Foro Sozialak EPPK-ko presoekin biltzeko eskatu dio legebiltzarrari

Lokarrik eta Bake Bidean-ek ados jartzeko deia egin diete alderdiei, presoen auzia konpontzeko.EAJ eta EH Bildu prest agertu dira Foro Sozialaren aholkuak bere egin eta eskaerak lantzeko

Peio Dufau Bake Bidean-eko bozeramailea eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek mahai gainean dituzte euskal presoen egoera «errotik» aldatzeko Foro Sozialak joan den urrian aurkeztutako proposamenak. Presoen auzia askatzekolandutako gomendioak esku artean izanik, «akuilu lana» egiteko eskatu diete Paul Riosek (Lokarri) eta Peio Dufauk (Bake Bidean) legebiltzarkideei. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egon dira Rios eta Dufau, eta dei egin diete taldeei euskal presoen gizarteratzean eta presoek bizikidetzari egin diezaioketen ekarpenetan «ados jartzeko».

Akordioaren bidea lantzeko hiru eskaera egin dizkiete. Batetik, Giza Eskubideen Batzordeko kideei galdegin diete Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) ordezkariekin bilera egin dezatela, ezagut dezaten presoek «gizarteratzeko eta bizikidetza eraikitzeko» dituzten proposamenak. Legebiltzarrak EPPK-ko solaskidearekin harremanak izatearen garrantzia azpimarratu du Riosek, presoek «informazio zuzena» eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten,«egun dituzten trabak gaindituta». Oztopo horien artean daude, Riosen esanetan, euskal presoek bisitak izateko dituzten «mugak», sakabanaketa politika eta presoen abokatuen aurkako sarekadaren ondorioz «laguntza juridikoa» jasotzeko dituzten zailtasunak.

Euskal presoen «oinarrizko eskubideen» errespetuari lotutako beste eskaera bat ere egin diote Foro Sozialeko ordezkariek Giza Eskubideen Batzordeari: presoen giza eskubideen «errespetu eta berme maila» ebaluatzeko txosten bat egiteko. Foro Sozialaren proposamenak gogoan hartuta, Riosek gogoratu du presoen eskubideak «baldintzarik gabe» bermatu behar direla, «edozein dela ere bake prozesua eta bizikidetzarekiko haien jarrera». Ezinbestekotzat jo du, halaber, Espainiako eta Frantziako gobernuen sakabanaketa estrategiak amaitzea, eta kartzela zigorra bete duten presoen askatzea atzeratzeko neurriak amaitzea. Horrekin batera, legebiltzarrari galdegin dio espetxe eskumena EAEren esku uzteko eska diezaiola berriro Espainiako Gobernuari, Gernikako Estatutuan adierazitakoari jarraituta.

Riosek azpimarratu du ezinbestekoa dela baketzean aurrera egin eta presoen auzia konpontzeko alderdien ekarpen «eraikitzailea». Hala, presoen afera eztabaida politikoetatik atera eta ados jartzeko «lan trinkoa» egiteko eskatu die alderdiei. Ildo horretan, Dufauk eredugarritzat jo du Ipar Euskal Herrian lortutako adostasuna. Gogoratu du Ipar Euskal Herriko ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek sinatu zutela Baionako Adierazpena, eta, besteak beste, Frantziako Gobernuari ETArekin mintzatzeko eskatu ziotela. Bide beretik lan egitea dagokie orain euskal eragile politikoei, haren ustez: «Gure lana eta zuena blokeoa gainditzea da».

EAJ eta EH Bildu, prest

Foro Sozialak egindako proposamenak bere egin eta legebiltzarrari egindako eskaerak aztertzeko konpromisoa hartu dute EAJk eta EH Bilduk. Maribel Vaquero EAJko legebiltzarkidearen ustez, bertan behera utzi behar da estatuaren «salbuespen legedia», baina aldi berean euskal presoek badute «zer egin eta zer esan bizikidetzari begira».

Foro Sozialaren eskaerak legebiltzarrean lantzeko konpromisoa hartu du Julen Arzuagak, EH Bilduren izenean. Izan ere, bake bidean urratsak egitea funtsezkoa dela esan du, batez ere azken gertakari «larriek» ataka zailean utzi dutelako prozesua. Besteak beste, kezka azaldu du presoekiko elkartasuna «kriminalizatu» delako, eskubideak urratzeko «berariazko neurriak» hartu direlako eta «etsaiaren legea» ezarri delako. Horrekin batera, espetxe politikaren eskumena eskatzeaz gainera, eskumen hori nola erabiliko den argitze aldera, hainbat adituk legebiltzarrean agerraldiak egitea proposatu du.

PSEk, berriz, ez die heldu Foro Sozialak egindako eskaeren edukiei, baina prest agertu da euskal presoen gizarteratzean laguntzeko. Nolanahi ere, Rodolfo Aresek ohartarazi du presoei dagokiela urratsak egitea, aurrera egin nahi bada: «ETArekin apurtu, egindako mina aitortu eta joko arauak errespetatu behar dituzte». Bestalde, PPko kideek ez dute parte hartu eztabaidan, denboraleagatik ez direlako garaiz iritsi, baina oharra kaleratu zuten gero legebiltzarraren eta ETAko presoen artean bilera egitea «negargarria» litzatekeela esanez. «Beste kolpe bat biktimentzat».

Sarek ere kaleratu zuen oharra «babes osoa» emanez Foro Sozialak egindako proposamenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.