«Kongresuan gertatu dena guztiz gaitzesgarria da, biktimizazio onartezin bat eragiten duelako. Biktima guztiek, torturatuak izan diren guztiak barne, egia, justizia eta erreparazioa merezi dituzte. Babes politiko eta instituzionala premiaz behar dira». Hitz horiekin salatu dute Foro Sozialeko ordezkariek Macarena Olona Espainiako Kongresuko eskuin muturreko diputatuak atzo, atxiloketa baten kontakizuna eginez, torturatuen inguruan egin zituen adierazpen polemikoak.
Ukrainako guduak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko ekonomia plana onartu eta gutxira egin zituen adierazpen horiek eskuin muturreko diputatuak, Vox alderdiak sekretu ofizialen batzorde bat osatzeko eztabaidan hitza hartu zuenean. Hala adierazi zuen: «Torturatu egin ninduten. Ni lotan nengoen, etxean, eta, gauaren erdian, agente talde bat abisatu gabe sartu zen. Aurpegia estalirik zeramaten. Ohetik jaikitzera eta hormaren aurka jartzera behartu ninduten. Beldurra izan nuen; ez zidaten utzi ondasun pertsonalik ukitzen. Arma pila bat zituzten. Izuturik nengoen. Soinean txiza egin nuen. Torturatu egin ninduten».
Lo ocurrido en el Congreso es absolutamente reprobable porque genera una revictimización inadmisible.
— Foro Soziala (@ForoSoziala) April 28, 2022
Todas las víctimas, también las de la tortura, tienen derecho a la verdad, la justicia y la reparación.
Urge amparo institucional y político. pic.twitter.com/tEK3pf6v7t
Adierazpen gogor horiek, gainera, ironiaz beteriko tonu probokatzaile batean eta torturatuei barre eginez egin zituen Voxeko diputatuak: patxadaz irakurri zuen kontakizuna, poliki, esaldi bakoitzean indarra jarriz eta esaten zihoana keinu ugari eta askotarikoen bidez nabarmenduz.
Batzuen ustez, Andaluziako hauteskundeen kanpainaren aitzakian mintzatu zen tonu horretan Olona; izan ere, hauteskundeei begira dago jada, eta, atzo haren ahotik ateratakoak entzun dituztenen iritziz, horregatik igo zuen tonua ohi baino are gehiago, bere hitzen oihartzun egingo ziren kameren eta fokuen bila.