mikel p ansa

Foamak ez du begirik

2024ko otsailaren 13a
16:06
Entzun

Harriak ez du begirik, esaten zitzaien umeei, eta eguneratu egin beharko da esaldia, agian: foamak ere ez du begirik.

Ustez gomazko pilotak baino kalteberagoak zirelakoan hasi ziren Ertzaintza eta Foruzaingoa jaurtigai horiek erabiltzen, joan den hamarkadan. Baina foamak ere zauritzen du, eta kalte larriak eragiten. Astelehen goizaldean Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz zauritutako Villabonako gazteari begian eta begi ondoan eragin dizkio kalteak. Gazteak berak adierazi duenez, foam jaurtigai batek eragin zion zauria. Ertzainak ibilitako lekuan topatu dute jaurtigai horietako pare bat gutxienez. Orain duela hiru urte, Donostian izan ziren liskar batzuetan, ertzainek —bideo batean zabaldu zen jendeari jotzeko tiro egiteko nola eskatzen zuen ertzain agintedunak— mutil gazte bati matelezurra hautsi zioten, foam jaurtigaiekin. Eta duela bost urte, Bilbon, Voxen aurka protestan ari zen neska gazte bati hautsi zioten matelezurra, material berarekin.

Foam pilota horiek erabiltzen hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eskatuta, Tecnalia enpresak zenbait jaurtigai mota aztertu zituen —tartean, Tolosan erabilitako SIR-X hori ere bai—. Probetan ikusi zuten ez direla kaltegabeak. SIR-X motako jaurtigai horiek hilgarriak suerta litezke hamar metro baino gutxiagoko distantziatik jaurtiz gero; eta 40 metrora baino gutxiagora botaz gero, kasuen erdietan burezurra hausteko ahala dute. Ez dira tresna inuzenteak, beraz.

Segurtasun Sailak bere kasa hasi du ikerketa, eta horrek zerbait esan nahi du. Mediku forentsea abian jarri da, eta auzia epaitegira bidean da antza. Zer gertatu den, eta zergatik, argitu egin behar da. Batez ere, Ertzaintzak protokoloa behar bezala bete ote duen. Baina protokoloa zorrotz bete balitz ere, galdera beste bat: zilegi al da halako zauriak eragiteko gai den materiala erabiltzea, denik eta protokolorik zorrotzenarekin bada ere?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.