Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak espetxeen kudeaketaren eskumena transferitzea adostu izana «beharrezko urratsa» zela erran du Foro Sozialak. «Urrats horrek erraztu egin beharko luke espetxe politika normalizatua aplikatzea motibazio politikoko delituengatik kondenatutako pertsonei, eta oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriak amaitzea», nabarmendu du agiri batean.
2018ko irailean aurkeztu zuten Konponbiderako premiazko agenda Foro Sozialak, Sarek eta Etxerat-ek, eta hori izan da orain arte arlo horretan izan duten bide orria. Plataformak uste du lehenengo fasean konpondu gabe zeuden hiru gaiak ixteak —urruntze politikaren eta lehen graduaren amaiera eta espetxeen transferentzia— aukera emango duela agenda horretako bost puntuen gehiengoa ixteko.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren ustez, transferentzia horrek bide ematen du bertzelako espetxe politikak egiteko. «Urrats bat da, ez preso politikoentzako urratsa, baizik eta Euskal Herriko preso guztientzat. Orain aukera ireki zaigu erakusteko presoekin beste politika batzuk egin daitezkeela», adierazi zuen atzo, prentsa agerraldi batean.
PP+C's koalizioaren legebiltzarkide Luis Gordilloren esanetan, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak espetxeen transferentziarekin adostutakoak ezin du izan «ETAko presoentzako neurrira egindako jantzi bat». Ohar batean kritikatu zuen Eusko Legebiltzarrean ez dutela akordioaren edukiaren berri.
Foro Soziala: «Espetxe politika normalizatua ekarri beharko luke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu