Fobia, neurriz kanpoko beldurra

Beldurrarekin du zerikusia fobiak, baina Joseba Miranda psikologoaren arabera, baditu beste ezaugarri batzuk ere: irreala, irrazionala, iraunkorra eta neurriz kanpokoa izatea.

BERRIA
BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2024ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun

Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen ditu beldur eta fobia hitzak. «Beldur: egiazko nahiz irudipenezko arriskuaren aurrean sortzen den urduritasunezko egoera. Fobia: neurriz gaineko beldurra». Badituzte antzekotasunak, baina ez dira sinonimoak. Fobien inguruko ertzak arakatu, eta azalpenak eman ditu Joseba Miranda psikologoak. Bizkaiko Psikologia Elkargoko kide da, Burmuineko Psikologia zentroko zuzendaria, eta San Juan ospitaleko zainketa aringarrietan ere egiten du lan.

Zer den

Mirandaren arabera, beldurrarekin zerikusia du fobiak, baina, horretaz aparte, baditu beste ezaugarri batzuk. Lau zerrendatu ditu: irreala, irrazionala, iraunkorra eta neurriz kanpokoa izatea. Azaldu duenez, antsietatearekin du lotura, eta izatez neutroak diren estimulu, egoera edo gauzen aurrean pizten da neurriz kanpoko beldur sentipen hori. Diagnostikatzean, antsietate nahasmenduan dago barne hartua. «Norbanakoak ezin du azaldu edo arrazoitu bere beldurra, eta egoera horiek saihesten ditu beti».

Fobia eta beldurra

Nola bereizi, beraz, fobia eta beldurra? «Beldurra emozio primario bat da. Eta fobia, berriz, beldurra izatea da, baina modu irrazionalean, ez da emozio primario bat. Beldurrak laguntzen digu bizirik irauten, ohartarazten digu arrisku edo mehatxuez; baina, fobiarekin, mehatxagarria zertan izan ez duen estimulu batetiko beldurra duzu. Beldurra pertsonek kudeatu ahal dute, baina atake fobiko bat ez. Bestalde, beldurra erantzun fisiologiko bat da, baina normaltasunaren barruan. Fobiak beti du muturreko puntu bat».

Motak

Irizpide diagnostikoetan ezarritako fobia motak honela sailkatu daitezke: animalienganako fobia; ingurune naturalekiko fobia; egoerekiko fobia; odolarekiko, injekzioekiko edo zauriekiko fobia; eta beste fobia batzuk. Azken multzo horretan sar daiteke, esaterako, «pailazoei fobia izatea».

Mirandak azaldu duenez, fobiak kontaezinak dira. «Pertsonak beste fobia daude. Irrazionala denez, beldurra izan ahal diozu koloreari, euriari, lo egiteari edo 666 zenbakiari». Hau da, edozeri. Asko izendatuta daude, baina, psikologoaren esanetan, «beti irtengo dira berriak». Ezagunenak eta bitxienak zein diren esan du: «Ohikoenak, normalean, hegan egiteari, armiarmei... izaten dira, baita agorafobia eta klaustrofobia ere. Ez da hain ohikoa, berriz, kolore horiari, kolore berdeari, denborari, 666 zenbakiari, ispiluei, euriari... fobia izatea».

Zerk eragin

«Ezin da fobiarekin jaio», hala azpimarratu du Mirandak. «Gainera, fobia bat ez da egun batetik bestera garatzen». Bi modutara ager daitezke: norberak bizi izandako esperientzia baten bidez edo inguruko batek bizi izandakoaren bidez. «Izan daiteke haur batek ikusten duela bere aita beldurtu egiten dela beti futboleko baloiekin, ba azkenean berak ere edukiko du fobia hori. Erdi-hereda daiteke».

Kausak, beraz, «infinituak» izan daitezke: «Normalean, baldintza sekundario baten ondorioz izaten da».

Sintomatologia

Fobiak sentipen fisikoak eta psikologikoak sortzen ditu: «Shock egoera eragiten dizu, paralizatzea, ezin zara mugitu... Beldurra duzunean, hiru aukera ditu motorrak: bata, shocka, paralizatuta geratzea; bestea, ihes egitea; eta azkena, aurre egitea. Fobiarekin, beti-beti shock egoera ateratzen da. Ezin duzu aurre edo ihes egin». Sintoma fisikoak, berriz, izan daitezke izerditzea, ezohiko arnasketa izatea, bihotz taupaden azelerazioa, dardarak, hotzikarak, bularreko mina, ahoko lehortasuna, zorabioak, buruko mina...

