EPPK-ko mintzakidetzarekin elkarrizketa. Xabier Alegria eta Lorentxa Gimon. EPPK-ko mintzaideak

«Forma nahiz epeekin jokatzea ez da kezka, konponbide plan integral baten barnean bada»

EPPK-ko kideek diote eskubideak errespetatzeko nahikoa dela gobernuek «su-eten iraunkor egiaztagarria» ematea, eta uste dute presoak Euskal Herriko kartzeletan elkartu ondoren «kaleratze prozesu bat» beharko dela.

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
ETAk ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik urtebete baino gehiago pasatu denean euskal preso eta iheslarien korapiloa ez dela askatzen ikusita, kezkatuta daude EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak. Nolanahi ere, BERRIAk eta Gara-k elkarlanean helarazi dieten galdetegiari erantzunez esan dutenez, itxaropena dute gizartearen presioak mugiaraziko dituela Espainiako eta Frantziako gobernuak. Kolektiboko kideak etengabeko eztabaidan ari dira jorratu beharreko bidearen inguruan. «Azken urteetako eztabaida biziena» ari dira egiten. Beren egoera konpontzeko ez ezik, gatazkaren konponbiderako ekarpenak egiteko ere prestasuna berretsi dute: «EPPK urratsak egiten ari da eta gehiago egingo ditu». Xabier Alegria eta Lorentxa Gimon EPPK-ko mintzaide taldeko kideek erantzun dituzte galderak, sei laguneko mintzaide taldearen izenean.

Nola jaso izan duzue urtarrilaren 12ko manifestazioa kartzelatik? Manifestazio handietatik aparte, zer gehiago egin dezake gizarteak presoen egoera konpontzeko? Hemendik aurrera zer, alegia?

XABIER ALEGRIA(X.A.): Iazkoak bezala, poztasunez eta harrotasunez bete gaitu. Indar handia ekarri digu. Garrantzi berezia du aurtengoak, blokeoa eragin nahiari egoki erantzun baitio. Kolosala izan zen iazkoa baina, lemari tinko eta arraunean gogotik aritzeko erabakigarritasuna berretsi du aurtengoak. Prozesuak eskatzen duen eta are eskatuko duen tema eta sena gorpuzten ari den isla.

Garrantzitsua izanagatik ez da aski. Presio sozial eta politiko-instituzional iraunkorra behar da. Jendarteak ulertu du urratsak egin behar direla eta presoak kaleratzea zerbait positibo eta naturala dela. Mobilizatu eta Herria astintzeko unea da. Guztion konpromisoa behar da, baita alderdi, sindikatu eta eragile ezberdinetako buruzagiena ere. Presoen eskubideak gauzatu eta presoak kaleratzeko ardura-egitasmoa berea eginez, badago eragile guztien kontsentsu zabaleko akordioa eraikitzerik.

LORENTXA GIMON(L.G.): Bilbon eta Baionan zinez irudi eder eta hunkigarria erakutsi da, gure familiei erakutsitakoelkartasuna. Senideek jasotako berotasunak hunkitu gintuen bereziki eta hemendik haien ahalegin eta duintasun itzelak goraipatu nahi ditugu. Haiekin bat eginik, bisitari uko eginez Bilbon izateko moldea ere baliatu genuen.

Zenbait presok aipatu izan dute Josu Uribetxebarriaren askatasunaren aldeko borroka kolektiboarentzat oso berezia izan zela —oso espontaneoa, batasun handiarekin egindakoa…—. Horrela jaso izan duzue?

X.A.: Garrantzitsua izan da. Muturreko egoeran genuen Josu, eta berak erakutsitako jarrera eredugarriari erantzun zabal eta erabatekoa eman diogu. Espontaneoa ere bai, ez baita eztabaidarako tarterik izan, buru-belarri sartu gara egoera irrazionala salatu eta konpontzeko. Eta gogorra izan da, sufrimendua ekarri du Josu eta haren hurbilekoentzat; baina garaipena izan da guztiontzat, gobernu eta epaitegiaren temakeriaren aurrean. Kolektiboak ez du lehia gisa planteatu, hil ala biziko larrialdi erantzuna izan da. Giza eskubide eta bakearen alde dagoenarentzat ere.

