eragile politikoen jarrera biltzeaz gain, berea ere argitu nahi izan du Foro Sozialak, eta esan du Espainian espetxe politika ez dela oraindik «salbuespenetik» aldendu. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidentetzara iritsi ostean egindako iragarpenak gorabehera, egoerak funtsean bere horretan jarraitzen duela pentsatzen dute. «Emandako pausoak positiboak dira, baina motzak eta motelak», azaldu du Todak.

Foro Sozialak ulertzen du prozesua urratsez urrats joango dela, baina, era berean, pentsatzen du lege arruntaren aplikazioak eta «bizikidetza demokratikoari lagunduko dion gizarteratze prozesuaren garapenak» hainbat neurri eskatzen dutela; esaterako, preso guztiak Zaballako espetxera ekartzea, eta haiei bigarren gradua ezartzea.

Eskaera bat ere egin diete alderdi politikoei: laster hauteskundeak datozela kontuan hartuta, espetxe politikari «tokia» egitea euren hauteskunde programetan, eta gaiaren inguruan dituzten jarrera eta proposamenak azaltzea.

Bestalde, Foro Sozialak bat egin du datorren larunbatean Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioekin, eta iragarri du ordezkaritza bidaliko duela Bilboko mobilizaziora.

Covite, froga eske

Covite biktimen elkarteak adierazi du ez dagoela Espainiako Gobernuak iragarri duen protokolo berriaren aurka —gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei ezartzekoa da protokolo hori—, baina «frogak» eskatu ditu, ziurtatzeko protokolo hori ez dela egin «ETAko presoen neurrira». Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek esan du lehenbizi preso arruntei ezartzea dela hori frogatzeko modu bakarra, eta «ETAko presoak azkenak izatea» neurri hori ezartzeko orduan.

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen datuak ere eskatu ditu Covitek, protokoloan eskatzen diren baldintzak betetzen ote dituzten aztertu ahal izateko. Izan ere, elkarteak uste du hilzorian egoteagatik askatu zituzten zenbait preso medikuek aurreikusi baino geroago hil zirela, eta, hortaz, «mesede tratu onartezin eta erdeinagarria» eman zietela hildako preso horiei. «Adi egongo gara», ohartarazi du Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.