BIKTIMAK

Foro Sozialak ETAren biktimen ekarpenak eman dizkio legebiltzarrari

Txosten bat osatu du irailaren 12an ETAren biktimekin egindako topaketan jasotako ekarpenekin. Pausoak «berandu baino lehen» ematea galdegin dute biktimek.

Agus Hernan eta Tasio Arrizabalaga, gaur, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 11
12:44
Entzun

Agus Hernan eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozial Iraunkorreko kideak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur, eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteari ETAren zazpi biktimaren ekarpenekin osatutako txostena eman diote. Irailaren 12an biktima horiekin egindako topaketaren emaitza da txostenean jasotakoa, eta parte hartzaileek egindako hainbat proposamen eta kritika biltzen ditu. Arrizabalagak laburbildu ditu ondorioak legebiltzarrean egindako agerraldian, eta, bertzeak bertze, nabarmendu du Euskal Herriko egoera «positiboki» baloratu zutela topaketa hartan egondako biktimek, «gizarte berria eta kohesionatuagoa» delako oraingoa, «ETAren indarkeriarik» ez dagoenez gero: «Baina indarkerien zikloaren ondorioak ebaztea jada ez da lehentasunezkoa, eta gai horren gaineko ardura eskatu zuten», azaldu du Arrizabalagak.

Askatzeko hainbat «korapilo» daude oraindik, topaketa hartan parte hartu zuten biktimen ustez: «Memoria inklusiboa» eraikitzea, «giza eskubideen urraketa guztiak eta gertatu den guztia» aitortzeko; indarkeria jasan duten guztien errekonozimendua; argitzeke dauden kasuak argitzea; autokritika egitea, bakoitzak egindakoa onartuta; «indarkeriari zilegitasuna» kentzea, «etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko tresna gisa», eta egungo espetxe politika «normalizatzea». Pausoak «berandu baino lehen» emateko eskatzen dute biktimek, «denbora gehiegi igaro eta eragina galdu baino lehen».

Kritikak eta kezkak

Hainbat kritika eta kezka ere agertu zituzten Foro Sozial Iraunkorraren topaketan parte hartu zuten ETAren biktimek, eta horiek ere bildu dituzte txostenean. Erraterako, gertatutakoa ahazteko arriskua dagoela ohartarazi zuten biktimek. Kritika egin zieten, halaber, biktima elkarte batzuei, «biktimen eskubideen defentsan lan egiteko beren funtzioa gainditu» dutelako. Presoen ongietorriak ere izan zituzten hizpide: espazio publikoetan ospatzeari kritika egin zioten, «birbiktimizazioa» eragin  dezaketelako. Era berean, erakundeek biktimei «arreta nahikoa» ez ematea salatu zuten. Sufrimenduari eta erantzunkizunari buruz, berriz, «gauzak argi bereiztearen garrantzia» nabarmendu zuten: «Indarkeria erabili edo sustatu duena ezin da alderatu indarkeria jasan duenarekin».

Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak adierazi du «oso kontuan» hartzen dituztela biktimek egindako ekarpenak: «Kontuan hartu dugu bertan esandakoa, gaur aurkeztu dugun txostenean jaso dugu, eta gurekin lan egiten duten hainbat eragile sozial, politiko eta instituzionali helaraziko diegu». Nabarmendu du «euskal gizarte osoaren, herritarren eta eragile instituzional eta politikoen erantzukizuna» dela «giza eskubideen urraketa guztiak ezagutzea, ezagutaraztea, aitortzea eta erreparatzea». Bide horretan biktima guztiei laguntzen jarraituko duela adierazi du Foro Sozial Iraunkorrak.

Hauek izan ziren topaketan parte hartu zuten biktimak: Josu Elespe, Iñaki Garcia Arrizabalaga, Maria Jauregi, Gorka Landaburu, Maixabel Lasa, Alberto Muñagorri eta Naiara Zamarreño.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.