L.G.: Zaila da garaipenaz hitz egitea, baina ahaleginak bere uzta ekarri du, geroari begira hazia ere bada ereindakoa. Pozik gaude eta merezi izan du. Gure elkartasuna eta besarkada beroena helarazten diogu Josuri.

Gaixo dauden presoen egoera bideratzeko lagungarri izan al zen Uribetxebarriaren kasua?

X.A.: Josurekin preso gaixoekiko jokabidea azaleratu da. Alegia, non jarri dituzten mugak erakusteko balio izan du. Gaixoak kaleratzeko asmoak non dituzten. Ez dugu inongo asmorik gaixotasun larriak dituzten kideekin inolako lehia politikoetan sartzeko. Kalean egon behar dutela diogu lehentasunez, eta kaleratze hori errazteko egin beharrekoa egiteko prest. Bidea itxia dute.

L.G.: Etsaiaren amorruak eta krudeltasunak ez du mugarik. Ez du urratsik egiteko borondaterik, ezta muturreko kasuekin ere; gainontzeko preso gaixoei etsipena sortu nahian, bide bakarra damutzea dela dio. Zalantzarik ez dago prozesua blokeatzeko duten jokabidea, egoera larrienak ere erabiliz.

Azken agirian, sakabanaketari amaiera ematea EPPKren apustu politikoa dela nabarmendu zenuten. Premia handiko urratsa da. Nola azkartu? Nola bultzatu baina?

X.A.: Sakabanaketari amaiera ematea kontu aurre-politikoa da, alegia, eskubideen errespetu hutsetik bideratzekoa. Aski litzateke gobernuek su-eten iraunkor egiaztagarririk aldarrikatzea, bortxaz beteriko zigor politika indargabetuz. Presoon aurka soilik ez doana. Senide, lagun eta milaka euskal herritarren aurkakoa ere badoa. Gobernuek giltza eskuetan dutela jarraituko lukete. Gu espetxean, eskubideak errespetaturik eta Euskal Herrian. Senideen aurkako heriotza-zigor lausoa indargabeturik. Gaixo larriak kalean eta zigorra beterik dutenak bahituta atxiki gabe. Giza Eskubideak eta nazioarteko estandar demokratikoak aintzat hartzea aski.

Hortik aurrera badute gatazkaren konponbideari behin betiko aterabidea bilatzeko bidea jorratzerik. Gure izate politikoaren aitortza, EPPKren aitortza, praktikan garatua inolako hotsandirik gabe, bakearen eta demokraziaren aldeko inbertsio eraginkorra litzateke, zinez, alde guztientzat. Euskal jendartearen hitza eta erabakia errespetatuaz soilik marraz daitekeelako bakean eta askatasunean garatuko den geroa.

L.G.: Presook, irekitako prozesuan parte hartu nahi eta behar dugu. Kalean kaletik. Horretarako kaleratze prozesu bat eraman beharra dago, ez dugu eta irudikatzen gatazka konponduko denik Espainia eta Frantziako espetxeak euskal presoz beteta. Hitz eginda eta adostuta izan beharko da. ETA eta gobernuek ireki beharko dute bidea. Kolektiboa ikuspegi zabalarekin ari da, bide horretan sakontzeko prest.

Zer egiteko prest zaudete horretarako? Legeak ematen dituen zirrikituak baliatuko dituzue?

X.A.: Legea, oro har, eta bere interpretazio eta aplikazioak egiten diren urratsei segurtasuna eta babesa emateko baliatu beharko lituzkete, horretan ez genuke arazorik. Ikuspegi hori aldatzen ez den artean zaila izango da aurrera egitea, ez nahi ez dugulako, uzten ez digutelako baizik. Oso garrantzitsua da geuk presook erabakiak hartu eta urrats berriak egiteko batera egotea, Euskal Herrian euskal jendartearekin. Prozesuari ekarpena ahalik etasendoen eta lasterren egitea. Sakabanaketa bera da oztopo ausartago, modu aldebakarrekoagoan jokatzeko.

