Foro Sozialak egiaztatu du espetxe politikan aldaketa gauzatzen ari direla

Foroak ohartarazi du «aldaketaren aurkako lobby indartsu bat» dagoela. «Bermeak» eskatu dituzte presoak gizarteratzeko ibilbideetarako

Ezkerretik hasita, Aitzol Asla eta Teresa Toda, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorrak Behatokiaren hirugarren zenbakia plazaratu du. Espetxeen egoeraren inguruan sei hilabetean behin argitaratzen duen txostena da Behatokia, eta oraingoan egiaztatu du Espainiako Gobernuaren espetxe politikan «aldaketa» gauzatzen ari dela, batez ere lekualdaketei dagokienez. Hala ere, ohartarazi dute oraindik badaudela konpondu beharreko arazoak, eta «aldaketaren aurkako lobby indartsu bat» dagoela, zenbait esparrutan, batez ere Espainiako Auzitegi Nazionalean, eragiteko gaitasuna duena.

Foro Sozialaren bozeramaileek gogorarazi dute Espainiako Gobernuak 2020ko apirilean iragarri zuela espetxe politika aldatzen hasiko zela, batez ere euskal presoen urruntzeari zegokionez, baina lehenengo lekualdatzeak 2020ko ekainaren 19an egin zituztela. Beraz, gaur da urtebete Espainiako Gobernua horren norabidea aldatzen hasi zela.

Txostenean hainbat datu agertzen dira, urtebete honetan izandako bilakaera erakusten dutenak. Gaur egun, motibazio politikoko 210 preso daude, gehien-gehienak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin bat egiten dutenak. Horietatik 57 Euskal Herriko espetxeetan daude; 128, Espainiakoetan, eta 25, Frantziakoetan. Euskal Herrian daudenak euskal preso guztien %31 dira, eta duela sei hilabete %13 ziren. 150-400 kilometrora daudenak %61 dira, eta %41 ziren duela sei hilabete. 400-600 kilometrora daude presoen %7, eta urtarrilean %18 ziren. Azkenik, presoen %1 daude 600 kilometro baino urrunago; duela sei hilabete %28 ziren.

Horrek esan nahi du zenbait kartzelatan ez dagoela euskal presorik orain. Egun, ez dago euskal presorik Valentzian eta Galizian; hiru baino ez daude Andaluzian, eta bakar bat ere ez bakartze egoeran. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanotzako kide Aitzol Aslak esan du balantze orokorra «positiboa» dela, aldaketa «espero baino mantsoago» gauzatzen ari den arren.

Egoera ez da hain baikorra

Hala ere, eta lekualdatzeei dagokienez emaitza positiboa den arren, beste zenbait arlotan egoera ez da hain baikorra. Horren adibidetzat, Aslak hauek aipatu ditu: gradu progresiorako eta baldintzapeko askatasunetarako «salbuespenezko legediek ezartzen dituzten zailtasunak, lege arruntak eskatzen duenetik harago doazenak», beste estatuetan bete diren kondenen batuketa ez onartzea eta 7/2003 legearen aplikazioa.

Gradu aldaketari dagokionez, gaur egun sei preso baino ez daude lehen graduan, hots, bizi baldintzarik makurrenak ezartzen dituen gradua; duela sei hilabete 78 ziren. Preso gehienak bigarren graduan daude, 157; urtarrilean ehun ziren. Hirugarren gradua lortzeko bidean egon da aldaketarik txikiena: urtarrilean 11 preso zeuden hirugarren graduan, eta orain hamahiru dira, hau da, bi gehiago.

«Kontuan hartzen badugu estatu espainiarrean dauden presoen artean 53k jada kondenaren hiru laurdenak bete dituztela, eta, beraz, hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko aukera izango luketela, pentsa dezakegu non egongo diren arazoak edo oztopoak hurrengo fasean», esan du Aslak.

Foro Sozialeko eledun Teresa Todak nabarmendu du preso ugari Euskal Herriratzeak edo hurbiltzeak «lasaitasuna» ekarri diela senitartekoei, baina erantsi du dena ez dagoela «eginda», eta urrats batzuk «motz» geratzen direla. Gainera, azaldu du «espetxe zigorren ikuskera mendekatzailea» ezarri nahi duen lobbyak indarrean dirauela oraindik ere, eta, adibidez, Espainiako Auzitegi Nazionalean «txertatuta» dagoela. Horregatik, berriro esan du Foro Sozialak askotan esandakoa: gizarteratze ibilbideek «bermeak» behar dituztela, prozesua amaieraraino eraman ahal izateko.

Txostenean jasotako datuen arabera, hemeretzi presok gaixotasun larriak dituzte; hamar presok 70 urte baino gehiago dituzte, eta 86 adingabe daude espetxera joatera behartuak senideak ikusi ahal izateko; horietako bat amarekin dago kartzelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.