Foro Sozialaren gomendioetan sakonduko du Baionako Forumak

Gomendioen aurkezpenetik abiaturik, horiek praktikan nola gauzatu landuko du Bake Forumak

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Foro Sozialak maiatzean egindako gomendioetan sakontzea izanen da Baionako Bake Forumaren ardatz, gizarte zibila bihurdadin bake prozesuaren protagonista. Horrela jakinarazi zuten atzo Baionan Anaiz Funosas Bake Bideako eledunak, Iñaki Arzak Lokarriko kideak eta Magalie Bees Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko kideak. Goizeko bederatzietan hasita, hiru atal ukanen ditu Bake Forumak. Arratsaldeko oren batean labur bilduma eginen dute, eguneko elementu nagusiak nabarmentzeko.

Lehen atalean gomendioen testuingurua landuko dute. Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko kideak gomendioen osaketa eta horien garrantzia azalduko dute. Sarrera horren ondotik, gomendioen mamia aztertzeari ekinen diote. Harremanetarako Nazioarteko Taldeko hiru kide presente izanen dira horretako: Aaro Suonio, Irlandako armagabetze prozesuan izandako aditua; Silvia Casale eta Pierre Hazan. Casalek gomendioen ondorioetan sakonduko du, bereziki preso eta iheslarien itzuleran. Hazanek, aldiz, bake prozesua aitzina eraman trabak nola gainditu eta, bereziki, trantsizio justizia, egia eta bizikidetza landuko ditu. Hamabost minutuko mintzaldia eginen du bakoitzak, eta, ondotik, eragileen galderei ihardetsiko diete. «Ez dugu egin nahi aurkezpen zorrotz bat, baizik eta hizlarien eta ikusle-eragileen arteko solasa, gomendioetan sakondu ahal izateko», azaldu zuen Funosasek.

Preseski, gomendioak obratzeko bideak aipatuko dituzte 11:30etik aitzina Bake Bideak, Lokarrik, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeko kide batek eta Raymond Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide etaInterpoleko buru ohiak. Lehen mahai inguruko egitura bera atxikiko dute, aurkezpena eginez lehenik eta aretoan bildutako eragileen galderei erantzunez ondoren. Azkenik, Jean Pierre Massias unibertsitateko irakasleak eginen du lanen bilduma.

Gizartea da gakoa

Bake prozesuak ukan ditzakeen trabak gainditzeko, gizarte zibilaren protagonismoa funtsezkoa dela erran zuen Funosasek. Honen arabera, gomendioek aski oihartzun ukan zuten Hego Euskal Herrian, ez Ipar Euskal Herrian. Gomendioen garrantzia gizarteratzeko, Lokarrik abiaturiko Hitzorduak ekinbidea landu nahi dute. Adituek ez ezik herritarrek dutelako konponbidearen gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.