Baina zerbaiterako balio izan al du, orduan? Bai. Lehenik eta behin, abian jarri zenetik dokumentuak jasotzeko gainditu behar izan dituzten traba guztiak agerian geratu direlako berriro ere agerraldien fasean. Bestetik, Nafarroako Kutxako arduradun ohiek hasiera-hasieratik euren ardurak zuritzeko kontakizun ofiziala eraiki zuten; baina, batzordean, hura auzitan jarri duten datuak agertu dira, eta aurrezki kutxari benetan gertatutakoaren kontakizuna azaleratuz joan da.
AGERRALDIAK
Enrique Goñi zuzendari ohiak eman zion hasiera batzordeari. Lau egunez, 37 ordu inguru iraun zuten galdeketetan, bere gestioa irmo defenditu zuen Goñik. Alta, hurrengo asteetan, bere aurretik aritutako bi zuzendariek —Lorenzo Riezuk eta Manuel Lopez Merinok— parte hartu zuten, eta euren testigantzek goitik behera zalantzan jarri zuen bertsio ofiziala. Batik bat, Riezuren kontakizunak biluzi zuen Goñiren defentsa. Lehen agerraldiok balio handikoak dira, auziaren korapilo nagusiak askatzeko giltzarri direlako.
Irailetik aurrera, Jose Antonio Sarria kontseilari ohi eta CEN patronaleko buruak zein Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiak Goñiren tesia defenditu zuten. Aldiz, tesi horretatik aldendu egin zen Juan Oderiz zuzendariorde ohia. Goñiren eskuin esku izan zena Caixabanken egituretatik kanpo geratu da, eta, Goñirekiko loturatik libraturik, kudeaketaren itzal batzuk onartu zituen. Horrez gain, Ernst Young ikuskaritza etxeko teknikariak edo Caixabankentzat Noel izeneko due dilligence txostena landu zuen adituak agerian utzi zuten azken urteetako gainbehera.
Azkenik, Alberto Pascual eta Amaia Randez idazkariek sekretu profesionala gordetzeko betebeharra argudio gisa erabili zuten azalpenak ez emateko. Euren aldean, bestelako jarrera azaldu zuen higiezin arloko negozioen arduradun Jesus Munarrizek, eta Geroa Baiko Koldo Martinezen galderei erantzun zien bederen. EH Bildu kexu azaldu zen beharrezko dokumentazioa ez zielako bidali Caixabankek.
2002-2009KO GARAIA
2009an, finantza krisia lehertu zenean, aurrezki kutxa sendo zegoen, ala ordurako kontu liburuetan islatu gabeko zuloak gordetzen zituen? Krisia hain izan zen handia, bere tamainako erakunde batek ezinbestean ezin ziola aurre egin tsunamiari, ala Enrique Goñiren agintaldiko hazkunde garaian arrisku gehiegi hartu zituen CANek eta ekaitz bortitzari aurre egiteko egoera okerragoan zegoen? Funtsean, galdera horren atzean ezkutatzen da gertatutakoaren korapilo nagusia. Goñik eta garai horretako agintariek lehen tesia defenditu zuten: hau da, 2002tik 2009ra izandako hazkunde handiak —144 bulego ireki zituzten, gehienak Nafarroatik kanpo—, langileen aurre-erretiroak eta enpresen partaidetzetan egindako inbertsioak ez zioten kutxaren finantza osasunari eragin.
Bestelako ikuspegia agertu zuen Lorenzo Riezuk. «Askotan esan da kudeaketa horrek ez duela arriskuan jarri kaudimena. Baina nola ez du egingo!», azpimarratu zuen irmo. Batetik, Nafarroako Kontuen Ganberak agerian jarri zuenez, urteotan irekitako bulegoek 360 milioiko kostua eragin zioten CANi, eta, horrez gain, langileak kontratatu behar izan zituen. Gainera, Goñiren agintaldian, lau langiletik bat aurrez erretiratu zen, eta 180 milioiko faktura eragin. Azkenik, urte horietan, aurretik CANek inbertitutako enpresa partaidetza eta eraikin nagusiak saldu zituen, eta 670 milioi euro eskuratu zituen horrela.