L.G.: Euskal Herrian biltzea deportazioa amaitzea da. Lehentasuna da, baldintza politiko eta aukera zein bitarteko berriak sortuko direlako, bidea denontzat erraztuz. Legeek ez dute sakabanaketa babesten… kontrakoa ez bada. Legea, hain zuzen, baliatzen da eskubideak garatu baino gehiago, zanpatzeko. Salbuespen legeak oztopo bilakatu dituzte aurrera egiteko, aitzakia ez mugitzeko. Legeek une honetan ez dute irtenbide integrala jasotzen. Nolanahi ere, legeek ematen dituzten aukerak baliatzen ditugu, bai. Ari gara.

«Estatuei dagokie salbuespeneko egoera eta neurri oro indargabetzea» diozue azken agirian. Egin nahi ez badu, non eta nola sartu behar da akuilua?

X.A.: Presoak eskuak loturik gauzkate. Ziegako atearen gakoa etsaiaren eskuetan dago, eta ez ezker abertzalearenean. Ezker abertzaleak gatazka konpontzeko norabide berria markatu du, eta aukera berria eskaintzen ari da. Gobernuari kostatzen ari zaio errealitate berria asimilatzea. Ez badu urratsik egin nahi, presook, euskal gizarteak eta nazioarteko komunitateak behartu egin beharko dugu.

L.G.: Metatuz doan indarra beharko da; arrazoian finkaturiko egoskortasuna, emari xumez eta ibai oparoz, gobernuek trabes jarritako harresia gainditu ahal izango da, pitzatu bestela. Akuilu eta ziri, prozesuaren une eta zeregin orotan da beharrezkoa. Herritarren eskubideen defentsak konponbidea indartzen duen gisara, prozesua azkartzeko beta euskal eta herri aske egiten gaituen zeregin orotan bada.

Zuen esku ez al dago ezer? Izan ere, «urrats erabakigarriak» egiteko prestasuna azaldu duzue dagoeneko. Zein dira urrats horiek?

X.A.: Bai, noski. Ibilbide garrantzitsu bat egin dugulakoan gaude, azken agirian gogora ekartzen genuenez. Urrats erabakigarriak hartzeko prest gaude, ekinbide berriak planteatzeko, egoera desblokeatzen laguntzeko, gure egoeran aldaketa ekar lezaketenak; baina, batez ere, azpimarratzen dugu ito edo usteldu nahi duten prozesua azkartzeko. Ardura horretatik ari gara. Askapen prozesua perspektiban, helburu politikoak ikusmiran.

Badago halako presa bortxatu bat eremu askotako adierazpen ezberdinen bidez EPPK-k ezer egin eta esan dezan, ETArekiko, biktimekiko eta abar… Gure jarrera argia da, eta etengabe plazaratzen ari gara. Nolanahi ere, EPPKz edo EPPKren izenean mintzo direnei norberaren eremutik eragitea animatuko genituzke.

L.G.: Kolektiboa militante politiko arduratsuz osaturik dago, Euskal Herriko Askapen prozesuak aurrera egin dezan erakusten dugun borondate politikoa gardena da. Urratsak gauzatzen goaz garai egokiena irizten diogunean, prozesua desblokeatzeko dagokigun erantzukizun osoarekin, preso guztiak kaleratzeko lehentasunarekin eta autodeterminazioa jomugan; hots, amnistia ikusmiran (konponbide integrala).

Sakabanaketak iraun bitartean, urrats oro preso batzuen aurkako xantai edo zigor erantsi bihurtzeko aukera badute, «aski ez dela» mantrari atxikiz, edota gure artean mailaketa bereizketa berriak asmatuz. Hori kontuan hartzeke, eska eta eska aritzeak bortxaz baliatzen denari baino ez dio onik egiten.

Presoen artean desberdintasunak onartzeko prest zaudete? Egoera ezberdinak ametitzeko?

L.G.: Presoen artean ibilbide ezberdina eraman duten kideak daude; hori errealitate bat da eta halaxe onartu eta aldarrikatzen dugu. Berdintzen gaituena da modu batez edo bestez Euskal Herriaren aldeko lanean aritu garela kalean eta horrexegatik espetxeratu gaituztela. Arrazoi politikoengatik espetxeratu eta horregatik garela preso politikoak. Helburu politiko berberak partekatzen ditugu, eta horren adierazle da kolektiboaren kohesio politikoa.

