Memoria

Foro Sozialak «ustekabeko» topaketak antolatuko ditu, nazioarteko esperientzietatik ikasteko

Hitzaldi sorta batekin, «memoria kritiko inklusiboan» aitzina egin nahiko lukete. Ondotik Euskal Herrira ekartzea da asmoa.

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea, joan den urrian, Aieteko konferentziaren hamargarren urteurreneko ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 14a
12:14
Entzun

Aieteko Konferentziatik hamar urtera, Euskal Herrian egoera «hobea» dagoela uste du Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak, baina oraindik ere askatu beharreko hiru «korapilo» ikusten ditu: biktima guztien «egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea», euskal presoei politika «arruntak» aplikatzea, eta «modu desegokian kontakizunaren borroka deiturikoa». Foroak azken horretan jarri nahiko luke arreta datozen hilabeteetan, gaur Donostian egindako agerraldian jakinarazi duenez. Hain zuzen, «memoria kritiko inklusiboan» urratsak egin nahi lituzke, eta horretarako hainbat hitzaldi antolatu dituzte, Ustekabean, topo lelopean. Nazioarteko esperientzietatik ikastea da xedea, eta, horretarako, bertzeak bertze Hegoafrika, Kolonbia eta Irlandako esperientziak ekarriko dituzte Euskal Herrira. Asmoa da aitzinago filosofia bera Euskal Herriko egoerari aplikatzea, «elkargune publiko eta pribatuak» osatuta.

Lehendabiziko hitzaldia asteazkenean eginen dute, 18:00etan, eta Kamerungo eta Libanoko egoerak izanen dituzte hizpide. Antoine Bouba Kidakou eta Christina Foerch ariko dira solasean, Foro Sozialaren Youtube kanaletik. Kamerungo Maroua Unibertsitateko irakaslea da bata; Libanoko Fighters for Peace-eko nazioarteko harremanen arduraduna bertzea.

Agus Hernanen ustez, momentu «egokia» da memoriaren gaian urrats «ausartak» egiteko: «Gaur egun espazio politikoan eta mediatikoan dagoen krispazio eremutik espazio eraikitzaileago batera pasatu behar dugu, eztabaida sosegatuagora, mikrofonoetatik kanpo». Horrek emanen luke aukera pausoak emateko, Hernanen ustez: «Modu pribatuan eragile guztiek bat egiten dute ez dela kontakizun bakar bat izango; beraz, unea da urrats ausart bat egiteko eta eztabaida marko berri bat sortzeko, non kontakizun guztiek ekarpena egiten ahalko duten, irakurketa kritiko bat eginez eta planteamendu inklusibo batekin». Hernanen ustez, kontakizunak «poliedrikoa» izan behar du, eta Euskal Herriko «sentsibilitate guztiak» hartu behar ditu kontuan, iraganaren interpretazio «kritikoa» eginez, «akatsetatik ikasteko». Azpimarratu du ez litzaiekeela «ardura» hori hurrengo belaunaldiei utzi behar: «Gure belaunaldiaren ardura da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.