Foro Sozialak uste du Hegoaldean ere konfiantza giroa sortzen ari dela

Gaixorik dauden presoez alderdiek eta sindikatuek akordioak egin izana nabarmendu du. Etorkizuneko gakotzat jo du ETAren desmobilizazioa

Nekane Altzelai eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko kideak, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Asko hitz egiten da gatazkaren ondorioen atalean Ipar Euskal Herrian dagoen bat egite sozio-politikoaz, baina Foro Sozial Iraunkorrak uste du Hego Euskal Herrian ere azkeneko urtebete honetan eman direla aurrerapauso batzuk eta, ondorioz, ari dela konfiantza giro bat sortzen. Hala azaldu dute foroaren eledun Nekane Altzelaik eta Teresa Todak Donostian, 2017. urteaz balorazio bat egiteko prentsaurrekoan. Gaixorik dauden euskal presoen inguruan eragileek azaldutako jarrera aipatu dute adibide gisa. «Gaixo dauden presoei buruz Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean erdietsitako akordioetan ikusi ditugu aurrerapausoak. Sindikatu guztiek norabide berean emandako pausoak ere nabarmenak izan dira».

Altzelaik eta Todak adierazi dute pasa den maiatzean IV. Foro Sozialaren ondorioak aurkeztu zituztenetik aurrera bilgunearen helburua euskal alderdien eta sindikatuen artean «konfiantza giroa» sortzea izan dela, «haien artean harremanak egon daitezen, presoen gizarteratzeareninguruan ahalik eta akordiorik transbertsalena lortzeko».

Azkeneko urtebetearen bilakaera aztertuta, foroaren iritzian «agerian» geratu da euskal gizartea «norabide egokian» ari dela bidea egiten. Hiru eremu administratiboak aipatu dituzte: Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herria. «Errei bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, baina hirurek helburu berbera dute: preso, iheslari eta deportaturik gabeko bake agertoki bat lortzea». Hala ere, zuhurtziaz mintzatu dira Toda eta Altzelai: «Aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina onartu beharra dago oraindik ondorio nabarmenik ez dela izan».

Iparraldeko metodoa

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena «nabarmendu» dute. ETAren armagabetze prozesuan erabilitako metodoaren «eraginkortasuna» euskal presoen auzian ere «finkatu» egin dela iritzi diote. Foroak azaldu du «arrakastaren eredua» dela Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte zibilak eta erakundeek eta EPPK-k osatutakoa. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariaren engaiamendua goretsi dute: «Justizia Ministerioaren aurrean egin den lan instituzionala lideratu du, eta gizartezibilak antolatutako manifestazioaren buruan ere egon zen».

Frantziako Estatuak zazpi euskal presori DPS estatusa kendu eta beste bat Mont de Marsan (Okzitania) espetxera gerturatu izana «gauzak aldatu daitezkeen keinutzat» jo ditu Foro Sozial Iraunkorrak. «Bide beretik jarraitu behar da, interlokuzioarekin, indarrak batuz, aipatu dugun hirukoaren inplikazioarekin...». Abenduaren 9an Parisen izandako manifestazioa «beste mugarri bat» izan dela esan dute, eta deitoratu dute Espainiako Estatuak oraindik ez duela jarrera aldatu; «ulertezina da».

ETAren desarmatzea eman ondoren, haren desmobilizazioa ere «etorkizuneko gako» gisa jo du bilguneak. DDR agenda jarraitzeko eskatu du: armagabetzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea. «Formula hori konponbide integrala lortzeari begira oso tresna garrantzitsua da». Bere geroaz eztabaida bat garatzen ari da ETA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.