X.A.: Etsaia izan da espetxean berdindu gaituena. Denak etakideak garela finkatuz, maniobra juridiko-politiko oinarri gabeko eta sinesgaitzean. FIES edo DPS gisa sailkatuz, eguneroko bizitzan dakarren ondorioekin. Kolektiboaren aniztasuna 2003ko eztabaidan sakondu genuen.

Hainbat jatorritako eta hainbat egoeratan diren kideak ditugu, eta hori gure barnean beti aintzat hartu dugu; zentzugabea litzateke kontrakoa. Besterik da kideak are gehiago zigortzeko, edota makila-saria jokoa elikatzen jarraitzeko, darabilten bereizte ahaleginari bazka ematea. Errealitateari atxiki, eta bada garaia gobernuek, zenbait alderdik, komunikabidek eta bestek ere onar dezaten mehatxupeko jardunak bateratasuna oskoldu eta eskua ukabildu baino ez duela egiten. Eskubideen aitortzak, Euskal Herriratzeak, honetan ere eskuzabaltzea lekarke, gure barne koloreak distiratsuago agertzea. Egoera ezberdinen aurrean ezberdin jokatzen dugu.

Galdera kaleratze mailakatua onartuko genukeen bada, forma nahiz epeekin jokatzea ez da gure kezka nagusia baldin eta konponbide plan integral baten barnean gauzatzen bada. Mailakatze hori bakoitzari leporatutakotik baino beste faktoretatik aztertzen dugu: espetxealdiaren luzera, adina, baldintzak…adibidez. Aniztasuna ez datza etakide eta ez-etakideren artean.

Azken eztabaidaren ondorioz, EPPKren zuzendaritza berritu eta egitura birmoldatu da. Nola baloratzen duzue aldaketa? Hobeto erantzuten dio gaur egungo kolektiboaren izaerari?

X.A.: Iazko udazkenean abiatu eztabaidak kolektiboa egoera politikoari egokitu eta erronka politiko berrien aurrean kokatzera eraman zuen. Aieteko Adierazpena eta ETAk hartutako erabakiarekin, beste aro batean sartu gara. EPPK-k ildo politikoaren egokitzapenari ekin dio, Anoetako proposamena, Gernikako Akordioa eta Aieteko Adierazpena bide orritzat hartuta. Ekainean Adierazpen garrantzitsua egin genuen. Geroztik, urrats berriak gauzatzeko eztabaida dinamika iraunkorrean murgilduak gabiltza. Eztabaidarekin ekinbideak planteatuz.

L.G.: Antolakuntzan ere urratsak eginez. Mintzaidetza berritu genuen; hiruna estatu bakoitzean. Ondoan beste 14 kide izendatu genituen eta Kolektiboaren Zuzendaritza osatu. Espetxe bakoitzean kolektiboaren ordezkaria, bertako arazoak arduradunekin konpontzeko. Urratsok errealitateari erantzuteko baldintza hobeagotan jartzen gaituzte, eztabaidak zuzendu eta erabaki propioak hartzeko. Eztabaida politikoan modu aktiboan parte hartzeko.

Nolakoak dira kolektiboko kideen arteko harremanak eta eztabaidak?

X.A.: Militantzia politikoan askotariko jatorri eta ibilbideak ditugu: besteak beste, ETAko kideak eta Egin-eko kazetariak. Zenbat buru hainbat aburu; bakoitzak bere ikusmolde eta indarra jartzen du. Aniztasun zabal hori aintzat hartuz zehazten dugu ildo politikoa eta dinamika. Kolektiboarentzat bakoitzaren ekarpena premiazkoa da modu bateratuan aurrera egiteko. Zailtasunak hor dira: sakabanaketa, debekuak, areagotu diren miaketak eta abar… Baina traba guztien gainetik, bizi-bizi gaude. Errazago litzateke guztiok elkarrekin eta Euskal Herrian egongo bagina, noski.

L.G.: Egoera politiko berriak interes handia piztu du, eta arreta jartzen dugu jasotzen ditugun berri guztietan. Eztabaida eta ekarpen dinamika zabala izaten ari da; esan dezakegu azken urteotako biziena, parte hartze oso handiarekin, gure arteko kidegotza sendotuz. Espetxeratzen gaituztenetik kolektiboaren barnean harreman pertsonal eta militante handia garatzen da. Oso aberatsa da.

