Fiskaltzaren ustez, ez dago deliturik Verak GALi buruz esandakoetan

Gerra zikinak, «praktikoki begiratuz gero, bere betekizuna» izan zuela esan zuen telebista batean

Rafael Vera, 2007ko martxoan, Madrilen funts bereizien inguruko auzi batengatik epaitu zutenean. BALLESTEROS / EFE.
Hodei Iruretagoiena
2016ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Rafael Veraren aurkako salaketa. «Legeari dagokionez, gerra zikina hutsegitea izan zitekeen, baina, praktikoki begiratuz gero, bere betekizuna izan zuen... Baliagarria izan zen [ETAren] ekintzak geldiarazteko eta Frantziaren elkarlana bultzatzeko». Hala esan zuen Rafael Verak iaz, TVE telebista publikoak emandako erreportaje batean. Hori ikusita, GALen garaian Espainiako Segurtasuneko Estatu idazkari izandakoaren aurka jo zuen Pili Zabalak, GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arrebak. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, ordea, ez du delitu zantzurik ikusi hitz haietan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusi Juan Kalparsorok hasi zituen Veraren aurkako diligentziak, «terrorismoa goratu» eta «biktimak gutxietsi» ote zituen argitzeko. Ondoren pasatu zuten auzia Madrilera, baina artxibatuta geratu da. El Diario Norte-k argitaratu duenez, azaroko dekretu batean eman zuen iritzia Javier Zaragoza fiskalak. Honela argudiatu du artxibatzea: «Programa hartako kontakizuna garai hartan gertatutakoari zegokion; beraz, uler daiteke erabat historikoa zela haren edukia».

Hala, fiskalak balekotzat jo du Verak epaile aurrean emandako azalpena, erreportajearen bideoa ikusi eta Segurtasuneko Estatu idazkari ohiaren deklarazioa entzun ondoren. Verak deklaratu zuen telebistan esandakoa ez zela bere iritzia, GALen garaian gertatutakoaren «azalpen hutsa» zela. «Frantziako Barne ministroak berak adierazi zidan gerra zikinaren aurkako borroka indartzen bagenuen haiek laguntzeko prest egongo zirela ETAren aurka borrokan», esan zuen Verak.

Halako adierazpen ugari egin ditu azken urteetan. Ez baita edonor. 1998an, Auzitegi Gorenak hamar urteko zigorra jarri zion Segundo Marey bahitzea eta funts publikoak bidegabe erabiltzea egotzita. Irailaren 10ean sartu zuten kartzelan, Guadalajaran (Espainia), PSOEk antolatutako babes ekitaldiaren ondoren. Urte bereko Gabon gauerako etxean zen, Jose Maria Aznarren gobernuaren indultu partzial bati esker. Gero, ordu batzuk baino ez zituen preso egin.

Erabakiak «ezinegona» sortu dio Zabalari. Hala kontatu dio BERRIAri, albistea jakin ondoren. «Berriro ere legezko beste mespretxu bat jaso dugu, atzean dauden ilegaltasun ugariak estaltzeko». Zabalak gogora ekarri du GALen biktima gisa «gutxietsiak» sentitu zirela Verak esandakoengatik. Hala ere, aurrera jarraituko dutela ziurtatu du, eta salatu du «gauza asko» ez direla sekula ikertu: «Espero dut noizbait isilpeko akordio horiek denak desegitea; bai GALen ingurukoak, Guardia Zibilaren ingurukoak, Intxaurrondokoak...».

Sortuk, ohar bidez, salatu du «estatu terrorismoa antolatu eta bultzatu zutenak babesteko eta defendatzeko hartutako erabakia» izan dela artxibatzea: «GALen estatu inplikazioak ez dira behar bezala ikertu».

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak «nazkagarritzat» jo zituen atzo Veraren hitzak. Zabalakazaldu du gertaerak argitzeko ekintzak behar dituztela, hitzak baino gehiago. «Frogak behar dira, baina jarraituko dugu ahal dugun neurrian egitura horiek guztiak hankaz gora jartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.