Nola tratatu

Fobia ez bada tratatzen, «areagotu» egin daiteke. Beraz, Mirandak uste du garrantzitsua dela laguntza eskatzea, «zenbat eta lehenago, hobe». Gehien erabiltzen den terapia mota esposizio terapia da. Terapia kognitibo-konduktuala da, eta «eraginkorrena». Zertan datzan azaldu du: «Esposizio terapia pertsona duen beldur horren aurrean jartzea izango litzateke, aurrez aurre ipintzea. Inportantea da gauza hauek profesional batek egitea, norberak egiten badu, kaltegarria izan daitekeelako, eta fobia hori areagotu dezakeelako».

Horrez gainera, funtsezkoa da fobia duen pertsonaren egoera aztertu eta tentuz jokatzea: «Mailaka egiten da. Ikusten da fobia duenaren erantzun fisiko, motor eta psikologikoak zeintzuk diren, eta, segun eta nola jasaten dituen, estimulu horrekiko tolerantzia handiagoa sortzen da». Beste terapia eta teknika batzuk ere badaudela azaldu du, tartean, EMDR —begi mugimenduekin egiten den terapia mota bat da—. Fobiak duen indarra neurtuta, posible da hasieran medikamentuak behar izatea ere. Serotoninaren birkaptazioaren inhibitzaile selektiboak erabiltzen dira. «Gero, pixkanaka, karga psikologikoa igo eta karga medikoa jaisten da».

Mirandaren arabera, ez da hain garrantzitsua fobia nondik datorren identifikatzea, inportanteagoa da garbi izatea fobiak zer erantzun edo erreakzio eragiten duen gorputzean.

Fobia batzuk

  • Aerofobia. Hegan egiteari beldurra izatea. 
  • Agorafobia. Toki irekiei beldurra.
  • Akrofobia. Altuerei beldurra.
  • Amaxofobia. Edozein ibilgailu mota gidatzeari beldurra.
  • Araknofobia. Armiarmei eta beste araknido batzuei beldurra.
  • Astrafobia. Tximista, trumoi edota ekaitzei beldurra.
  • Entomofobia. Intsektuei beldurra.
  • Hemofobia. Odolari eta zauriei beldurra.
  • Hexakosioihexekontahexafobia. 666 zenbakiari beldurra.
  • Klaustrofobia. Toki itxietan egoteari beldurra.
  • Kronofobia. Denborari beldurra.
  • Ombrofobia. Euriari beldurra.
  • Xantofobia: Kolore horiari beldurra.
  • Zinofobia. Txakurrei beldurra.
  • Zoofobia. Animaliei beldurra.

 

Aitor Larrañaga: «Momentuak izaten dira, baina gaizki pasatzen dut»

Txakurrei beldurra die Aitor Larrañagak, betidanik. «Ez da gertaera konkretu batengatik, ez dakit arrazoia, baina txakurren presentziak urduri jarri izan nau beti. Errespetua ematen didate, eta, gerturatutakoan, herioan jartzen naiz. Esango nuke, orain, adinean aurrera eginda, areagotu egin zaidala».

Txakur klase batzuek urduriago jartzen dutela azaldu du, eta nola eragiten dioten esplikatu: «Pentsatzen dut ez didala ezer egingo, baina gero eta gertuago dagoenean, eta txakurra segun nolakoa den, orduan eta urduriago jartzen naiz. Horrek momentu txarrak pasarazten dizkit. Momentuak izaten dira, segundotako kontua, baina gaizki pasatzen dut». Gainera, txakurrek urduritasun hori antzeman egiten dutela esan du, eta, orduan, harengana jotzen dutela. «Ez didate ezer egiten, baina niretzat estutasun momentua da. Sentitzen dena? Urduritasuna, baina bada beste zerbait ere».

Ondorioz, mendian-eta, ohiko ibilbideak egiten ditu, egoera kontrolpean izateko. Buelta diferentea egitea pentsatzen badu, ibilbide horretan zer baserri dauden aztertzen du, jakiteko ea txakurren bat aske egon daitekeen. «Baldin badakit batean edo bestean txakurra suelto dagoela, handik pasatzea saihestu egiten dut. Seguru jakin behar dut ez dela egongo baserri atarietan lotu gabeko txakurrik. Noiz edo noiz, buelta ere hartu izan dut».

Hala ere, egunerokorako ez duela baldintzatzen azpimarratu du. «Kontua da txakurren presentziaren aurrean sentitzen dudana. Ez da gehiagorako». Argi utzi nahi izan du ere ez duela ezer txakurren aurka. «Neurri batzuk hartzen ditut estutasun momentu horiek ez bizitzeko, baina txakurren kontra ez dut ezer. Nire kontua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.