Kalean ere amnistiaren aldeko mugimendua zena aldaketa prozesuan dabil. Nola ikusten da prozesu hau espetxe barrutik?

X.A.: Egoera politikoak aldaketak ekarri ditu, eta tresna politikoak, antolakundeak, mugimenduak egoera horretara egokitzeko prozesuan dira. Gu geu ere horretan aritu gara.

Amnistiaren aldeko mugimendua euskal preso politikoen egoera eta aldarrikapenen erreferentzia politiko oso garrantzitsua izan da azken hamarkadetan. Kolektiboak zor handia du urte luzetan eremu horretan lanean aritu diren kide guztiekin. Gatazkaren jatorri politikoa eta kolektiboaren izaera politikoa ezagutarazi dute. Lan politiko hori egiteagatik espetxeratu zituzten horietako asko, EPPK-ko kide direnak eta oraindik espetxean dirautenak!

L.G.: Beste erreferentzia batzuk sortu dira, Herrira mugimendua esaterako, bestelako profil eta dinamika garatzen duena. Indar metaketa eta herri aktibaziorako ezinbestekoa. Euskal preso politikoen eskubide eta eskabideak euskal gizartearekin egoki txertatzen ari direlakoan gaude.

Duela gutxi ETAk bakerako agenda bat aurkeztu zuen eta, bertan, presoen eta errefuxiatuen auzian etxeratzeko «epeak eta formula» topatu behar zirela zioen. Zeintzuk dira, zuen ustez, formula eta epe posibleak? Zein da horretan zuen jarrera?

X.A.: ETAk gatazkaren konponbideari begira erantzukizun handia du, eta EPPK-k ardura eta zeregin hori aitortzen dio. Eremu horretan bidea irekitzea eta egin beharreko urratsak adostuak, tasatuak izatea funtsezkoa dela uste dugu, bai denbora eta bai formetan. Hori saihestea arduragabekeria litzateke. Gatazka politikoa eta haren ondorioak ez ixtea ekarriko luke. Halako prozesuek exijitzen duten segurtasun eta egonkortasuna hautsiko litzateke. Beraz, epeak eta formulak adostu egin behar dira. Elkarri bermeak eskain diezaioketen mintzaideen arteko adostasuna derrigorrezkoa du behin betiko konponbideak. Gatazkaren ondorioei irtenbiderik eman ezean, prozesu politikoa paralizatzeko arrisku handia dago.

L.G.: Urrats zehatzak gorpuzteari begira, lehentasunez eta erraztasun osoz, gobernuek badute presookin hitz egiterik. Alde guztientzat onuragarria litzateke ariketa. Orain arteko kuku-saio pattalak baztertu, eta gobernuei deia berresten diegu, beraz, EPPKren mintzaideekin harremanak abiatzeko.

Irlandan ere formula eta epe propioak bilatu ziren. Zuentzat eredua al da?

X.A.: Irlandan formula eta epeak bilatu ez ezik, adostu egin ziren bi parteen aldetik. Ez da ahaztu behar aurretiazko adostasun politikoa izan zela gatazka konponbidean jartzeko, Ostiral Santuko akordioa izenez ezaguna. Eredu horrek balio izan die bide bat egiteko. Ez zailtasun eta oztoporik gabe.

Gatazka bakoitzak bere irtenbide propioak eskatzen ditu.

L.G.: Munduko beste esperientziak interesgarriak zaizkigu, nola ez; denetik ateratzen dira irakaspenak. Nolanahi ere, hemen gure eredu propioa behar dugu; errealitate espezifikoa dugu, inora begiratzen egon baino horri erantzun behar dio. Formula zehatza baino eredu izateko ahalmena funtsezko gako honetan datza:presoon ahotsa egituratzeko baldintzak sortzea eta kaleratze urratsak konponbidearen elikatzaile bikainak direla, biak ala biak.

«Jokoan duguna ez da gure egoera hobetzea, jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da». Presoen korapiloa askatzeak guztia arinduko luke?

X.A.: Arestian esan bezala, sakabanaketaren amaierak lotura zuzena du euskal herritarren borondate demokratikoa onartu eta aintzat hartzearekin. Prozesua osotasunean da garatzekoa, eta blokeoa eragin nahi duten indarrek preso-erbesteratu-deportatuen gaia hautatu dute.