Denborak eman du gertatutakoaren perspektiba osoa. Izan ere, 2002tik 2009ra bitarteko epean, 1.007 milioi euroren etekinak pilatu zituen aurrezki kutxak, eta, hari esker, gizarte ekintza oparoa izan zuen. Alta, kopuru distiratsu horiek garai hartan inork ikusten ez zuen errealitatea ezkutatu zuten. Irabazien bi heren ezohiko diru sarreretatik zetozen, eta, bitartean, urte horietako hazkundearen ondorioz, finantza osasunari kalte eginez joan zen: hau da, aktiboekiko kapitalaren portzentajea jaisten joan zen, eta arrisku handiagoa zuen bere balantzeak. Beste hitzetan, ekaitz handi bati aurre egiteko kapital biltegiak ez zeuden behar beste prestatuak.
BAKARRIK, BAI ALA EZ?
Goñik adierazi zuen CANek bakarrik ez zuela iraungo, ez zuela gihar nahikorik krisiari eta haren ondorioz legegileek ezarritako arau aldaketei aurre egiteko. Bere garaian, CANek Analistas Financieros Internacionales aholkularitza etxeari enkargatutako lanak ondorioztatu zuen «arrisku nabarmena» zela aurrera bakarrik egitea, gutxienez 574 milioi beharko lituzkeelako, bere tamainako erakunde batentzat gehitxo.
Egiaz zipriztindutako tesi horrek funtsean tranpa handi bat ezkutatzen zuela salatu zuen Lorenzo Riezuk. Izan ere, hipotesi horrek bere egiten ditu Goñiren agintaldian hartutako erabakiak, eta, Riezuren arabera, «hainbeste gastatu gabe» eta partaidetzen salmentekin lortutako irabaziekin, 2009rako 500 milioi inguruko koltxoi handiago bat edukiko zukeen CANek, eta biltegi horrekin aurrean zuten neguari aurre egiteko eta erabakiak hartzeko sendoago izango zatekeen. Gainera, 2009ko kontu liburuen balorazioaren gaineko «susmoak» azpimarratu zituen Lorenzo Riezuk. Nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa hori itxi egin zuen, Riezuk nabarmendu zuen urte horretan «bat-batean» kapitalean 200 milioi desagertu direla. Azalpenen artean daude urte hartan egindako negozio txar batzuk: hala nola Oesia Networks, ikerketa batzordean protagonismo berezia hartu duen auzia.
BANCA CIVICA ETA AMAIERA
Finantza krisia bere gordintasunean lehertu zenean aurrezki kutxa guztiek eraldatze prozesu luze bati ekin zioten —haren ondorioz etorri zen 60.000 milioi euroko erreskate publikoa, eta, gaur-gaurkoz, argi dago gehiena ez dela itzuliko—, eta bidearen amaieran ia-ia guztiak banku fundazio bihurtu ziren. Nafarroako Kutxaren kasuan, hasieratik hautatu zituen Banca Civica izeneko proiektuko bazkideak, eta 2009 amaieratik 2012ko martxora iraun zuen prozesu konplexu bezain luzean, mugarriz mugarri, aurrezki kutxa gainbehera batean erori zen. Alta, CANeko arduradunek argudiatu dute hiru urteotan bizi izandakoa oso ezohikoa izan zela, nola edo hala aurre egin zitzaiola finantza krisiari, baina amaieran, «porturik onenera» ailegatu zirela: Caixabankera.
Alta, ekaitzean nabigatu behar zuen ontzirako aukeratutako bazkideak, egiazki, lasta bat izan ziren. Bere finantza egoerari soilik zegokiona baino kapital gehiago agortu behar izan zuen Nafarroako Kutxak, Caja Burgosen eta Cajasolen eraginez. Hori taldean parte hartzera derrigortu zuen Espainiako Bankuak, baina Manuel Lopez Merinok agerian utzi zuen Cajasolen balorazioa gaizki egin zela eta taldearen hondoratzearen arrazoi nagusia izan zela. Beraz, ikerketak argi utzi du CANek ez zituela behar bezala aztertu bazkideak, gerora, Caixabankek eurekin egin ez bezala.