Forestaliak bertan behera utzi du Tauste eta Jundiz artean goi tentsioko autobide bat egiteko proiektua

Nafarroa hegoaldea eta Arabako Errioxa zeharkatzekoa zen, eta egitasmoaren kontra ziren Nafarroako Gobernua eta Arabako Diputazioa. Enpresak ez dio aurkeztu azpiegitura eraikitzeko plana Espainiako Trantsizio Energetikoko Ministerioari.

Goi tentsioko instalazio bat.
Goi tentsioko instalazio bat.
joxerra senar
2025eko martxoaren 27a
15:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Amore eman du. Forestalia enpresak 185 kilometroko goi tentsioko linea bat eraiki nahi zuen Tauste (Zaragoza, Espainia) eta Jundiz artean, baina bertan behera utzi du proiektu hori. Martxoaren 19rako aurkeztu behar zion azpiegitura eraikitzeko plana Espainiako Trantsizio Energetikoko Ministerioari, baina ez du halakorik egin.

Aragoiko parke eolikoek ekoitzitako argindarra garraiatzeko helburua zuen. Dena den, Aragoiko Gobernua salbu, lineak zeharkatu behar zituen lurretako erakundeak proiektuaren aurka agertu dira. Linearen zati batek Erribera hegoaldea zeharkatu behar zuen, eta Nafarroako Gobernua egitasmoaren aurka azaldu da.

Zati handiena Errioxa zeharkatzekoa zen, eta bertako gobernuak ere aurka egin du, irmo —auzitegietara jo zuen—. Araban, berriz, Batzar Nagusiak eta Diputazioa oso kritiko agertu dira egitasmoarekin. Ramiro de Gonzalez diputatu nagusiak maiz gaitzetsi du proiektua. «Ez gaude soilik linea horren kontra, ereduaren beraren kontra bere bagaude. Argindarra ehunka kilometrotan zehar garraiatu nahi dute, eta hemengo sarean jaulki». 

Ez da proiektu bakarra

Dena den, ez da hori Forestaliak Euskal Herrian eraiki nahi duen argindar autobide bakarra. Enpresak 400 kilowatteko goi tentsioko lineak egin nahi ditu Zaragozako Biota eta Ejea de los Caballeros herrietatik (Espainia) Gasteizko eta Gatikako (Bizkaia) azpiestazioetara. Espainiako Gobernuaren aurretiazko baimena jaso Kyoko et Tebe izeneko proiektua aurrera eramateko, eta kaltetutako udalek haren aurka egin dute.

Nafarroako Gobernuak ere gogor egin du kontra. Alde batetik, formalki txarretsi du Espainiako Gobernuak proiektu horiek atalka zatitu izana, hala ezin baita neurtu zer-nolako eragina izango duen ingurumenean. Gainera, ohartarazi du nabarmen kalte egingo liekeela babestutako zenbait espezieri, Natura 2000 sareko eremuen kontserbazio helburuei eta sare horren konektibitate eta koherentzia ekologikoari.

Errekerimendua egin zion lehenik, eta, erantzunik jaso ez zuenez, administrazioarekiko auzietako epaitegira jo zuen iazko apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.