Oinarrizko aldarrikapenekin estatuak nola ari diren tematzen, uzkurtzen, zera erakusten du nolako baldintzetan garatu beharko dugun prozesu demokratikoa bere osotasunean, eta, beraz, konfrontazio demokratikoak sendo-luzea izan beharko duela. Presta gaitezen! Bilbo eta Baionakoak sakoneko indar metaketa sendoa erakusten du. Gakoa, jarraipena prozesuaren atal-apustu orotan eragitean datza, harria zulatuko duten ur tanta guztien garrantziaz jabetzean, herrietan, arloetan…

L.G.: Sakabanaketaren amaiera ez da soilik trabatua den puntuari edo uneari eragitea, ez da premia-beharra amaiera. Hori bada, baina haren garrantzia Euskal Herriaren hitza errespetatze ariketa gauzatzean datza. Presoen aferan aurrera egiteak beste hariak mugitzeko aukera erraztu dezake, alde guztien ausardia elika lezake, prozesu azkartzeaz gain, batez ere esango genuke finkatu eta sakondu egingo duela. Horra haren garrantzia.

Bitartekari taldea harremanetan dago eragileekin, eta haien aldetik harrera ona izan dutela jakinarazi dute. Zer eskatuko diezue eragile horiei?

X.A.: EPPKren bitartekariak lanean aritu dira eta pozten gara. Eskatutakoari arduraz erantzun diote. Eragileak zuzenean entzuteko egarri gara, gure iritzi proposamenak zuzenean entzun ditzaten ere nahiko genuke, bitartekaririk gabe. Harreman zuzenak pentsatzen dugu indar biderkatzailea ekar dezakeela Kolektiboa euskal jendartearekin konektatzeko. Euskal Herrian bilduta, askoz ere errazago gertatuko litzateke.

L.G.: Eragileak jendartearen subjektuak diren heinean eginkizun garrantzitsua jokatzen dute. Eragileei ez diegu eskatuko gure jarrera politikoarekin bat egin dezaten. Bakoitzaren jarrera errespetatzen dugu. Eskatzen diegu presoon eskubideak errespetatuak izan daitezen indar eraginkorrean bilakatzeko. Presoen eskubideen alde egiteak duen garrantziaz jabetu eta jendartea kontzientziarazteko. Agintari politikoak prozesuan barrena inplika daitezen sustatzeko. Mintzaideak prest gaude euskal eragile eta alderdiekin hausnarketak partekatzeko. Administrazioek trabarik ez jartzean dago koska.

Gai honi buruz PSE-EEren barnean aldaketa bat dagoela suma daiteke. Nola baloratzen duzue?

X.A.: Sakabanaketa amaitu eta preso gaixoak kaleratzeko adostasuna adieraziz urrats batzuk egin dituzte zenbait udaletxetan, eta halako mezurik espetxe politika aldatu beharraz ere ailegatu zaigu. Hitz horiek borondate jator baten ispilu izatea da kontua. PSE boteregunetik at dago Hego Euskal Herrian, baita Madrilen ere. PSFko hautetsi batzuen hainbat urratsetan ispilurik badutelakoan gaude. Borondate horrek aukera berriak irekiko lituzke, egoera hau ez bailitzateke irauteko moduan izango PSEk PSNrekin batera halaxe nahi izanez gero.

Zer egin beharko luke Iñigo Urkulluk Lehendakaritzatik presoen auzian? Eta EAJk?

X.A.: EAJk erantzukizun handia du euskal presoen egoerarekiko euskal jendartearen aurrean. Urkulluk onartu bezala, gestio asko egindakoak dira espainiar jauregietan egungo egoerarekin zerikusi handia dutenak. Alegia, eskubide urraketa iraunkorrarekin, heriotza ugari sortu dituen politikarekin.

Herri honek eskatzen duena egin behar du Urkulluk,gehiengo oso zabalak aldarrikatu duena. Gasteizko legebiltzarrean bertan berretsitakoa bete eta betearazi: euskal presoak Euskal Herrira! Bere zina Gernikako harizpean ez lardastu, behintzat. EAJk sakabanaketaren abiatze eta garapenean duen erantzukizunaren tamainaz jabetu, oinarri sozialari jaramon eginez. 0

L.G.: Irekitako prozesu politikoan buru-belarri inplikatu eta konponbide integral osoari begira adostasunak bilatu. Euskal herritar guztiak errespetatuz eta, beraz, Euskal Herria osotasunean eremutzat finkatu. Presooi dagokigunez, epe motzean sakabanaketa amaitu dadin eta presoen kaleratzea ahalbidetu dadin, eragileekin batera erabaki politiko eraginkorrak hartu.

