Amaya Zabartek, Ertzaintzak zauritutako 44 urteko gipuzkoarrak, gaur deklaratu du epailearen aurrean. Urtebete baino gehiago igaro da gertatutakoaren berri emateko aukera eman dioten arte. Gertaera 2024ko martxoaren 5ean izan zen, Reala eta PSG futbol taldearen arteko partida baten atarian izandako istiluetan.
Emakumeak orduan salatu zuenez, ertzain batek jaurti zuen foam jaurtigaiak buruan jo zuen, eta lurrera erori zen kolpearen ondorioz. Lurrean zegoela, ertzain batek ostiko bat eman zion buruan. Ertzaintzak ukatu zuen Zabarteren bertsioa, eta auzia artxibatu zen. Dena dela, gerora sare sozialetan zabaldu zuten bideo batek berretsi zuen Zabarteren salaketa, eta, ondorioz, epaileak berriro ireki zuen auzia.
Iker Sarriegi abokatuak hitz egin du Zabartek deklaratu ostean. Haren esanetan, auzitegi medikuak Zabarteren lesioen inguruan egindako txostenean dio biktimak dituen lesioak «zeharo bateragarriak» direla foam jaurtigai baten inpaktuarekin.
Bestalde, abokatuak nabarmendu du ostikoa eman zion ertzaina dela, momentuz, auzipetutako bakarra. Urtebete pasatxo behar izan dute agentea identifikatzeko; bideo bati esker egin dute. Nolanahi ere, ertzain horrek ukatu egin du ostikoa nahita eman zionik. Ertzainaren hitzetan, estropezu egin zuen, eta nahi gabe jo zuen emakumearen burua.
Sarriegik salatu duenez, ertzain hori ez beste inor ez dute deklaratzera deitu, nahiz eta argitzeko kontu ugari dauden; esaterako, foam jaurtigaiak nork jaurti zuen. Gogoratzekoa da Ertzaintzak ukatu duela pilotarik jaurti zutenik.

«Amorrua eta ezintasuna»
Abokatuaz gain, Zabarteren senar Joseba Novoak ere adierazpenak egin ditu epaitegitik irten eta gero. «Amorrua eta ezintasuna» sentitzen dituela esan du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila «ez delako ezer egiten ari» auzia argitzeko. Era berean, Justiziari ere utzikeria leporatu dio: «Ikerketa egin behar duten erakundeak ez dira ezer egiten ari». Dena dela, bere emaztea lasai dagoela esan du, 13 hilabeteren ondoren «azkenean gertatu zitzaiona kontatzeko aukera izan duelako».
Novoak esan duenez, «ez dut ulertzen nolatan 13 hilabetetan inork ezin izan dit azaldu zer dela eta egon ziren nire emaztea hiltzeko zorian dozenaka pertsonen aurrean». Zabarte lurrean zegoela ostikoa eman zion ertzainak harekin estropezu egin duela esan izanak sumindu du Novoa, eta bideoetan azaltzen diren irudiak argigarriak direla erantsi du.
Orain gertaera ikusi zuten lekukoek deklaratu beharko dutela jakinarazi du Novoak. Horien artean, Zabarte lurrean zegoela hari laguntzera joan ziren zenbait neska.
Gaztetxearen aldeko manifestazioan zauritutako gizona, ospitalean
Bestalde, Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoan ostegunean egindako esku hartzean zauritu zen Iker Arana ospitalean dago joan den ostegun iluntzetik. Egun hartako goizean hustu zuen Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea. Horren kontra protestatzeko manifestazioa antolatu zuten arratsaldean. Hango istiluetan tiro egin zioten foam jaurtigaiaren ondorioz, barrabil bat galdu du.
Aranak ostiralean EITBn egindako adierazpenetan azaldu zuenez, gaztetxea hustearen aurkako protestan ari zirenei babesa ematera gerturatu zen. Harekin batera, adineko beste bizilagun batzuk zeuden, «modu baketsuan, istiluetan parte hartu gabe».
Zauritutakoak esan zuenez, 21:00 inguruan ertzainen eta manifestarien arteko istiluak hasi ziren, eta bera lagun batzuekin eta lagun baten amarekin zegoen, manifestariak zeuden lekutik aldenduta; ertzain batek foam jaurtigailua zuzenean hari begira jarri, eta tiro egin zion. «Aurrez aurre zegoen, 30 metro baino gutxiagoko distantzian, niri begira eta barrabiletara zuzenean apuntatzen». «Asmo txarrez» egin zuela iritzi dio zaurituak. Erantsi zuenez, ezin du agentea identifikatu.
Ertzaintzak ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera, barne ikerketa bat abiatu zuen gertakariaren berri izan eta gutxira. Oharrean nabarmendu zuenez, hedabideen bidez jakin zuen gizonezko bat ospitaleratuta zegoela kargen ondorioz.
Iker Aranak larunbatean jakinarazi zuen erietxetik irten eta mediku agiriak eskura izatean salaketa jartzeko asmoa duela. Gaur goizean Ertzaintzak ez zuen salaketaren berririk.
Beste bost pertsona ere zauritu ziren istiluetan. Ertzaintzak azaldu duenez, barne ikerketa bat hasi dute argitzeko gizonezkoa nola zauritu zen.