Lizarrako ikastolak antolatu du aurten Nafarroa Oinez jaia, urriaren 16ko eta 17ko astebururako. Atzo eman zuten horren berri antolatzaileek. Egoera sanitarioari lotutako murrizketak desagertu badira ere, ekitaldia «pandemiak markatutako egoeretara» moldatu behar izan dute, eta «formatu txikian» antolatu dute. «Zuhurtziaz» eta «errespetuz» jokatzeko deia egin dute.
Bi egunetan egingo dira ekitaldiak, eta, jakinarazi dutenez, ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo, ezta sarrerarik ere, «jendetza ekiditeko xedearekin». Egitaraua hiriko zazpi espaziotan banatu dute: larunbatean Foru eta Santiago plazetan, eta igandean ikastolan, Los Llanos parkean, Remontival pilotalekuan, zezen plazan eta Los Llanos kulturguneko lorategian. Nafarroa Oinez-era joaten direnak, beraz, Lizarran «libreki» mugitu ahalko dira.
Iaz antolatu behar zuen Lizarrako ikastolak jaia, ikastetxearen 50. urteurrenarekin batera, baina, COVID-19aren izurria zela-eta, bertan behera utzi behar izan zuten.
«Formatu txikian» eginen dute Nafarroa Oinez, Lizarran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu