Foro Sozialak behatoki bat sortu du espetxe politikaren bilakaera aztertzeko xedez

Sei hilean behin txosten bat plazaratuko dute; lehena aurkeztu dute. Urrunen dauden presoekin «keinu bat» izateko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Agus Hernan, Aitzol Asla eta Teresa Toda, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokia sortu du Foro Sozial Iraunkorrak, espetxe politikaren bilakaeraren «jarraipena» egiteko eta horri buruzko «informazio garden eta zuzena» emateko. Foro Sozialeko kide Agus Hernanek eta Teresa Todak esan dutenez, espero dute behatokia «tresna eraginkorra» izango dela espetxe politikaren aldaketa lortzeko lanean.

Behatokiak txostena argitaratuko du sei hilabetean behin, eta lehenengoa aurkeztu dute Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan egindako agerraldian. Presoen egoeraren inguruko datu eguneratuak emateaz gain, txostenean badago Etxerat elkarteak egindako azterketa bat COVID-19aren pandemiak espetxeetan izan duen eraginaz, eta Valentziako Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) Zigor Zuzenbideko irakasle Javier Mira Benaventek analisi bat ere badakar, presoen gizarteratzeari buruzkoa.

«Espetxe politikaren aldaketaren aldeko partida irabazita dago euskal gizartean, alderdi politikoetan, sindikatuetan eta instituzioetan», esan du Teresa Todak. «Ez da horrela izan, ordea, praktikan partida hori jokatzen den eremuan, errealitaterik gordinena bizi den tokian; Espainiako Estatuan». Horretan ere eragin nahi du behatokiak, eta, horregatik, txostena igorriko die Espainiako instituzio eta eragile ugariri.

Izan ere, Todaren aburuz, «iraganeko logikekin jarraitzen duten alderdiek» segitzen dute espetxe politika berri bat ezartzearen kontrako jarrera sustatzen, eta horrek «eragotzi egiten dio Pedro Sanchezen gobernuari alor honetan urrats ausartagoak egitea».

Horregatik, Foro Sozialak pentsatzen du beharrezkoa dela Espainian ere «iritzi korronte demokratiko bat sortzea», eta horretarako «informazio egiaztatua eta datu zehatzak eta gardenak eskaintzeak» berebiziko garrantzia du. Helburu hori lortu nahi dute behatokiaren bidez.

Aitzol Asla abokatu eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanatuko kideak azaldu ditu behatokiaren txostenek izango dituzten ezaugarriak: «Espetxeei buruzko datu eguneratuak eta presoen egoerari buruzko informazio zehatza emango ditu».

Halaber, behatokiak informazioa emango du alderdi juridikoaren garapenari buruz, eta «jazo daitezkeen gertakari garrantzitsu eta larrien jarraipena ere egingo du, bai eta horien inguruan egin diren urratsena ere», azaldu du Aslak.

Argi-ilunez beteriko egoera

Agus Hernanek aztertu du espetxe politikak azken hilabeteetan izan duen bilakaera, eta esan du «argi-ilunak» daudela egoeran. Oraindik preso gehienak Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetan daude, eta lehenengo gradua ezartzen diete. Bestalde, graduen progresioan aurrera egin da azken hilabeteetan, baina urrats horiek oraindik ere «apalak» dira.

Hernanen arabera, pandemiaren kontra hartutako neurriek «sakondu» egin dute presoak gerturatzeko beharrari buruzko eztabaidan, preso asko bisitarik gabe utzi dituelako eta arazoa agerian laga duelako. Horregatik, «keinu bat» eskatu die Espainiako Gobernuari: Galizian, Herrialde Katalanetan, Andaluzian eta Murtzian (Espainia) dauden presoak berehala Euskal Herrira gerturatzea.

Hernanen aburuz, keinu horrek euskal gizartearen gehiengoaren borondateari erantzungo lioke, eta, gainera, orain arte egindako urrats «apalek» presoen senideengan eragin duten «frustrazioa» arintzeko ere balioko luke: «Ez dugu ahaztu behar presoen auzia konpontzeak eragin positiboa duela bizikidetza demokratikoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.