Manifestazioa egin du gaur Sare mugimenduak Gasteizen, euskal presoen aurkako salbuespen politika salatzeko. Etxera bidea gertu lelopean egin dute martxa hainbat lagunek, Bilbo plazatik hasita. Bereziki Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jarrera gaitzetsi dute Blanca Martinez de San Vicente eta Joseba Azkarraga bozeramaileek.
Sareko kideen esanetan, Fiskaltza «blokeatzen» ari da espetxeetako zuzendaritzek eta tratamendu batzordeek onartutako baimen eta gradu aldaketak, proposamen horiek atzera botaz eta helegiteen bidez. «Eskuin mutur politikoaren tresna juridiko bihurtzen ari da». Hainbat preso Euskal Herriko espetxeetara ekarri dituzten arren, «salbuespenak oraindik ere arau» direla salatu du herritar sareak. Gogorarazi duenez, EPPK-ko presoen %28,3 urrun daude oraindik.
Urriaren 8ari begira
«Gaur, irribarre egiten has gaitezke», esan dute Martinez de San Vicentek eta Azkarragak:«Aurrera egiten ari gara, baina ez dadila inor engainatu. Bide luzea dugu egiteko euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratzea nahi badugu». Bide horretan, Donostian eta Bilbon ere egingo dituzte manifestazioak, Gasteizen bezala, hiriburu horietako festen harira.
Urriaren 8an, berriz, mobilizazio handi bat egin nahi dute Gipuzkoako hiriburuan. «Gure aldarrikapenak zabaltzeko eguna izatea nahi dugu, baina, aldi berean, lortutako guztiari balioa ematea, eta, hala, musikaz eta alaitasunez betetako egun on bat pasatzea ere bai».