Eta EH Bilduren inguruan osatu den fronte zabalari, zer eskatzen diozue?

X.A.: EH Bildu adoste eta indar metaketa ariketa baten emaitza oparoa da, eta erantzukizun handiaren jabe bada, izaniko arrakasta dela medio. Prozesuaren hauspo-indarra izateko zeregina badu, eta bertan Euskal Herria dimentsioa, markaz haratago, bermatzearena. Euskal Herrian dago gakoa, herri mobilizazioak eta Aieteko Adierazpenak irekitako baldintza aukera berriei tiraka prozesua sendotuz joan dadin. Osotasunean. Indar politiko eta sozialen adostasuna eraikitzeari begira erantzukizun eta ahalmen apartak ditu EH Bilduk. Erakutsitako heldutasunez baliaturik, eskuzabaltasunez eta tinkotasunez saretuko ditu instituzioetako ahaleginak eta kaleko engaiamenduak. Aro berriak gorpuztu behar duen euskal udaberriari begira loratze sasoia bilakatzeko buru-belarri ahalegindu beharko du. Baita sakabanaketa amai dadin ere.

L.G.: Lortu duen ordezkaritza politiko instituzionala aintzat hartuz, prozesua indartu eta egituratzen joateko erabakiak hartu eta ekinbideak gauzatzeko eskatzen diogu. Baita presoen auzian ere.

Nola baloratzen duzue nazioarteko komunitatearen parte hartzea euskal prozesu politikoan?

X.A.: Iragan prozesuekin alderatuta, nazioarteko inplikazioa garrantzitsuagoa da, eta poztekoa da. Gehitzen badiogu parte hartzen ari diren pertsona eta elkarteak lehen mailakoak direla, gatazka konpontzeko nazioartean den interesa adierazten du. Zailtasun handiekin egin dute topo, Frantzia eta Espainiaren jarrera negatiboarekin. Nazioartean badauden beste tresnak baliatu beharko dituzte urratsak lortzeko.

L.G.: Nazioartean baina batez ere Euskal Herrian, Aieteko bidearen oihartzun eta atxikimendu zabalak ondo frogatzen du markatutako bide orriaren bideragarritasuna. Interes handiz eta espektatibaz begiratzen diogu ibilbideari, Foro Soziala antolatzeari eta hortik ondorioztatuko diren lan ardatzei. Gure ustez, ibilbide hori nazioartetik baina, batez ere, euskal jendartearen babesarekin egin behar da aurrera. Gu ere hor kokatzen gara: bide hori sakontzeko prest. Helburu horrekin, Foro Sozialak egin gonbidapenari baiezkoa eman diogu, EPPK-ren mintzaidetzak zuzenean parte har dezan. Hartara egin diogu eskaera administrazioari.

Estrasburgoko Auzitegiak hilaren 20an berrikusiko du Ines Del Rioren auzia eta, ondorioz, doktrinarena. Nola prestatu behar da jendea bi agertoki posibleetarako, alegia, iazko epaiaren zentzua mantentzen bada edo epaia kontrakoa bada?

X.A.: Bi agertokiak kontuan izan behar dira eta erantzunak prestatu. Estrasburgo posizionatu zen eta modu erabatekoan gainera. Orain, erabaki ezkor bat ez luke inork ulertuko. Tribunalak dio presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla, baina, gainera, irekitako prozesu politikoaren klabean egindako irakurketa oso negatiboa eta arriskutsua da doktrina babesten bada. Estrasburgoko Tribunalak badaki eta baloratu beharko du.

Espainiak erreakzio hain bortitza izan du errekurtsoa onartua izan zedin goi mailako presio zuzena eginez, ondorioz afera atzeratueta kideen egoera—eskubide urraketa— luzatuz, beste agertokia ere kontuan izan behar dugula, gobernu espainolak ere prozesuaren klabean bere irakurketa egiten duelako.

