Altsasuko Auzia

Foro Sozialak esan du Altsasuko auzia bakerako eta elkarbizitzarako aukera bilaka daitekeela Nafarroan

"Euskal gatazka ukatzen duten Nafarroako eta Madrilgo sektoreek" Altsasuko auzia "ziklo biolentoaren barnean" kokatu nahi izana salatu du bakearen aldeko foroak.

Iruñeko Kondestablearen Jauregian Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak elkarretaratzea egin du epitutako Altsasuko gazteen gurasoekin batera. IDOIA ZABALETA / FOKU
2019ko uztailaren 24a
10:08
Entzun

"Altsasuko auziari irtenbide ponderatu bat eman behar zaio". Hala esan dute Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko kide Expe Iriartek eta Txemi Perezek, gaur, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Altsasuko Gurasoen taldearekin batera egindako agerraldian. Haien ustez, Altsasuko auzia oztopo bilakatu da biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean, baina aukera ere bihur daiteke: "Altsasuko herriak elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du, eta eredugarria izan daiteke datozen lau urteetan Nafarroan egin behar den lanerako".

Nafarroako Gobernua osatzeko bidean, PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hitzartutako akordiorako oinarria nabarmendu dute Iriartek eta Perezek, "azken lau urteetan egindako bideari jarraipena ematen zaiolako". Gainera, adierazi dute "nafar jendartearen gehiengoak elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat" nahi duela.

Foro Sozialak 2016. urtean egin zuen Altsasuko auziari buruzko azken balorazioa. Ordu hartan ondorioztatu zuten hobe zela auzi hura euskal gatazkaren logikatik ateratzea. Hala ere, auzi judizialaren bilakerak berak eta auziak hartutako oihartzun zabalak jarrera aldatzera behartu ditu: "Altsasuko gertaerak indarkeria zikloarekin lotu nahi izan dituzten sektore eta epaitegi horiek ukatu egiten dute Nafarroan eta Madrilen gatazka izan dela".

Horrekin batera, auzipetutako gazteen kontrako "diskriminazioa" salatu dute Foro Sozialekoek: "Irizpide ideologiko politikoen araberako zigor ereduaren erabilera hedakorrari ate handia zabaltzen zaio".

Adierazpenak Altsasuko gazteen familien babesa jaso du. Edurne Goikoetxea eta Antxon Ramirezek hitz egin dute gurasoen izenean. Epaiketaren amaiera elkarbizitzarako ekarpen handia izan daitekeela esan dute. Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 18an abiatuko du Altsasuko familiek aurkeztutako helegitea. Aurretik, abuztuaren 10erako, auzipetutako gazteetako hiruk kartzelan mila egun betetzen dituztenerako, mobilizazioak antolatuko dituztela jakinarazi dute Altsasuko gurasoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.