Foro Sozialaren azken jardunaldia

Foro Sozial Iraunkorrak bere ibilbidea bukatu du Donostiako jardunaldian

Ikasitakoak datorrenari utzita agur esan dio zazpi urteko ziklo bati; ikaskuntzak plazaratu dituzte  Foro Sozialean aritutakoek, Kursaalean egindako agerraldian.

Foro Sozialaren azken topaketa, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 18a
13:30
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak «etorkizuneko erronkei aurre egiteko» hamabi ikaskuntza utzita amaitu du bere ibilbidea. Kursaalean, VI. eta azken Foro Sozialeko amaiera agerraldian, Agus Hernan eta Nekane Altzelai eledunek adierazi dute foroaren ibilbidea «oso emankorra» izan dela, baina nabarmendu dute oraindik urratsak geratzen direla bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean.

I. Foro Sozialetik seigarrenera arteko bidea «zaila eta neketsua» izan dela esan dute, baina prozesuaren erronka nagusiak identifikatzeko balio izan du. «Ezinezko» ziruditen gaietan ere aurrera egin da: ETAren armagabetzean eta desegitean, presoen egoera «desblokeatzean», biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan, eta gizartearen adiskidetzean. «2013an inork imajinatzen ez zuen egoerara iritsi gara».

Politika, sindikalgintza eta talde sozialetako eragile batzuen aurrean aritu dira Hernan eta Alzelai; besteak beste, han izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea; Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea; Mertxe Aizpurua EH Bilduko kongresukidea; ELA eta LABeko idazkari nagusia eta koordinadore orokorra, Mitxell Lakuntza eta Garbiñe Aranburu; Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxeburu; eta Ezker Abertzaleko zenbait eragile historiko ere bai, esaterako, Rufi Etxeberria.

«Askotan aleka hartzen zuen motorraren olioa». Hori izan da gizarte zibila, foroko eledunen hitzetan. Gogoratu dute hura izan zela «lidergoa» hartu zuena indarkeria zikloa «modu adostu eta ordenatuan ixteko», eta hura izan dela agenda politiko eta mediatikoan mantendu dituena I. Foro Sozialeko gomendioak zein gerora alor anitzetan egindakoak.

Lubakiei uko eginda

Bidea egiterakoan, «pertseberantzia» izan da ezaugarri nagusietako bat. Aurrera egiteko «lubaki posizioak» baztertu eta gizartearen gehiengoarekin «konektatzea» izan dute xede. Foroaren gomendioak «errealitate printzipioan» oinarritu dituzte, eta uste dute jarrera horrek alderdien arteko desberdintasunak gainditzen lagundu duela.
Bidelagunak ere izan dituzte hizpide. Eragile politikoek «gizartearekiko konpromiso gisa» ulertu dituzte euren ekarpenak, eta alde bakarreko ekimenek «aukera eszenatoki berriak» ireki dituztela esan dute, «alde anitzeko dinamikak» sortzeko. «Konfiantzazko lan espazioak» eraikitzeko ekosistema sortu du Foro Sozialak, eledunen hitzetan, eta «pixkanaka» adostasunak iritsi dira: «Akordioetarako tarteak ezadostasunen gainetik».

Biktimen ekarpena ere eskertu dute. «Haien eskuzabaltasunik eta konpromisorik gabe» ezingo litzateke aurrera egin, haien ustez, «eskubideak urratzen dituztenen araberako bereizkeriarik gabeko» eszenatoki baterantz.

Bestalde, nazioarteko komunitatea «erabakigarritzat» jo dute 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziara iristeko, baina baita ondorengo «blokeo zikloan» ere ETAren armagabetzea eta desegitea gauzatzeko. Izatez, Aieteko konferentzia eta Aieteko Adierazpena egungo eszenatokira iristeko beharrezkoak izan zirela azaldu dute. Euskal Herriko «bakea eraikitzeko prozesua» ez da ohiko negoziazio prozesuen bake prozesu bat izan, baina kontuan hartu ditu nazioarteko estandarrak, eledunen arabera.

Aurrera begira

Oraindik ere bidea geratzen da egiteko, bozeramaileen hitzetan: «Konponbiderako markoak zehazten joan diren arren, bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko, oraindik erronka zehatzak daude». Presoak, biktimak eta memoria «kritiko-inklusiboa»; horiek dira foroak nabarmendutako hiru multzoak.

Presoei dagokienez, salbuespen politikak «desaktibatzea» eta birgizarteratzeko ibilbidearen inguruko adostasunak sortzea jo dituzte helburutzat. Biktimen kasuan, horiekiko tratuan dagoen diskriminazioarekin amaitzea. Kontakizun guztiak errespetatuko dituen memoria «kritiko-inklusibo bat» behar dela nabarmendu dute, halaber, «kontakizunaren borrokan oraindik dagoen korapiloa gainditzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.