L.G.: Ez da bataila juridiko soila. Interes politiko sakona dago. Estrasburgok inflexio puntu bat marka dezake Madrilek daraman espetxe politikan. Gobernuak tentazioa izan lezake kontrako erabakia ez aplikatzeko, aitzakia eta amarruak asmatzeko. Euskal jendarteak eta arduradun politikoek indar nahikoa erakutsi beharko dute hori ekiditeko. De facto ematen den eskubide urraketa larriari amaiera emateko, kide guztiak berehala kaleratzeko; dagoeneko eragindako kaltea izugarria baita, erreparaezina. Irismen luzeagoko ondorio politikoak izan ditzakeenez, etorkizunari begira asko dago irabazteko.

Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik aurrerapausorik ez dagoela ikusita, nola daude EPPK-ko kideen animoak? Iazko apirileko elkarrizketan esaten zenuten presoak egoera berrian itxaropentsu zeudela. Horrek berdin jarraitzen al du?

X.A.: Bagenekien apustua ez zela erraza. Ez dute urratsik egin nahi,inoiz ez bezalako aukera politikoa mahai gainean duten arren. Urrats positibo ñimiñoena ere egin ez, eta une berean atxilotze, auzi eta kondenekin jarraitzen dute. Argi erakusten dute konponbidearen kontra daudela, eta horretarako, presoak erabili nahi gaituzte bahitu politiko gisa herriari xantaia egiteko.

L.G.: Urte luzetako borrokak zuhur pentsatu eta jokatzera eraman gaitu, eta, beraz, animoak bere horretan daude. Itxaropena beti izan behar da, baina itxaropenarekin bakarrik ez dugu deus egiten, itxaropenak soilik ez du egoera aldatzen. Borrokarako erabakitasunak gidatzen du geure burua. Berrindartua dela esan genezake. Konfiantza dugu gure indarretan eta baita euskal jendartearenean ere.

Adierazpenei erreparatuz gero, Manuel Valls ministroaren eta Ipar Euskal Herriko hautetsien arteko talka nabarmena da. Nola uler daiteke egoera berri hau?

X.A.: Paristik behin eta berriro diote Frantzia Espainiaren ondoan lerrokatzen dela, Espainiarekiko kolaboratzaile fidel gisa bere burua aurkeztuz, bainaFrantziak bere interes propioei egiten die so Ipar Euskal Herriari existentzia politikoa ukatzen diolarik. Frantzia Euskal Herriko gatazkaren aurrean lehen mailako eragilea da. Euskal gatazkan duen inplikazio zuzenaren adibideak ez dira falta. Duen arazo politikoa eta gatazkaren ondorioen errealitatea ezin ditu saihestu eta arduraz inplikatu beharko du konponbide prozesuan.

L.O.:.- Valls ministroak edo berak ordezkatzen duen posizioak Gobernu frantsesarena finkatu duela dirudi, hilabete batzuetako sentsazioei amaiera emanez. Ipar Euskal Herrian Aietez geroztik arazo bat sortu zaie. Adostasun politiko zabala eraiki da ezkerretik eskuinera, oso garrantzitsua baloratzen duguna.

Arestian esan bezala blokeoari erantzuteko gakoa Euskal Herrian dago. Jarduteko molde oso baliotsua gorpuzten ari da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Bultzada handia ematen ari zaio prozesuari, engaiamendu zehatzez, elkarlanguneak lehenetsiz. Prozesu osoa aintzat harturik landu eta adostu beharreko akordioa gorpuztuz. Euskal Herriaren aitortza bera, sakabanaketaren amaia, ezberdinen arteko elkarrizketa saio iraunkorra, bakoitza bere moldez eta eremuan, elkarren pizgarri eta euskarri. Baionako Foroa bide horren aitzindari indartsua da. Lurralde ezagutzarekiko posizioa eta herriaren erantzuna jokoan da.

Dabilen harrian goroldiorik ez. Urratsez marrazten da bidea. Abiatuak gara jokaleku demokratikoa eraikitze bidean. EPPK urratsak egiten ari da, eta gehiago emango ditu. Euskal jendartearekin batera, Euskal Herria helburu. Euskal Herria bihotzean. Lortzen ari garena, lortuko duguna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.